10-16 urte arteko ikasleentzako txapelketa da, haiengan zientzia eta teknologiari buruzko interesa pizteaz gainera, izaera sortzailea eta berritzailea sustatu nahi duena. Kirol txapelketen formatua du, eta asmoa da STEAM hezkuntza —zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak— bultzatzea. Gaikako arazoak hartu, eta horiek ebazteko bideak aurkitu beharko dituzte gazteek. Denera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 81 talde lehiatuko dira gaur.
Aurten, Hydro Dynamics izeneko erronkaren inguruan ardaztu dute txapelketa; mundu guztiko lehiaketetan berdin. Horrela, lantaldeetako kideek uraren giza zikloaz jabetzea eta da xedea; non eta nola atzeman ura, hura garraiatzeko modurik egokienak eta eraginkorrenak zeintzuk diren asmatu, ura modurik zuzenenean nola erabili frogatu... Talde bakoitza proiektu batekin lehiatuko da, eta, antolatzaileen arabera, talde lana eta aurkikuntza sena baloratuko dira.
Nafarroako finalistak, prest
Opengune bat ere izango da txapelketan, publiko zabalarentzako erakustoki eta lantegi gunea.
First Lego Leage Euskadik parte-hartze markak hautsi ditu, antolatzaileen arabera, eta «espainiar estatuko txapelketa handiena» bihurtu da.
Nafarroako First Lego League txapelketaren finala iragan asteburuan jokatu zuten Iruñeko Planetariumean. Gasteizera baino lehenago iritsi zen First Lego League hara, eta, hala, hamargarren urteurrena ospatu du aurten.
210 parte hartzailetik gora eta hemezortzi talde bildu ziren denera. Horien artetik, Fsingenium Team taldeak irabazi zuen.
Talde guztiek, goiz guztian zehar, kartelak, erakustaldiak, kantuak, aurkezpenak... erabili zituzten uraren giza zikloaren inguruan jarduteko. Egon zen harago joan zenik, eta robot eta programazio berritzaileak propio sortu zituenik egitasmorako.
Gaur Gasteizen egingo duten era berean, talde bakoitzak txapelketarako prestatutakoa erakusgai izan zuten standetan.
Fsingenium Team taldeak irabazi zuen hurrengo faserako txartela; Logroñon jokatuko dute Espainiako finala. Martxoaren 9an eta 10ean jokatu dute, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik zein ordezkari joango den gaur erabakiko dute.