Zientzian topikoak apurtuz

Emakumeak Zientzian egitasmoak 8. aldia izango du otsailean. Zientzia «nesken kontua» ere badela zabaldu nahi dute sustatzaileek, eta ikerlarien inguruan dauden estereotipoak amaiarazi.

Emakumeak Zientzian egitasmoaren aurkezpena
Emakumeak Zientzian egitasmoaren 8. aldia aurkeztu zuten urtarrilaren 17an, Donostian. JON URBE / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

2015ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun bat azpimarratu zuen agendetan: otsailaren 11. Egun horretan Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, emakumeek zientziaren arloan bidezko sarbidea eta parte hartzea izateko, eta sexu berdintasuna aldarrikatzeko. Horrela adierazi zuten zabaldu zuten oharrean: «Azken hamabost urteetan, nazioarteko komunitateak ahalegin handia egin du emakumeek zientzian parte har dezaten. Hala ere, emakumeek zientziaren alorrean moldatzeko oztopoak aurkitzen dituzte oraindik ere». Oztopoei eta topikoei aurre egiteko antolatu dute aurten ere Emakumeak Zientzian egitasmoa, eta otsailaren 8tik 16ra izango da.

Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna aste bihurtu dute Emakumeak Zientzian proiektuan. Proiektuak 2017an egin zituen lehen urratsak, eta, urtetik urtera, handituz joan da: aurten, 8. aldian, 32 erakundek parte hartu dute astebeteko programazioan. Proiektuaren lehendabiziko urratsak ikusi zituen Idoia Mugika Materialen Fisika Zentroko komunikazio eta dibulgazio arduradunak: «Poliki-poliki hasi ginen antolatzen eta dirua lortzen. Sare hori handituz joan da oso poliki, eta oso polita da hori ikustea. Ez zen zuzendaritzaren eskaria izan; egitasmoa azpitik sortu zen, ikerlarien borondatez, eta espiritu horri eutsi zaio». 

Hauek dira zientzialarien eta ikerlarien borondatez abiatu zen egitasmo horren helburu nagusiak: emakume zientzialarien lana ikusaraztea, estereotipoak puskatzea eta emakumeen artean bokazio zientifikoa sustatzea, besteak beste. Horretarako, adin guztietako jendeak izango du egitasmoan parte hartzeko aukera; izan ere, familientzako, nerabeentzako, eskolentzako, 55 urtetik gorako emakumeentzako eta publiko orokorrarentzako jarduerak antolatu dituzte. Adin guztietan zientzia ezagutzeko aukera izatea nahi du Olatz Arbelaitz EHUko Informatika irakasleak: «Arreta berezia jartzen da neska gazteengan, baina oso garrantzitsua da emakume helduagoak ere kontuan hartzea, agian ez baitzuten aukerarik izan zientzia ikasteko».

Programazio osoa eta izena emateko aukera gaur zabaldu dituzte, Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean. Besteak beste, esperimentu tailerrak, jokoak, antzezlanak, mahai inguruak, erakusketak eta film proiekzioak egingo dituzte.

Erreferenteak berrituz

Mugikak ziurtatu duenez, «asko» dago Marie Curiez harago ere. Historia liburuetan agertzen den emakume multzo txikian sartzeko, «jenio» izenondoa jarri behar da atarian: bikaintasuna edo hil. Zientzian sustatu den bikaintasun ideiarekin apurtzea nahi du Mugikak: «Akademian oso zabalduta dago. Ez dugu behar denak Marie Curie izatea; lan egiteko eta disfrutatzeko prest dagoen jendea behar dugu». Lehiakortasuna eta presioa alde batera utzi, eta erosotasunean oinarritutako sare bat sortu nahi dute ikerlarien artean, bikaintasuna exijitu gabe. 

Horretarako, bestelako erreferenteak erakutsi nahi ditu Irantzu Llarena CIC Biomaguneko ikertzaileak, ikusarazteko badaudela «superheroi» horiez bestelako ikerlariak ere: «Zientzialariak atzo eta gaur izeneko hitzaldiak antolatzen ditugu. Bost ikertzailek beren lana aurkezten dute eta, aldi berean, iraganeko ikertzaile bat omendu».

Ikastetxeetara hirurogei ikertzaile baino gehiago joango dira beren esperientziak kontatzera eta ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. «Nahi dugu etorkizuneko zientzialariek beren beldurrak izatea, baita bizitza pertsonala ere; ez dugu nahi martetarrak izatea», azaldu du Mugikak. Laborategia ikasleengana hurbildu nahi dute, zientzia ikasteko gogoa izatekotan, argi gera dakien posible dela. Ez da amets eskuraezina, Arbelaitzen arabera: «Ikusten baduzu laborategi batean giro ona dagoela eta ez dela urruneko zerbait, errazagoa da etorkizuna irudikatzea; hala, bide horri jarraitzea erabakiko duzu agian».

Nahiz eta laborategietara emakume zientzialari gehiago erakarri nahi dituzten, egitasmoaren antolatzaileek argi dute oztopoak aurkituko dituztela bidean: gutxiago ikusarazten da emakume zientzialarien jarduna, aukera gutxiago dituzte, eta gutxiago aitortzen da egiten duten lana. Horregatik, emakumezko ikerlarien artean sare «indartsu» bat sortu behar dela esan du Mugikak: «Zientziaren eta teknologiaren munduan lan egiten dugun emakumeok sare bat izan behar dugu gauza hauetaz hitz egiteko, eta instituzio barruan bultzada bat izateko».

Errotik aldatuz

Sexu arrakala nabarmena da Arbelaitzen ikasgeletan: Informatika ikasleen %20 dira emakumeak. Hala ere, datu horiek kultura baten ondorio direla esan du Mugikak, eta urteetan sendo eutsi zaiela haren oinarriei: eremu maskulinizatua, lehiakortasuna eta estereotipoak, besteak beste. Horrekin apurtzeko Genero ikuspegia proiektuetan nola txertatu tailerra antolatu dute. «Ikerlanetan guztiz barneratu behar da genero ikuspegia, baina, hori ezartzeko, bide luzea egin behar da oraindik», esan du Llarenak.

Emakumeak Zientzian egitasmoaren bidez, genero ikuspegia barnerarazi nahi diete ikerlari berriei, eta, poliki-poliki, sexu arrakala txikitu dadin lortu. Zientzia bada emakumeen kontua leloa idatzia dute proiektuaren kartelean, eta zientzialarien estereotipoak apurtu nahi dituzte, eremu maskulinizatu izateari utzi diezaion. Mugikak uste du kultura errotik aldatzea dela horretarako pausorik garrantzitsuena, kultura guztiz transformatzea: «Uste dut batzuetan garrantzi handiegia ematen diegula datuei. Zenbaki horien artean dagoen historia ikertu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.