Zientzia

Zientzialariek Tasmaniako tigrea «berpiztu» nahi dute ingeniaritza genetikoa erabiliz

Dunnart animaliaren «DNA editatu» nahi dute, tilazino batenera eraldatzeko. 1936an desagertu zen azken Tasmaniako tigrea.

Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 18a
12:45
Entzun

Zientzialari talde batek 1936an galdutako Tasmaniako tigrea (Thylacinus cynocephalus) «berpiztu» nahi du ingeniaritza genetikoaren bidez. Australiako martsupial harrapari bakarra izan zen tigrea, eta aurreikusi dute hamar urteren bueltan burutuko dutela proiektua.

Andrew Pask Melbourneko Unibertsitateko irakasleak atzo jakinarazi zuenez, isats lodidun dunnart (Sminthopsis crassicaudata) batetik aterako dituzte zelulak, tilazino baten antzeko zelula bihurtzeko. Dunnarta sagu baten antzeko martsupial bat da, eta, zientzialarien esanetan, Tasmaniako tigreak bizirik daukan ahaide hurbilena da. Hori dela eta, animalia horren DNA «editatu» nahi dute, eta tilazino batenera eraldatu.

Desagertutako martsupiala berpizteaz gain, haren enbrioia ere garatu nahi dute, eta entsegu hodi baten barruan edo buztan lodiko dunnart baten sabela erabiliz egingo dute hori. Pasken esanetan, jaiotzean, Tasmaniako tigrea eta buztan lodiko dunnarta «ez dira arroz ale bat baino askoz ere handiagoak». Halaber, gaineratu du sagua bezalako animalia txiki bat ere erditu daitekeela tilazino batez.

Paskek zuzentzen duen laborategiko zientzialariek Tasmaniako tigrea bere habitat naturalean sartu nahi dute, eta espero dute bertan animaliak harraparia izateari eustea.

Tasmaniako tigrearen nondik norakoak

Tigre batenak bezalako marrak zituen martsupial bat izan zen Tasmaniako tigrea. Australia kontinentalean eta Ginea Berriko uhartean bizi izan zen, baina leku horietatik desagertu egin zen duela 3.000 urte inguru, klima aldaketaren ondorioz. Azken tigreak Tasmania uhartean gelditu ziren.

XVIII. mendean, europarrak Ozeaniara iritsi zirenean, Tasmania uhartean biltzeko ohitura hartu zuen populazioak, eta 1830 eta 1909 artean egindako gehiegizko ehiza kanpainak desagerrarazi egin zuen harraparia.

Tasmania uharteko tigreak duela 81 urte desagertu ziren: 1936an hil zen azkena, Hobarteko zoologiko batean. Hala ere, 1980ko hamarkadan eman ziren ofizialki galdutzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.