Ezarian. Zientzia. Angel Rubio. EHUko Nanobio Espektroskopia taldeko zuzendaria

«Zientziak elitista izan behar du; ikertzaile onenak behar ditugu»

Energia alternatiboen alorrean urrats bat egin du aurrera Angel Rubiok, hidrokarburo batetik hidrogenoa askatuz laser argiaren bidez; 'PNAS'-ek jaso du esperimentua.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Euskal Herriak duen ikertzaile aurreratuenetakoa da. Angel Rubioren izena (Oviedo, Espainia, 1965) Proceeding of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian azaldu da berriz, hidrogenoa ekoizteko metodo berritzaile bati loturik. Beste bi ikertzailerekin batera, kapsula batean sartu hidrokarburotik hidrogeno purua ekoitzi dute laser argiaren bidez. «Honek ez ditu emaitzak emango epe motzera», ohartarazi du eseri orduko. Energia alternatibo baten aldeko urrats bat dela inor gutxik ukatuko du.

Donostiako Joxe Mari Korta zentroan zuzentzen duen Nanobio Espektroskopia taldeaz gain, beste ikerlari talde bat gidatzen du Berlinen, Max Planck elkartearen Fritz Haber Institutuko kanpo zuzendaria baita. American Association for the Advancement of Sciencie elkarteko kide ere bada; euskal herritar bakarra dago elkarte horretan: Pedro Miguel Etxenike.

2010ean ERC Advanced Grants laguntza eman zion Ikerketarako Europako Kontseiluak, 1,9 milioi euro aplikazio energetikoaren alorrean gai berrien ikerketa egin zezan. Orain, berriz, hidrogenoa alternatiba energetiko gisa hauspotzeko aurrerapauso bat eman du. Finean, nanohodiak baliatuz, hidrokarburo batetik (azetilenoa) hidrogeno purua lortu dute laser argi baten pultsazio azkarren bidez. Ondorio garrantzitsuak izan ditzake horrek, hidrogenoa modu garbian lortzeko bidea zabaltzen baitu, hidrogenoa gordetzeak eta garraiatzeak ematen dituen arazoak gaindituz.

Azal dezakezu esperimentua modu erraz batean?

Azetilenoa sartu dugu nanohodi batean, gas bat; nanohodiaren diametroa oso txikia denez, nanometro batekoa gutxi gorabehera, gas molekulak oso estuturik daude han. Hidrogenoa bonbona batean gordetzen da normalean, oso presio handian, bolumen handikoa delako; hori bera zure autoan eraman dezakezu, baina inork ez du eraman nahi arriskutsua delako. Hidrogenoa gordetzeko modu alternatiboen bila gabiltza aspaldian. Bestalde, munduan metano asko dago, hidrokarburo asko daude, hots, hidrogenoa hortxe dago hartzeko zain. Kontua da hidrogenoa eta karbonoa banatu egin behar direla. Bada, guk laser baten bidez banatu ditugu.

Zer-nolako onurak ekar ditzake horrek?

Guk hidrokarburoen bidez hidrogenoa metatu nahi genuen, batetik, eta hidrogenoa banatu, bestetik, baina ez errekuntzaren bidez, bestela ez genuke ezer aurreratuko. Energia alternatiboa nahi badugu, beste bide bat behar da. Baina, zein da arazoa? Hidrogenoa eta karbonoaren lotura oso sendoa dela, eta hura apurtzeak energia handia eskatzen duela. Guk laser bat erabili dugu bi molekulak banatzeko, laser pultsazioak. Oso epe laburrean —milisegundo bat baino askoz gutxiago—argi deskarga handia gertatzen da, eta hura etengabe errepikatzen da, kolpe azkarrekin. Kadentzia hori ehun fentosegundokoa da.

Metodo errentagarria izan daiteke makro mailara eramanda?

Oreka energetikoa ez dugu aztertu oraindik, ez dakigu askatzen baliatu dugun energia lortutako energia baino gehiago edo gutxiago den. Mekanismo horrekin hidrogenoa ekoitzi dugu, baina hidrogenoa metatzeko aukera ere zabaldu dugu. Hidrogenoa ekoiztea erraza da, adibidez elektrolisiaren bidez. Zailena da metatzea, modu egokian gordetzea. Lortu dugu hidrokarburo gisa gorde ahal izatea —metanoa edo azetilenoa edo beste edozein hidrokarburo gisa— eta, energia garbia behar dugunean, hidrogenoa eskuratzea, erreakzio kimiko garbi baten bidez.

Naturan metano asko dago. Hidrogenoa lortzeko iturri agorrezina aurkitu duzue?

Esperimentuaren emaitzak beste kontzeptu batera eramaten gaitu: zertarako ekoitziko dugu hidrogenoa, gero hidrokarburo bihurtzeko eta ondoren hidrogeno bihurtzeko berriro? Naturan hidrokarburo asko baldin badaukagu, zertarako? Gure bidea da metanoa tutuetan estu gordetzea, eta, laserraren bidez, hidrogenoa eskuratzea behar denean, errekuntzaren prozesua baztertuz.

Laserraren bidez karbonoa eta hidrogenoa banatu daitezkeela frogatu duzue, baina bide luzea dago oraindik aplikazio bat ukan dezan, ezta?

Bai, izan ere, litekeena da prozesuaren kostu energetikoa (laserraren argindarra) lortzen den energia baino handiagoa izatea.Ikertzeke dago prozesu hori guztia errentagarria gerta daitekeen.

Baina, etorkizunean, metano bonbona batetik hidrogenoa eskuratu eta energia gisa erabili ahal izango litzateke etxe batean edo lantegi batean, bide honetan garapen handi bat balego?

Makro eskalan egiteko modua legokeela iruditzen zait, baina hori oso etorkizuneko kontu bat izan daiteke.

Nanozientziarekin jarduten duzuenok ez al zenukete gehiagotan azaldu beharko nanozientzia zer-nolako onurak ekartzen ari den? Zergatik uste duzu badagoela nanoteknologiaren inguruan mesfidantza?

Gure lana gehiegi saltzeak aurkako ondorioak ekar ditzakeela uste dut. Badira begien bistako gauzak: kosmetikoak, betaurreko babesleak, botika diseinua… Baina gerta daiteke nanozientzia ez erabiltzea orain esaten ari diren zenbait aurrerakuntzatarako. Kontuz ibili behar da, nano etiketa modan dago eta. Baina benetako nanozientzia bada, gai berriak, onura berriekin. Biomedikuntzaren alorrean, esaterako, nanozientziak aurrerakuntza izugarriak ekar ditzake. Eta, hain zuzen, alor horretan gertatzen dira arazo gehien etikaren eta toxikotasunaren ikuspuntutik.

Nanozientzia arriskutsua dela, murriztailea dela esan dugu inoiz; zergatik?

Ahalezko arrisku horrek zientzia fikzioaren obra askoren ekarpena dauka oinarrian. Makina autoerreplikanteak-eta aipatzen dira... Hori ez da posible. Pentsa propietate jakin batzuk izango lukeen gai bat nahi duzula eta ez dagoela; pentsa diseina dezakezula gai bat, arina, sendoa, malgua, eroalea eta beste hainbat propietate dituena. Hori handia da, eta hori benetakoa da; are gehiago, horrek aplikazio zehatzak eta garrantzitsuak ditu.

Atzeraldi ekonomikoan diru iturriak ixten ari dira nonahi. Ikerkuntzan orain artekoari eusteko modurik izango da?

Bitartekoak ongi baliatuta, kalitate handiko zientzia egin daiteke; bitartekoak optimizatzeko garaia da hau. Argi izan behar dugu gauza bat: zerbaiten aldeko apustua egiten bada, epe luzera egin behar da. Epe motzera jokatzea akats larria da. Epe motzera soilik besteek asmatzen dutena imitatu edo hobetuko dugu, baina gu ez gara berritzaile izango, ideia besteena izango baita. «Euskadi gauza zehatz honetan berritzaile izan dadin nahi dut»; halako apustua egiten bada, epe luzera behar du, eta jakinda beste alor batzuk agian kalteturik aterako direla. Ezin gara denean onak izan; lehentasunak jarri behar ditugu.

Max Planck Institutuan ikerketa talde bat zuzentzen duzu. Han beste era batera egiten dira gauzak?

Beste mundu bat da. Han ideia bat baldin baduzu, huraxe egiten da. Kontratazioan, kasurako, desberdintasun handiak daude. Niretzat ikertzaile bat gorena bada, zergatik jartzen dizkidate eragozpenak hura ekartzeko? EHUn nagoelako, noski; gune batean banengo (Nanogune, Biogune, eta abar) ez nuke eragozpenik izango. Hemen lehiaketa publiko bat egin behar da, eta abar… Badakit horrek oso kutsu ezkorra izan dezakeela, hatzaren bidez kontratatzen dudalako pertsona bat, baina zientziak elitista izan behar du, eta ez populista. Ezker-eskuin politikek ez dute zerikusirik, zientzian onena bilatu behar duzu, eta Messi bat aurkitzen baduzu, harena zoaz lehiaketa baten zain egon gabe. Ideia onenak eta ikertzailerik onenak behar ditugu, eta, gero, baldintzak jarri, euren ikerketak gara ditzaten.

Erakundeek behar adina babes ematen dizute?

Arrazoizkoa ematen didate; Eusko Jaurlaritzak babes handia ematen dit Ikerbasqueren bidez. Neutroien espalazio iturriaren pareko azpiegitura egiten ari gara hemen, baina argiaren esparruan (ETSF, European Theoretical Spectroscopy Facility). Horrek munduan jar gaitzake, proiektu gisa bakarra delako. Euskal Herriko Unibertsitateak ere babesten nau, baina beste era batera…

Proiektuarekin jarraitzeko asmotan zaude, beraz, ez zara aldatuko beste inora…

Urteak dira atzerritik proposamenak jasotzen ditudala, oso proposamen onak, baina hemen gustura nago. 2001ean etorri nintzen, eta EHUko katedraduna naiz; hori da nire lotura, berez kanpotarra bainaiz, gero eta gutxiago, baina kanpotarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.