Zientzian murgilduta

Eureka Zientzia Museoan astronomia behatokia, planetarioa eta simulagailuak daude, erakusketa iraunkorraz gain. 'Fakirraren ohea' eta 'Sunspotter' izeneko ekintzak egin dituzte.

Haur bat Fakirraren ohea jardueran, iltzeen gainean etzanda. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Argia, natura, argindarra, mekanika, giza gorputza, zentzumenak... gai ugari lantzen dituzte Eureka Zientzia Museoko erakusketa eta jardueretan, Donostian. Gipuzkoako hainbat herritako etxeak maketa eran eraikita dauzkate kanpoaldean, hainbat belarditan banatuta, eta Albert Einstein zientzialariaren eskulturak egiten du ongietorria, sarrera ondoan, aulki batean eserita.

Egun osorako esperimentuak eta tailerrak dauzkate antolatuta. Fakirraren ohea izenekoa, adibidez, atzo eguerdian egin zuten, mekanika gelan. Nerea Etxaniz museoko gidak eman ditu azalpenak. Metalezko xafla handi baten inguruan batu dira familiak; zortzi mila iltze gorantz begira ditu, eta ikusmin handia sortu du haurrengan.

Adi entzun dituzte gidaren azalpenak: «Zergatik daukan izen hori? Ba izen hori dauka fakirrek hainbat trikimailu egin ditzaketelako, eta hau horietako bat delako». Iltzez betetako ohearen gainean etzatea posible dela frogatuko duela azaldu du, «edonor» etzan daitekeela esanez, «minik hartu gabe».

Iltzeak benetakoak direla frogatu du hasieran: eskua gainean jarri eta iltzeen gainean estutu du, entzuleei marka geratu zaiola erakusteko. «Eskuko markak ikusita, jakin dezakegu benetakoak direla iltzeak». Eta nola da hori posible? Haur batek eman du erantzuna, tonu baxuan: «Pisua banatu egiten delako». Erantzuna txalotu, eta azalpenarekin jarraitu du gidak: «Ez da gauza bera presioa egitea azalera txiki batean, ala gorputz osoan».

Burua, ordea, ez dute iltzeen gainean jartzen; kristalezko xafla batean ezartzen dute: «Burua biribila izanda, bere pisu gehiena puntu edo azalera txiki batean pilatzen da, eta hor bai, min emango liguke». Boluntario bat eskatu du gidak jarraian, eta haur batek eskua jaso du berehala. «Lasai, denek egiteko aukera izango duzue», azaldu die. Banan-banan igo dira, ilusioa maskararen kanpotik igartzeko moduan. Hasieran urduri igo badira ere, azalpenak egia direla ikusi dute.

Eguzki izpien bila

Museoaren kanpoko aldean egin dute Sunspotter izeneko ekintza. Eguzkia ateratzeko zain egon dira, izarra dagoen gunean lainorik ez egotea eskatzen baitu ariketak. Egurrezko objektu bat jarri du mahai gainean Etxanizek: triangelu bat, zirkulu erdi baten gainean. Triangeluak zulo biribil bat dauka, eta barrualdean, ispilu bat eta paper bat.

Eguzkiaren esfera ikustea du xede Sunspotter-ek. «Guk eguzkiari zuzenean ezin diogunez begiratu, objektu honek lente bat dauka, eta barruan ispilu batzuk. Beraz, eguzkiaren irudia lentetik sartzen da, ispiluetan errebotatzen du, eta hemengo paper honetan eguzkiaren esfera ikusten da». Horretarako, ordea, eguzkiaren argia sartu behar da zuzen-zuzenean, eta leku egokiaren bila ibili da.

Eguzkiari buruzko azalpenak eman ditu kokapenarekin asmatu bitartean: «Eguzkiak berezko jarduera dauka, eta ziklikoa da. Ziklo bakoitzak 11 bat urte izan ohi du, eta horren barnean pasatzen da ziklo goreneko punta eta gutxienekoa».

Azaldu du eguzkiaren poloetan izandako mugimenduen ondorioz —eztandak edo erupzioak, adibidez— orbanak sortzen direla. «Mugimendu horiek hozten direnean, lau mila bat gradutara geratzen dira, eta, gainazala sei mila gradutara dagoenez, zulo moduko batzuk sortzen ditu». Paper zurian orban gisa islatuko lirateke gune horiek, argazkietan erakutsi duenez. Normalean, orban horiek astebete inguru irauten dute, eta gero, desagertu egiten dira.

Gailu egokia da eklipseak ikusteko ere: «Duela gutxi eklipse bat egon zen, eta honekin egon ginen ikusten; oso ondo ikusten zen». Lainoak pixka bat arindu diren unean, lortu du esfera orri zurian ikustea. Baina berehala galdu da, lainoa gailentzearekin batera. «Gainera, bitxia da, izan ere, eguzkiaren irudia ikusten duzu, eta pixkanaka ateratzen da paperetik, lurraren errotazioagatik».

Uda «arrakastatsua»

Martxo eta maiatz inguruan jende gutxi izan arren, udan museora jende ugari joaten ari dela adierazi du Etxanizek. Uda ez denez eguzkitsua izaten ari, batez ere familiek museoak bisitatzera jo dutela dio. Aurrera eta atzera dabil, jarduera bat amaitu orduko beste batera abiatzen.

Izan ere, hainbat aukera eskaintzen dituzte museoan: planetariumean denbora errealeko astronomia-proiekzioak egin, animalien gunean oihan tropikaletako sugeak, basamortuko muskerrak eta itsasoko arrain eta marmokak ezagutu; simulagailuan errealitate birtualeko betaurrekoak jarri, eta giza gorputzaren atalak gordetzen dituen erakusketa bisitatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.