Ez da kasualitatea, gure munduaren isla garbia baizik. Lehenengo, kirola, eta, ondoren, kasurik onenean, kultura. Hego Euskal Herrian futbola —hori baita benetan inporta duen kirol bakarra, eta gizonezkoena, jakina— hurrengo egunetan jarriko dute martxan. Hortik aurrera, egunero emanen digute gure dosia, izanen dugu zer hitz egina, eta gainerako kontuak ahaztuko ditugu.
Zinema? Beste patxada batean. Kasurik onenean, hilaren bukaeran hasiko dira aretoak zabaltzen: 22 inguruan Iparraldean (gutxienez, hor baloia geldiarazteko adorea izan dute), eta 26an-edo Hegoaldean. Lehentasunak direnak dira; mundua ez da aldatu horretan.
'Ander'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako eFilm plataforman.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Euskal zinema garaikideak emandako alerik berezienetakoa da Roberto Castonek 2009. urtean zuzendu zuen landa giroko drama hau. Besteak beste, filmak erakutsi zuen euskaraz egindako zinemak ez zuela zertan mugatu gai eta topiko jakin batzuetara. Ausardiak izan zuen saria: Berlingo zinemaldian estreinatu zuten Ander, baita saritu ere.
Izenburuak argi uzten duen moduan, Ander da protagonista; 40 urteren bueltan dago, eta nahiko errutinazko bizimodua du: lantegiaren eta baserriaren artean ematen du eguna. Istripu baten ondorioz, Jose hasiko da baserrian lanean, eta gertaera horrek barne gatazka bat eraginen dio.
'The Meyerowitz Stories'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz ikusgai.
Plataforma erraldoiaren katalogo zabalaren barruan ezkutatzen dira azken urteotan Netflixek berak ekoitzi dituen zenbait film. Horietako gehienen kalitatea ez da maila handikoa, asko eta asko helburu komertzialekin eta marketinarekin lotuta eginak baitira. Dena den, arakatuz gero, agertuko dira zenbait harribitxi.
Hau horietako bat da. Noah Baumbachek egin zuen, 2017an, eta bere garaian nahiko oharkabean pasatu zen. Behin eta berriz zuzendaria Woody Allenekin konparatu izan dute, eta filma ikusita erraz aski antzematen ahal da zergatia, haren arrastoa nonahi agertzen baita familiaren inguruko komedia mingots honetan.
'The Air I Breathe'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataformentan.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
2007ko film estatubatuar honek bildu zuen aktore taldea ez da nolanahikoa: Andy Garcia, Julie Delpy, Kevin Bacon, Forest Whitaker, Emile Hirsch, Sarah Michelle Gellar... Horiek eta beste asko izan ziren zuzendari ezezagun baten agindupean: Jieho Lee.
Lau atalez osatua dago filma; bakoitza sentimendu baten gainean ardaztuta dago: zoriontasuna, plazera, maitasuna eta samina. Estreinatu zenean, dramaren eta thrillerraren artean mugitzen den film honek ez zuen apenas oihartzunik izan; oraingoa aukera ona izaten ahal da hura berreskuratzeko.
'592 metroz goiti'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Kimuak proiektuari esker loratu zen kimuetako bat izan zen Maddi Barberren film labur hau. 2018an estreinatu zen, eta, besteak beste, urte hartako Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zen. Gai berari tiraka, hurrengo urtean, zuzendariak Urpean, lurra dokumentala egin zuen.
Izenburuan ageri den zenbakiak Itoizko urtegiaren kotari egiten dio aipamen. Iragan mendeko 90eko hamarkadan eraiki zuten azpiegitura hori, eta zazpi herri eta hiru natura eremu gelditu ziren urpean. Hala ere, oraindik ere inguruak bizirik segitzen du.
'Ametsen lapurra'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Hogei urte pasatu dira film hau estreinatu zenetik, eta denbora tarte hori asko da animazioaren arloan. Angel Alonsok zuzendu zuen kutsu fantastikoa duen istorio hau, familia giroan ikusteko aproposa izaten ahal dena.
Nina izeneko zazpi urteko neskatoa da protagonista. Lagunekin batera, Groomo maltzurraren asmoei aurre eginen die. Izan ere, zientzialari ero horrek mundua mendean hartu nahi du, eta, hori lortzeko, jendearen ametsak amesgaizto bihurtzen ditu.
ZInema. Gomendioak
Zinema aretoetan edo futbol zelaian, atezain guztiak ez dira berdinak
Oraingoz, dena ondo bidean, hilaren azken-aurreko astean itzuliko dira filmak pantaila handira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu