Publizitatea

‘Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!’, Euspot lehiaketarako gaia

Iragarkiak maiatzaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira. Sei sari egongo dira, eta 3.000 euro banatuko dituzte.

Lehiaketaren babsle eta antolatzaileak, Donostian. ANDOI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 25a
16:15
Entzun

Hamabigarren aldira iritsi da Euspot euskarazko iragarki lehiaketa, eta aurten gazteengan zientziazaletasuna sustatzea izango dute helburu. Aurten parte hartzaileek landu beharko duten gaia hau izango da: Zientzialari eta ikertzaile izan nahi dut!.

Hain justu, aurtengo babesle nagusia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) izango da. Euspoten edizioa aurkezten izan da gaur Donostian Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako mandataria. Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin dute aurkezpena, eta han izan dira Goio Arana Mondragon Unibertsitateko Komunikazio campuseko zuzendaria, Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea (Gipuzkoa), Arantzazu Lagunilla Arteman agentziako zuzendaria, Naiara Okina Arizmendi ikastolako (Arrasate, Gipuzkoa) komunikazio arduraduna eta Leire Luengo Bai Euskarari elkarteko ordezkaria. Erakunde horiek dira lehiaketaren antolatzaile eta babesleak.

Parte hartzaileek 30 segundoko iragarki bat bidali beharko dute. Antolatzaileek iragarri dute lan horiek bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiaren inguruko interesa eta grina pizteko, eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko izango direla. Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika gaiak gazteengana hurbildu eta balioetsi nahi dituzte aurtengo lehiaketaren bitartez, eta gai horien edukiak eta lanbideen interesa gaineko handitu. Sormena eta ikasteko grina bultzatu nahi dituzte antolatzaileek, pentsamendu zientifikoa sustatuz.

Publizitate formakuntza
Aurreko urte batzuetan bezala, Euspoteko antolatzaileek ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formakuntzak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxeetan, iragarki egileen harrobia indartzeko asmotan. Formakuntza saio horien helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea, eta lehiaketan parte hartzera animatzea.

Euspot.eus webguneak 20.000 bisita inguru izaten ditu urtero. Interneteko sare sozialetan, gainera, 2.000 jarraitzaile baino gehiago ditu lehiaketak. Haren inguruko informazio gehiago webgune horretan bertan aurki daiteke.

Euspot lehiaketan sei sari banatuko dituzte aurten (3.000 euro orotara): iragarkirik onenarena; publikoaren saria; gazteen saria; musika sinkronizazio onenaren saria; Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onena; eta Arizmendi ikastolako ikasleen lanik onena.

Euspot ez dago soilik gazteei zuzendua. Parte hartzaileen artean askotarikoa da profila, jatorria eta interesa. Lehiaketa irekia baita edozein herritarrentzat. Urteotan, 600 iragarki baino gehiago jaso dituzte. Aurten ere parte hartzaile asko espero dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.