Proposamenak

Zientzia irudietan

Nano, mikro eta makro begiradak jasotzen dituen argazki erakusketa bat izango da Donostian. Gaur hasi da, eta irailaren 30 arte egongo da

Nagore Arin.
Donostia
2019ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Zientziaren eta gizartearen elkargune bilakatu da Donostiako Kristina Enea parkea. Atzotik, Fotciencia16 izeneko zientzia argazkien erakusketa ikus daiteke bertan, parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.

Gaurtik irailaren 30era bitartean egongo da ikusgai. Erakustaldian, ikerlari zein argazkilari afizionatuek atetarako nano, mikro eta makro begiradak jasotako argazkiak ikus daitezke; guztira 49 irudiz osaturiko bilduma da. Antolatzaileen esanetan, «gizarteari zientziaren eta teknologiaren mundu liluragarria ezagutzeko eta jakin-mina pizteko aukera» da. CFM Materialen Fisika Zentroak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta CSIC Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluaren arteko zentro mistoak antolatu dute jarduna, Cristin Enea fundazioaren laguntzarekin.

Haurrentzako txokoa

Erakustaldiaz gain, familiei eta haurrei zuzenduriko Eskalatu zure mundua tailerra egingo da. Irailaren 14an izango da, larunbatean. Materialen Fisika Zentroak gidatuko du, eta 4 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Tailerraren bitartez, haurrek ere eskala makro, mikro eta nanoskopikoak ezagutzeko aukera izango dute. Hala, esploratzaile lanetan arituko dira, lupen bidez eta etxean eginiko mikroskopioen bidez hainbat lagin jaso eta aztertzeko.

Erakustaldia, bestalde, goizez zein arratsaldez ikusi ahal izango da. Astelehenetik larunbatera bitartean 09:30etik 13:30era egongo da zabalik, eta arratsaldeetan, berriz, 15:00etatik 20:00etara. Igandeetan eta jai egunetan goizez soilik egongo da ikusgai, 10:00etatik 13:30era bitartean.

Zientzia argazki erakusketa



Gaurtik irailaren 30 bitartean, Donostian, Kristinaenea parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.