Lorena Fernandez. Deustuko Komunikazio Digitaleko zuzendaria

«Zientzian tantaka baztertu dira emakumeak beti»

Eredu zientifikoan genero ikuspegia txertatu behar dela esan du Fernandezek: «Sistema eta erakundeak aldatu behar dira, arazoa egiturazkoa baita».

PATRICIA VALDES.
itsaso jauregi 2
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Emakumeek zientzian zer-nolako presentzia duten aztertu du Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Digitaleko zuzendariak (Basauri, Bizkaia, 1982). Hitzaldiak ematen ditu hainbat eskolatan, teknologian eta zientzian erreferente gehiago aurkezteko eta zientzian genero ikuspegia zabaltzeko asmoz. Antolatzaile lanetan ere aritu da aste honetako Berdintasuna, zientzia eta teknologia. Paradigma aldatzea helburu jardunaldietan, Donostian. 

Nola aldatu zientziaren eta teknologiaren paradigma?

Maria Angeles Salle Gizarte Zientzietako doktoreak oso ongi adierazi zuen jardunaldien hasieran eman zuen hitzaldian: sistema eta erakundeak aldatu behar dira, arazoa egiturazkoa eta sistemikoa baita. Emakumeen talentua erakartzeko asmoz ekintza asko egin dira; lagungarriak eta beharrezkoak dira, baina talentu hori hor dago jada. Ikusten da emakumeak sistema zientifikoetara iristen garela eta ereduak baztertzen gaituela.

Zer oztopo sortzen ditu sistema zientifikoak?

Kontziliazioa konplexua da: umeak badituzu, sistema zientifikoak zigortu egiten zaitu; eta zereginen banaketa desberdina da, besteak beste. Horrek mesede egiten dio oso maskulinizatuta dagoen eredu bati. Artazi efektua izaten da, emakume asko ez baitira lidergo postuetara iristen. Geldirik geratzen dira, eta ez dute eboluzionatzeko aukerarik, eredua hondatuta baitago.

Emakume zientzialari asko galtzen dira bidean, beraz?

Bai. Alor akademikoan, zulo ugari dituen hodi batekin konparatzen da egoera; zientzian tantaka baztertu dira emakumeak beti. Hasierako azterketa bat egin, eta ikusi genuen neska gazteen kasuan zulo asko daudela: sozializatzeko orduan konfiantza lapurtzen diete.

Zer ondorio ditu lapurreta horrek?

Iruzurgilearen sindromea da ondorio nagusietako bat, eta zuzenean eraso egiten digu. Uste dugu gure bizitza profesionaleko lorpenak zortearen ondorio izan direla, ez gure ahaleginaren ondorio.

Noiz gertatzen da konfiantzaren lapurreta hori?

Esperimentu bat egin zen 5 eta 6 urteko neska-mutilen taldeekin, eta emaitzak Science aldizkarian argitaratu ziren. Pertsona oso azkar baten istorioa kontatzen zieten umeei, eta ez zen esaten protagonista gizona edo emakumea ote zen. 5 urterekin, mutilek esaten zuten gizona zela, eta neskek emakumea zela. 6 urterekin, mutikoek gizona zela esaten zuten, eta neskak ere gauza bera esaten hasi ziren. Zer gertatu zen? Bada, eskolan hasi zirela. Hau da, umeak estereotipo horiekin sozializatzen hasten dira.

Hizkuntza ere desberdina izaten da?

Kalifikazio onak ateratzen dituztenean, emakumezkoei esaten zaie langileak direla, eta gizonei, berriz, bikainak direla. Eta gero, gure etapa profesionalean, arrastaka eramaten dugu elementu hori.

Zientziak genero ikuspegia izan behar du, beraz?

Bai. Jardunaldietan aipatu genuen ezinbestekoa dela ikerketan genero ikuspegia txertatzea. Medikuntzan askotan ez da genero ikuspegia txertatzen, eta gizonen sintomak unibertsal gisa hartzen dira. Bihotzekoaren sintomak desberdinak dira, adibidez, eta emakumeok kanpoan geratu gara luzaroan. Garrantzitsua da zientzian emakume gehiago egotea, beren esperientzia ekarriko baitute zientziara.

Erreferente gutxiren berri ematen dela uste duzu?

Bai. Badirudi Marie Curie dela ezagutzen dugun erreferente bakarra. Garrantzitsua da figura horri buruz hitz egitea, baina gertuko erreferenteak ere erakutsi beharko genituzke. Bestela, neska horiei esaten diegu pertsona bikainak izan behar dutela ibilbide zientifiko arrakastatsua izateko, eta ez da horrela. Gertuko erreferenteak behar ditugu, erakusteko zientzian jardun daitekeela eta zientzialaria izateko ez dela ezinbestekoa bere aurkikuntzaren ondorioz hiltzea eta bi Nobel sari jasotzea.

Aniztasunik badago adimen artifizialean?

Ez. Munduan adimen artifizialaren alorrean lan egiten dutenen artean, %12 baino ez dira emakumeak. Datuak sortzen dituzten pertsonak bakarrik islatzen dituzte, hau da, gizon zuriak eta normatiboak.

Gizon zuriak eta normatiboak ez direnek badute lekurik adimen artifizialean?

Adimen artifizialak gizarte gisa ditugun estereotipo guztiak helarazten ditu: gizartearen isla da. Aurpegia ezagutzeko sistema batzuek arazoak dituzte emakumeen aurpegiak errekonozitzeko, batez ere emakume arrazializatuen aurpegiak. Datu baseak gizon zurien aurpegiekin entrenatu baitira.

Teknologiak gizartearen estereotipoak islatzen ditu, beraz?

Bai. Adibidez, Googleren itzultzaileari ez badiozu subjektua zehazten eta ingeniari hitza ematen badiozu, gizonezkoen irudiak agertzen dira; erizaina bilatzen baduzu, berriz, emakumeenak. Estereotipoak eta genero rolak teknologiaren bitartez ere zabaltzen dira. Gainera, pertsonek adimen artifizialaren joera berenganatzen dute orain.

Harreman zirkularra dago adimen artifizialaren eta gizakiaren artean?

Guztiz. Esperimentu batean argazki batzuk erakutsi zizkioten jende talde bati; irudietan kolore gorria agertuz gero, minbizia zegoela esan behar zuten. Talde batek proba egin behar zuen inolako laguntza teknologikorik gabe, eta beste talde batek adimen artifizialarekin. Adimen artifizialean oker bat sartu zuten, apropos: esperimentuan kolore gorria ateratzen zen, hau da, irudian minbizia agertzen zela esan behar zuten. Hala ere, adimen artifizialak kontrakoa esaten zuen. Pertsona horiek adimen artifizialaren alde egin zuten, beti asmatuko zuelakoan; erantzunak automatizatzen zituzten. Pertsona horiek beste erronda bat egin zuten, adimen artifizialik gabe, eta gaizki erantzuten zuten: algoritmoak zioena berenganatu zuten.

Nola eragotz daiteke hori?

Arazo hori konpontzeko, aniztasuna behar da. Datuetan emakumerik agertzen ez bada, intersekzionalitatea agertzen ez bada, adimen artifizialak ezabatu egingo gaitu, eta beste arau batzuk sortu. Adimen artifiziala garatzen ari diren enpresetan aniztasuna behar da: askotariko errealitateak dituzten pertsonak, nazionalitate askotakoak, eta arrazializatuak.

Zientzia eta teknologia genero ikuspegitik aztertzeko hitzaldiak ematen dituzu eskoletan. Zer moduzkoa da egoera esparru horretan?

Ikasgelan aurkitzen dudan panorama askotarikoa da. Nire kezka nagusietako bat da gazteek horrelako diskurtsoen harira nola erreakzionatzen duten ikustea. Oso diskurtso erreakzionarioa garatzen ari da ikastetxeetan, beldurgarria da. Lan egin behar dugu mutilei azaltzeko egoerak haiei ere eragiten diela, gizarte hobea lortzeko ezinbestekoa baita haien parte hartzea.

Zer ideia dute gazteek zientzialarien inguruan?

Estereotipo motxila bat dute. Zientzialari bat nola imajinatzen duten galdetzen dietenean, bata zuria jantzita daukan zientzialari ero bat imajinatzen dute, gizonezkoa beti. Sozializatzea oso garrantzitsua den etapa horretan, ezinbestekoa da motxila hori ez eramatea, bestela ez baitute gogorik etorkizunean zientzialariak izateko.

Nola apur daiteke zientzialariei buruzko estereotipo horrekin?

Zientziak egunerokoan nola esku hartzen duen erakutsiz. Zientziaren bidez konpon daitezkeen arazo sozialetatik abiatzea oso erabilgarria da. Geografikoki eta adinari dagokionez hurbil dauden erreferente horietara eramatea, aukerak dituztela ikus dezaten. Erakundeek lan handia egin behar dute eredua aldatu dadin. Emakumeok ez dugu aldatu behar: eredu zientifikoa emakumeen begiradara egokitu behar da.

Zer ondorio atera dituzue jardunaldietan?

Lan handia dago egiteko. Urratsak egiten ari dira, baina erakundeetan aldaketa bat izan behar da. Ikusi behar dute zein garrantzitsua den aniztasuna taldeetan, eta neurriak hartu behar dituzte kontziliazioa errazteko; emakume zientzialarien ibilbidea izozten duten oztopo horiek amaiarazteko. Jardunaldiak oso arrakastatsuak izan dira, erakundeetan boterea duten kideak ere etorri baitziren. Espero dut etxeko lanak eraman izana.

Zein da hurrengo pausoa?

Erakundeek emakumeentzako ingurune seguruak eta irisgarriak izatea. Hori da gure helburu nagusia, eta horrela imajinatzen dut etorkizuna: hala izan beharko luke. Ikerketa eta berrikuntza arloetan genero ikuspegia txertatu beharko litzateke. Gizarteak inor atzean ez uztea nahi badugu, aldaketa horiei irmo heldu behar diegu, eta desberdintasun horiek amaiarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.