Osteguna; euri itxia; zeru beruna; Bilboko Deustu auzoko Bordatxo taberna. «Tira, norbera barrurantza sartzeko, irakurketanmurgiltzeko edo solasaldian aritzeko aproposa izan daiteke giro hau», baikortasunez Iñigo Martinezek (Gasteiz, 1976). «Lehen zirrara filosofikoa» haurtzaroan jaso zuen; «Gogoratzen dut eskolan ohartu nintzela jolas orduetan denbora oso azkar igarotzen zela, eta beste une batzuk, aldiz, askoz ere mantsoago. Horrek eraman ninduen denborari buruz galdetzera. Orain seme-alabek ekartzen dizkidate zirrara filosofikoak. Lehengoan semeak galdegin zidan ea zenbakitik zenbakirako tartea beti den berdina; beretzat 2tik 3rakoa motzagoa dela 7tik 8rakoa baino, kontatuz doan heinean nekatuz doalako. Pentsakor utzi ninduen...». Denbora eta pentsamendua. Horra bi ardatz Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen liburura hurreratzeko. Uda ostean plazaratu zuen, Elkar argitaletxearekin, eta bigarren edizioa kaleratu berri dute: «Inondik ere ez genuen halakorik espero». Filosofian lizentziaduna da Martinez, Batxilergoko irakaslea Loiuko Lauro ikastolan (Bizkaia), eta filosofia eta pentsamendu kritikoa gizarteratzeko lanetan dabilen Agora elkarteko kidea ere bai. Mandamenturik gabe solastatu da.
Zure ikasle garaian zer giro zegoen pentsamendu kritikoaz, humanitate zientziaz, filosofiaz?
Ez naiz hain zaharra, eta uste dut aspaldian egon direla krisian humanitate zientziak eta filosofia, orain krisia areagotu egin bada ere. Ordea, krisiak bat egiten du kriterio hitzarekin etimologikoki. Hor dago paradoxa: krisian dira humanitate zientziak, baina, era berean, haiek dira krisian bide egiteko lagungarri. Filosofia bereziki lagungarria izan litekeela uste dut: filosofia mugalaria da, jakintzen arteko loturak bilatzen ditu, eta eman diezaguke ikuspegi zabalago bat.
Desprestigioa pairatzen du filosofiak hezkuntzan eta erakundeen aldetik?
Bitxia da: batetik, prestigioa ematen diote diskurtsoan, baina gero errealitatean ez dute hori aplikatzen. Horren adibide da LOMLOE hezkuntza lege berria, zeinak izugarri murriztu dituen Filosofiaren eta Etikaren orduak. Egia da Eusko Jaurlaritzak oraindik ere eskumena daukala eta aukera duela Filosofiaren eta Etikaren alde egiteko. Espero dezagun hortik joko duela. UNESCOk 1995eko Parisko adierazpenean azpimarratzen du Filosofiaren balio politikoa duela eta elkarbizitzaren aldekoa dela. Hala ere, gobernu gehienek murrizketak egiten dizkiote. Adibidez, Bolsonarok esaten zuen ez duela berehalako etekinik ematen. Agian berehalakotasun horretan dago arazoa.
Berehalakotasunean, eta etekinaren jainkotzean? Produktibo ez denarekin, zenbakietara makurtu ezin denarekin gertatzen ari da debaluazio hori?
Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara. Denak neurgarri behar du izan. Zifrak ondo daude esparru batzuetarako, baina ez bizitzaren esparru guztietarako. Totalitarismo hori da arazoa. Neurgarriak dira zoriontasuna edo maitasuna? Jacques Lacanek zera esaten zuen: «Maite duenak ez du zenbatzen». Digitalizazioaren menpe bizi gara: digituei egiten zaie hor erreferentzia, zenbakiei. Gizarte digitalak dena informazio bilakatu nahi du, eta hor dago big data famatua: horrentzat, objektuak ere zifrak dira: smartkoltxoiak, smartkomunak, smartbainujantziak... Gure eguneroko bizitza datuetara itzuli nahi dute, mugimendu oro, gero horiek ustiatu ahal izateko. Badira bazterturik dauden beste balio batzuk: balio anitzen ideia zabaldu behar dugu. Badaude balio etikoak: ongia, justizia; balio epistemikoak: egia, objektibotasuna; balio estetikoak: edertasuna; balio emozionalak: alabak ez ditu zapata zaharrak bota nahi, kariño berezia dielako; balio existentzialak: solasaldi bat, paseo bat. Horien balioa handia da, baina ezin ditugu zenbakietara murriztu.
Pandemia / sindemiaren aro hau pentsatu liteke datu eta zifretan soilik?
Nik uste dut datuen azpian dauden doluak direla existentzialki garrantzitsuenak. Galdutako senideak, galdutako lanak, egin gabe geratu ziren planak, galdutako lagunak eztabaidak direla eta... Nork bere doluak izan ditu; dolu horiek ezin dira zifratan neurtu, eta dolu horien lanketa egiteko denbora hartu beharko da.
Denbora hartzea ez dago erraz, ordea.
Ez dago oso bermatuta garai hauetan, ez. Adibidez, Sopa de Wuhan liburuan egin ziren pandemia osteko mundua irudikatzeko hainbat saiakera filosofiko. 17 iritzi artikulu izan ziren. 2020ko otsailean jaso genuen ustekabean etxean geratzeko agindua; apirilerako bazeuden pentsalarien, filosofiako rockstar horien, iritzi artikuluak idatzita eta argitaratuta. Interesgarria da irakurtzeko, baina aldi berean uste dut urgentziaz egindako kontu bat izan zela, eta gauzak ulertzeko denbora dela faktore oso inportantea. Slavoj Zizekek planteatzen zuen komunabirusa etorriko dela, eta gugan txertatuko dela sozialismoa eta abar. Beste muturrean, Byung Chul Hanek zioen birusak are indibidualistakoak egingo gaituela, hiperbigilantzia digitala areagotuko dela. Pentsatu nuen gure etorkizunak irudikatzen ditugunean zenbateraino nahasten zaizkigun gure ideologiak, gure beldurrak, gure desirak. Hor korapilo handi bat dago.
Egiten ari dira filosofiaren esparrutik egin behar diren galderak pandemia-sindemia ulertzeko?
Zaila da jakitea zeintzuk diren egin beharreko galderak,baina ondo dago pentsatzea zein den gidatzen nauen galdera. Igual une batean nire bikotekidearekin haserrealdi edo krisi batean nago, eta nire galdera izan liteke maitasuna zer ote den. Eta seme-alabekin une txarren bat pasatu dut etagaldera hau izan liteke: zer da aita ona izatea? Galderak ez dira soilik teorikoak; tripetatik ere ateratzen dira. Baina, hala ere, politikoki esango nuke galdera inportantea dela nola berreskuratu elkarrekiko konfiantza; nola eraiki komunitate bat. Gardentasunaren gizartean bizi gara: denak ikusgarria izan behar du, erakutsi egin behar da, ezin da sekreturik egon. Eta konfiantza guztiz kontrakoa da; ez zaitut guztiz ezagutzen eta zugan konfiantza dut. Hori ezinbestekoa da oso gizarte paranoiko bat eraiki ez dezagun; bestela, etengabe pentsatzen ari gara besteak gure gaitza nahi duela. Horrek ez du laguntzen gure arteko elkarbizitza eraikitzen. Inportantea da elkarrekin galdetzeko tarteak topatzea.
Zure liburutik: «Galileoren eta K. Marxen hariak lotuz, korapiloa eginez gero, zientziaren eta kapitalismoaren arteko ezkontza suertatzen da: egungo jendartea ulertzeko ezinbestekoa. Ikerketa zientifikoa eta kuriositatea industriaren zerbitzura, eta den-dena irabazien kalkuluen menpe jarrita». Testuingurua zedarritzeko balio duen aipua?
Zientzia geroz eta gehiago dago teknologia digitalaren menpe, eta hori guztia etekin ekonomiko jakinetara bideratuta dago. Ematen du gure etorkizun posible bakarra eraldaketa digitala dela, hortik kanpo ez dagoela beste tokirik. Nik uste dut hor dagoen galdera inportantea dela: nor da teknologia horien atzean dagoen subjektua. Zientzia eta teknologia, etikarik gabe, itsu-itsuak izan daitezke. Teknologiaz maila abstraktuan hitz egiten da, baina agian konkretuki esan behar dugu nor ari den hori bultzatzen, eta igual, teknologiari buruz hitz egin beharrean, hitz egin behar genuke teknologiez. Eta agian atera beharko genuke dikotomia horretatik: teknologiaren alde zaude, edo, bestela, goazen kobazuloetara. Eztabaida gezurrezkoa da hori, antzua. Teknologia politikoki birpentsatu behar dugu.
Eta gizartetik egiten dira galderak?
Gure galdera baldin bada nola produzitu gehiago tarte laburragoan, txarto goaz. Hori da azelerazioaren gizartearen ondorio bat. Hori planteatzen du Hartmund Rosa filosofoak. Berak dio gutako bakoitza geroz eta arinago doala, bestela konpetentziak jango gaituen beldurrez. Ez dakigu oso ondo gure norabidea zein den, bainageroz eta azkarrago joan behar dugu, gelditzen bagara jausi egingo baikara. Hori da gure aztoramendu honen zentzugabekeria, berak salatzen duena. Galderentzako tarte bat hartu behar dugu; filosofiak eramaten gaitu gure ezjakintasuna onartzera, eta horrek ekartzen du apaltasuna. Ez dugu jakintsu plantarik egin behar. Ez dakigu. Eta gure zaurgarritasun hori elkarrekin partekatzea inportantea izan daiteke. Horretarako espazioak sortu behar dira. Pentsatu nahi nuke badagoela interes berri bat filosofiarekiko, detailetxo batzuk egon badaude. Adibidez, Agora filosofia elkartean antolatzen ditugu kafe eta pote filosofikoak Bilbon eta Tolosa aldean, eta azken urteetan gero eta jende gehiago hurbiltzen zaigu, askotan filosofiatik kanpoko jendea, eta indarberrituta ateratzen direla esan izan digute.
Galderak kontzeptu gisa indarra galdu du?
Uste dut digitalizazioak erantzun zehatzak eman nahi dizkigula, eta gure eguneroko bizitzan gidatzeko tresnak: smartkoltxoiak esango dit zelan egin dudan lo eta zer egin behar dudan loaren kalitatea hobetzeko; smartbaskulak esango dit zenbat pisatzen dudan egun horretan eta zelako dieta egin beharko dudan; smartkomunak esango dit txiza egin ondoren nire osasuna zein den eta zein kontsulta egin behar diodan medikuari... Hor ez dago galderarik; gailuak erantzungo digu. GPSak esango digu nondik joan. Azkenean ez dakit gu ez ote garen bihurtu horren merkantzia bat, galderarik gabe. Nahiago dut etorkizunarekiko ezjakintasun sano bat, eta elkarrekin erabakiak hartzeko esparru bat, gida algoritmiko horiek baino.
Zuk zeure baitan sentitu duzu mandamentu hipermodernorik? Zein fuerteen?
Egun esango nuke hirugarren kapituluko Ez ezazu denborarik galdu bereziki pairatzen dudala: umeen eskolaz kanpoko ekintzak direla eta, nire formakuntza saioak direla eta, gure egutegia oso betea dago, hutsune gutxirekin. Nahiko intentso sentitu dut Ez ezazu maitasun konpromisorik hartu ere. Garai batean uste genuen lagun artean mandamentu iraultzaile bat zela hori. Zygmunt Bauman irakurri ondoren maitasun likidoari buruz, pentsatuz erlazioen kontsumoan eta agian neoliberalismoak zelan eramaten gaituen erabili eta botatzeko kleenex moduko erlazio horietara, mandamentu hori zalantzan jartzera eraman ninduen. Gizarte indibidualistegi honetan besteak bihurtu ditugu etekin; ni puztuaren mundu honetan, maitasunaren alde egitea kapitalismoaren kontra egitea da. Kapitalismoarena kontsumo adiktiboaren gizartea da: denak dira ordezkagarri, eta maitasunak ordezkaezin bihurtzen gaitu. Maite dugun pertsona hori ez da ordezkagarria.
Hiper atzizkiak ezaugarritzen du gaur egungo garaia. Hiperpedagogia ere bizi dugu gai guztien gainean?
Hiper atzizkitik eta logikatik atera behar genuke: hiper logika da errendimenduaren eta kontsumoaren menpe bizitzea. Berez, ikastea, sexua praktikatzea, dibertitzea ez dira puntu kritikagarriak; kontua da arriskutsuak direla hiper koordenatuaren menpe sartzen direnean. Eta pedagogiarekin ere igualtsu pasatzen da. Batetik, badago joera bat arazo politikoak pedagogizatzeko. Orduan hitz egingo dugu, adibidez, ekologiaz, baina hitz egingo dugu ia soilik klasean. Baina pedagogiaz gain badago kontu politiko bat; esaterako, legeak egin edo aldatzea. Dena pedagogizatzea ez dut uste bide egokia denik, nahiz eta pedagogiak bere garrantzia daukan.
Politikoki hustu dezakeelako gai bat?
Bai, ardura politikoa alboratzen da, eskolak hartzen duelako pedagogiaren zama ia guztia. Eta horrekin nahiko daukagula uste dugu. Gainera, esango nuke dena ezin dela irakatsi presio pedagogikopean. Utzi behar dugu norberaren askatasunerako tarte bat ere, erratuz ikastekoa, eta horrek ere pedagogoen gaineko zama kenduko luke pixkatxo bat, eta norberaren askatasunarentzako tarte bat utziko luke.
Irratian aritu zara filosofia gaiak lantzen. Euskal Herriko hedabideetan nahikoa lan egiten da pentsamendu kritikoa lantzeko, sustatzeko?
Zaila da hori erantzutea. Pentsamendu kritikoa ez da dogma bat. Hor paradoxa bat dago. Esaten dugu: kritikoak behar dugu izan, eta kuriosoki hori bihurtzen da gure dogma. Aldarrikatu nahiko nuke pentsamendu kritikoa, baina utz diezaiogun bere bidea egiten ere: espazioak topa ditzagun elkarrekin galderak egiteko.
Zer galdera gelditzen zaizu egiteko?
Ondo dago konturatzea zer galderak gidatzen nauen bizitzan. Orain, niretzat inportantea da galdera hau: zer da guraso ona izatea? Etorkizuneko galderak zeintzuk izango diren ez dakit; unean unekoak agertuko dira seguru, eta denbora eman behar zaie galderei ere.
Iñigo Martinez. Filosofia irakaslea
«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»
Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu