Gure informazioa gordetzeko erabiltzen dugun gailuren bat galtzen dugunean (smartphone, ordenagailu eramangarri, tableta, USB flash memoria edo disko gogorren bat), izaten dugun lehen nahigabea gailua bera galdu izana da. Baina izan daiteke gailuak gordetzen duen informazioa gailua bera baino askoz ere baliotsuagoa izatea. Gure gailuekin arduratsuak izanda ere, ezin dezakegu alde batera utzi gure informazioa nahi ez dugun baten atzaparretan erortzeko arriskua. Beraz, gure gailua galtzen badugu edo ebasten badigute, gure informazioa aurrez babestea da hartu beharreko neurri bat. Horretarako, datuak zifratu ditzakegu. Zifratzea erraz ezar daitekeen teknika bat da, eta, gainera, kasu gehienetan doan egin daitekeena.
Datuak zifratzeko, irakurgai den formatu batean dagoen datu bati algoritmo bat ezartzen zaio, eta, horren ondorioz, zifratze gakoa ez duen edonorentzat ulergaitza den datu bat sortzen da (datu zifratua). Zifratzeko prozedura fitxategi, dokumentu, karpeta, disko gogor edo flash moduko USB gailu batean ezar daiteke, eta, esan bezala, zifratze gakoa duenak bakarrik desegin ahal izango du datuari zifratze bidez jarritako giltzarrapoa.
Gailu eramangarrietan zifratzea erabiltzeak izan ditzakeen onurak erakusteko, bi adibide jarriko ditugu.
•Lehenengoa: Lan jarduera dela eta, hegazkin bidaia egin beharrean gara, eta enpresaren ordenagailu eramangarria daramagu gurekin. Ordenagailu eramangarri horretan, bezero batekin izan ditugun harremanen berri ematen duten posta elektronikoko hainbat mezu eta fitxategi daude, guztiak ere oso sekretu eta isilpean gordetzekoak. Aireportuan itxaroten gaudela, momentu batez, eramangarria lurrean utzi eta ahaztu egin dugu. Gure eramangarria inork ostu eta martxan jartzen badu, eta gure eramangarri horren disko gogorra erabat zifratua badago, lapur horrek ez du bertan dagoen informazioa lortzeko modurik izango. Eramangarriaren disko gogorra bertatik atera eta beste ordenagailu batean konektatzen badu ere, ez da bertako informazioa lortzeko gai izango. Ordenagailu eramangarria aipatu badugu ere, berdin-berdin erabil genezake telefono adimendun bat edo tabletaren moduko gailuren bat ere.
•Bigarrena: Gurekin eramaten ditugun zenbait gailu (flash memoriak, kanpoko disko gogorrak, telefono adimendunak) galdu eta bertan gordea dugun informazioa edonoren esku geldi daiteke. Gerta daiteke zenbait argazki txatxu besterik ez gordetzea gailu horietan. Edo benetan guretzat pribatu eta babestu beharreko informazioa eraman dezakegu bertan, inondik inora publiko egin ezin dena. Egoera horiek saihesteko, datuen enkriptazioa irtenbide ona izan daiteke.
Datuak enkriptatzeko orduan, gailuaren arabera hainbat aukera ditugu.
Mahai gaineko ordenagailuetan eta ordenagailu eramangarrietan, sistema eragileak gehienetan enkriptazio tresna propioak eskaintzen ditu. Microsoft Windows Vista eta Windows 7 sistema eragileetako bertsio jakin batzuetan, adibidez, BitLocker eskaintzen da. Tresna horiek ez dira libreak gehienetan, eta, horren ondorioz, ez dugu lana nola egiten duten jakiteko modurik. Zifratze software batek lana nola egiten duen jakiterik ez badugu, susma dezakegu zifratze software horrek datuak deszifratzeko modu bat ere eskain diezaiokeela defentsa edo segurtasun erakunderen bati. Iturburu kodea irekia duen software batek agerian uzten ditu bere zifratze metodoak. Beraz, azterketa bat egiteko gai den edonork beha dezake software horren lan egiteko modua, eta, printzipioz, haren algoritmo eta prozedurak publikoak direnez, haren zintzotasunaren gainean berme handiagoa izan dezakegu.
TrueCrypt da software libreak eskaintzen duen zifratze tresna ezagunenetako bat: http://www.truecrypt.org. Windows, Mac OS eta Linux sistema eragileetan erabil daiteke, eta doan eskaintzen da. TrueCrypt erabiliz, gure ordenagailuaren disko gogor osoa, zatiketa bat edo USB giltza bat zifratu dezakegu hainbat zifratze metodo erabiliz.
Beste gailu eramangarri batzuetan ere posible da datuen enkriptazioa burutzea. Apple enpresaren iPhone eta iPad tabletetan, haren tresna bat eskaintzen da datuak zifratzeko. Gailuaren ezarpenetan gaitzen da, eta datuen ezabaketa ere ezar daiteke hainbat aldiz pasahitz edo gako okerra sartzen bada. Android darabilten smartphone-etan ere bada enkriptatzeko aukerarik. Droid Crypt da ordainpeko aukeretako bat, eta WhisperCore betan —oraindik erabat amaitua ez dagoena— dagoen beste bat. Android darabilten tabletetan, 3.0 (Honeycomb) bertsiotik aurrera enkriptazio aukera propioa eskaintzen da. RIM enpresaren Blackberryek ere, Appleren gailuen moduan, beren enkriptazio tresna eskaintzen dute.
Ikusi dugunez, hainbat aukera dugu gure datuak enkriptatzeko orduan. Gure enkriptatzeko gakoak sortzerakoan, erasotzaile bati gauzak zailtzeko, inongo hiztegietan ez dagoen hitz luze eta korapilatsuren bat hautatzea komeni da: zenbaki eta letrak, maiuskula eta minuskulak nahasten dituena.
Zibergela
Zifratzea, gure datu pribatuak babesteko
Gure datuen pribatutasuna babestu nahi badugu, erabiltzen ditugun ordenagailu, flash memoria edo 'smartphone'-etan dauden datuak zifratzeko aukera dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu