ATZEKOZ AURRERA. Garbiñe Alkiza. Trengintza Hiztegiaren zuzendari teknikoa

«Zientziaren arlo guztiak ere euskaraz egon daitezke»

Elhuyar fundazioak 5.000 termino inguruko Trengintza Hiztegia sareratu du, euskararen normalizazio prozesuaren mesederako.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Usurbil
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Eguneroko bizitzan erabiltzen diren hitzak eskura daude beti, baina zer gertatzen da arlo orokorretik at geratzen diren hitzekin? Euskararen arlo teknikoa asetzeko, Elhuyar fundazioak Trengintza Hiztegia sortu du, CAF, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Euskotren, Euskal Trenbide Sarea eta Bilboko Metroa enpresekin elkarlanean. Hiztegiko terminoak lau hizkuntzatan bildu dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Garbiñe Alkiza (Donostia, 1979) zuzendari teknikoa egitasmo hori koordinatzeaz arduratu da.

Nondik sortu da trengintzaren inguruan hiztegi bat propio sortzeko beharra?

Elhuyar Zientzia eta Teknologia Hiztegia sortzean, konturatu ginen behar asko ase genitzakeela hiztegi espezializatuak eginez. Elhuyar fundazioak betidanik uztartu ditu zientzia eta euskara, eta, kasu honetan, trengintza teknologiaren parte den esparrua da. Trengintzaren esparruko enpresen beharrak bultzatuta sortu dugu hiztegia; nazioarteko enpresekin era bateratuan komunikatzeko beharra asetzeko.

Hiztegi tekniko bat sortzea ez da lan makala.

Ez da erraza. Proiektua garatzearekin hasten da. Pausorik zailena enpresak beharraz konturatzea da. Guk argi daukagu enpresek terminologia bateratua behar dutela komunikazioa bideratzeko, hots, hornitzaileekin eta bezeroekin komunikatu ahal izateko. Arazo gehienak komunikazio harreman horretan edukitzen dituzte, eta, ondorioz, terminologiaren arloan dauden gabeziez konturatu dira. Hori ikusaraztea zaila izaten da askotan.

Enpresen arteko bitartekariak zarete, beraz.

Bai, nolabait. Gisa honetako proiektuekin, sektore bereko enpresen arteko lotura sortzea lortu dugu. Trengintza Hiztegiaren kasuan, bost enpresa publiko eta pribatu batu ditugu beharra aztertzeko eta terminologiaren inguruan aritzeko.

Zein zailtasun agertzen dira trengintza hiztegi bat sortzean?

Prozesua nahiko motela da, eta proiektuan sartuta dauden lagun guztiak koordinatu behar dira. Hiztegi bat dokumentazio prozesu zabala eskatzen duen proiektu bat da, eta esku askotatik igarotzen da: adituak, hizkuntzalariak, teknikariak eta abar. Arloaren inguruko lehen hiztegia denez, trengintzaren euskarazko ordain asko asmatu behar izan ditugu hutsetik.

Noraino iristen da euskarazko hiztegi baten eremua?

Hiztegi horren kasuan, lau hizkuntzatan egin dugu, trengintzaren esparruaren beharra asetzeko nahikoa zelako. Elkarlanean ibili garen enpresek beren informazioa hizkuntza horietan eskaintzen dute, baina baliteke etorkizunean eskaintza zabaltzea.

Euskararen normalizazioan zein paper du Elhuyar fundazioak?

Nahiz eta alderdi ezagunena izan, Elhuyarren ez dira soilik hiztegi orokorrak egiten. Hizkuntza teknologietan baliabideak eskaintzen dizkio gizarteari, eta hainbat hiztegi espezializatu gizarteratu ditugu: Energia Hiztegia, Automobilgintza Hiztegia, Gizarte Zerbitzuen Hiztegia...

Hiztegi asko ez dira beti gizarteratzen, ordea.

Enpresa pribatu askok berentzat gordetzen dituzte fundaziotik sortutako hiztegiak. Helburua hiztegiak gizartera ere iristea da, lana zabaltzeko eta terminoak normalizatu ahal izateko, baina beti ez da posible.

Teknologiak eragina izan al du hiztegiak garatzeko orduan?

Bai; hiztegien formatuan, batez ere. Egun kaleratzen ditugun hiztegi teknikoak Internet bidez dira. Honela, hiztegiak ez dira zaharkitzen, etengabe berrelikatzen eta hedatzen direlako. Hiztegiak ez dira inoiz ere amaitzen.

Zer-nolako ondorioak sortzen dituzte sortu dituzuen hiztegiek?

Euskara beste hizkuntzen maila berean dagoela adierazten du. Zientziaren arlo guztiak euskaraz ere egon daitezke. Hiztegiaren inpaktua ezin da oraindik neurtu, baina enpresek hiztegiak erabiltzeak euskararen normalizazioan lagunduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.