Zientzialariak ez dira erabat arrotzak izan zinemaren historian, baina nekez erdietsi dute protagonismoa, eta gutxitan izan dira haiek eta haien lanak narratibaren ardatz. Zientzia fikzioa da salbuespena, diziplinaz oparoen jardun duen generoa baita. Eta zientzialariez. Baita emakumezko zientzialariez ere. Eva Flicker Vienako Unibertsitateko Soziologia Saileko ikerlariaren arabera, andre zientzialarien fikziozko pertsonaien erdiak, gutxi-asko, zientzia fikziozko lanetan agertu dira. Genero horretatik harago, figura historikoen bizitzak ere piztu izan du ekoizleen interesa.
Ana Sedeño-Valdellos Malagako Unibertsitateko (Espainia) irakasle eta ikerlariak andre zientzialariek zineman izan duten islari erreparatu dio —berriki, horri buruzko hitzaldi bat eman du Bilboko Bidebarrieta liburutegian—. Desberdintasunak daude gizonezko eta emakumezko pertsonaien artean. Zinema klasikoan, 1940ko eta 1950eko urteetan —zientzia fikzioaren loraldiaren garaian, hain justu—, gizonezko zientzialariek heroiaren rola jokatzen zuten, baina emakumezkoen pertsonaiek garrantzi txikiagoa izaten zuten oro har, irakaslearen irudiko. «Pertsonaia lauagoak ziren, ez heroiak bezain borobilak. Denbora gutxiago zuten pantailan eta gidoian». Estereotipatuagoak izaten ziren, halaber: gizon zientzialariei lotuta egon ohi ziren, haiei laguntzen, bigarren maila batean.
«Irudikapenetan, emakume zientzialariak andre arraroak izan dira, araua betetzen ez duten andreak. Estereotipo hori igar daiteke hala zinema klasikoan, nola gaur egungoan»
ANA SEDEÑO-VALDELLOSMalagako Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria
Harrezkero, sendotu egin da andre zientzialariaren figura, eta protagonista nagusi ere izan da hainbat pelikulatan. Azken urteetan lan bat baino gehiago egin dira Marie Curieren inguruan, kasurako: Marie Curie (Marie Noelle, 2016) eta Radioactive (Marjane Satrapi, 2019), adibidez. Eta beste jakintsu batzuk ere berreskuratu dituzte fikzioaren bitartez, hala nola Hipatia Alexandriakoa (Ágora, Alejandro Amenabar, 2009).
Garapena garapen, ordea, oraindik ere estereotipoak gailentzen dira pertsonaia horietan; zorroztu dira, itxuraldatu akaso, baina ez dira desagertu, irakasleak ohartarazi duenez. «Oro har, irudikapenetan, emakume zientzialariak andre arraroak izan dira, araua betetzen ez duten andreak. Estereotipo hori igar daiteke hala zinema klasikoan, nola gaur egungoan». Flickerrek pertsonaia femeninoen sailkapen zehatza egina du, Sedeño-Valdellosek aitatu duenez: neskazaharra, andre maskulinoa, aditu inozentea, konspiratzaile maltzurra, gizon zientzialariaren alaba edo laguntzailea eta heroi bakartia.
Matxismoa buruhauste
Nortasunak ez ezik, generoak istorioak ere baldintzatzen ditu. Izan ere, ekoizpenetan maiz arreta handiagoa ipintzen zaio emakume izateagatik pairatzen duten diskriminazioari, egiten ari diren lanari edo ikerketetari baino. Hala ondorioztatu zuen Sedeño-Valdellosek La mujer científica en el cine: representación y formas del imaginario cinematográfico artikuluan (Emakume zientzialaria zineman: iruditeria zinematografikoaren errepresentazioa eta formak; Opción aldizkaria, 2022). Flickerren sailkapena irizpide hartuta, azken urteetan ondutako lau film aztertu zituen: Gorillas in the Mist (Michael Apted, 1988), Ágora, Hidden Figures (Theodore Melfi, 2016) eta Radioactive.
Ikusi gehiago
Ekarpen zientifikoak ageri dira —Hipatiaren hausnarketak elipsearen inguruan, Ágora-n; Dian Fossey primatologoak Ruandako gorilekin izan zuen harremana, haren biopic-a den Gorillas in the Mist pelikulan—, baina «arazoek beren sexuarekin dute lotura batez ere», irakaslearen iritziz. Hidden Figures-en, gainera, matxismoak ez ezik, arrazakeriak ere baldintzatzen du zientzialari protagonisten ekimena. Katherine G. Johnson, Dorothy Vaughan eta Mary Jackson NASAko matematikariez mintzo da Melfiren filma. John Gleen astronautaren hegaldi orbitalean ezinbestekoak izan ziren hiru emakume horiek, 1960ko hamarkadaren hasieran. «Instituzioak [NASA] pertsonaia afroamerikarrei eta batik bat emakumeei ipintzen dizkien trabak eta arazoak harilkatuz sortu da gidoia, eta pertsonaia nagusiak [Johnson] barkatzen ditu, edo onartu edo gainditu, bere lanarekin jarraitzeko», nabarmendu du Sedeño-Valdellosek artikuluan.
Hala, testuingurua gailendu egiten da batzuetan. Kasu baterako, irakasleari deigarria egiten zaio lan fisikoek duten esangura Satrapiren Radioactive-en. «Curie askotan ikusten da umeekin zamatuta, edo pekblendarekin lanean». Mineral bat da pekblenda, handik lortzen da erradioa, eta kopuru handia behar da elementuaren lagin txiki bat erdiesteko. Alegia, nekeza da erradioa ustiatzeko prozesua; filmean, Curiek berak egiten du.
Bospasei eszenatan ageri da behar hori egiten, zehazki, eta filmean arreta berezia ipintzen zaio lan horri, plano zenitalak erabilita ondo ikus dadin esfortzu fisikoa, eta bere eskuetan azpimarra egiten duten xehetasun planoak baliatuta. «Aldi berean, informazio gutxi agertzen da lortu zituen garapen teorikoen inguruan. Lan errepikakorrak, zentzugabeak nagusi dira Einsteinen parekoa den figura baten errepresentazioan», Sedeño-Valdellosen berbetan.
Bakarrik, nahitaez
Errepikakorra da, halaber, bakardadea; eta, askotan, harremanak sakrifikatu behar izaten dituzte zientziaren mesedetan. «Beti dago galeraren bat: seme-alabak, senarra...». Gorillas in the Mist pelikulan agerikoa da binomio hori: bateraezintzat jotzen dira Fosseyren ogibidea eta konpainia. «Ruanda uzteari ezetz esaten dio, pertsonaia maskulinoak hala eskatzen dionean, eta, beraz, uko egiten dio maitasun harreman horri. Emakume zientzialariek prest egon behar dute halako sakrifizioak egiteko», irakaslearen esanetan.
Ezaugarri berak ematen dio arreta, hain justu, Amaia Arregiri. DIPC Donostia International Physics Centerreko zientzialaria da, eta Emakumeak Zientzian eta Zientzia eta Zinema egitasmoen antolakuntzan parte hartzen du. Bi egitasmo horiek andre zientzialari bati buruzko pelikula bat proiektatzen dute urtero elkarlanean; proiekzioaren ondoren, filmaren inguruan gogoetatzen dute, zientzialari gonbidatu batekin. Gorillas in the Mist eman zuten behin. «Askotan iruditzen zait emakume zientzialarien kasuan badagoela erronka bat, gaur egun ez dena errealista: momentu bat helduko dela non aukeratu beharko duten maitasunaren eta zientziaren artean», hausnartu du Arregik. Era berean, antzeman du maitasunak indar handiagoa duela andreen biopic-etan, gizonezkoenetan baino. «Zoragarria iruditzen zait maitasuna agertzea, bizitzaren parte delako. Baina gizon zientzialariei buruzko pelikuletan ere alde pertsonal horiek agertu beharko lirateke».
Serendipia filmean (2021), testuinguruak saihetsezin bihurtzen du emakume protagonistaren bakardadea: COVID-19aren garaia da, eta protagonistak erabaki du laborategian gotortzea, itxialdia aprobetxatzea bere ikerketan sakontzeko. Amancay Gaztañagak gorpuztutako mikrobiologo baten egunerokoaren berri ematen du film laburrak, eta batik bat alde zientifikoari erreparatzen dio. Apenas elkarrizketarik duen ekoizpen bat da, eta protagonistak off-eko ahotsean kontatzen dizkio, ez dago argi nori, itxialdian bizi duen egoera eta bere ikerketaren nondik norakoak. Hark mikroskopioz birus plakei nola, hala begiratzen dio ikusleak berari, mendi inguruan dagoen eta beirazko fatxada duen eraikinaren kanpoaldetik, Iban del Campo zuzendariak esplikatu duenez.
«Zientzialari nahiko berezia da, ortodoxiatik irteten dena», deskribatu du Del Campok. «Nahiz eta protokoloak zorrozki betetzen ez dituen, bere jakintza errebeldearen ondorioz, bila ari zena baino askoz hobea den aurkikuntza bat egingo du istripu baten ondoren».
«Askotan iruditzen zait emakume zientzialarien kasuan badagoela erronka bat, gaur egun ez dena errealista: momentu bat helduko dela non aukeratu beharko duten maitasunaren eta zientziaren artean»
AMAIA ARREGIDIPC-ko zientzialaria eta 'Emakumeak Zientzian' egitasmoaren antolatzaileetako bat
Beste mota bateko emakume zientzialaria da, beharbada. Eta, hain justu, hori du helburu Arregik Emakumeak Zientzian egitasmoan proiektatutako pelikulekin: askotariko soslaiei ikusgaitasuna ematea, estereotipoak hausteko, eta belaunaldi berriei makina bat erreferente eskaintzeko. Adibidez, eman izan dute Contact (Robert Zemeckis, 1997), eta aurtengo aldian Bombshell (Alexandra Dean, 2017) programatu zuten, Hedy Lamarr zientzialari, espioi eta Hollywoodeko aktoreari buruzko dokumentala. «Interesatzen zaigu emakume zientzialari ahalik eta desberdinenak egotea, fisiko eta izaera aldetik desberdinak. Frogatuta baitago antzeko ezaugarriak dauzkatenekin identifikatzen garela, eta, ikusten badugu gu bezalako jendea ezin daitekeela zientzialaria izan, agian pentsa dezakegu gure bidea ez dela hori». Arregik berak zinemaren bidez ezagutu ditu zientzialari historiko asko, hala nola Dian Fossey.