Zientzia hurbiletik, zientziara gerturatzeko

‘Fotciencia20’ jarri dute Donostiako Tabakalera zentroan, Kutxa Fundazioaren plazan. Irudi nano, mikro eta makroskopikodun erakusketa bat da, haien edertasunagatik, inpaktuagatik eta zientzia islatzeko duten gaitasunagatik aukeratu dituztenak.

Tradescantia landarearen iletxoetako bat. CONCEPCION HERNANDEZ
Tradescantia landarearen iletxoetako bat. CONCEPCION HERNANDEZ
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Begirada hurbil-hurbilekoa, eta eragin gertu-gertukoa. Izan nano, mikro edo makro. Izan liteke zientzia ederra, eta hezitzailea ezustea. Mihise eder eta ulergaitzak ulerkor egitea. Ikusten (ez) den horren atzean zer dagoen deskubritzea. Oso-oso hurbiletik egindako zientzia, zientziara gerturatzeko: horixe da Fotciencia20 erakusketa.

Donostian, Tabakalera zentroko laugarren solairuan dago jarrita, Kutxa Fundazioaren plazan, eta ekainaren 23ra bitarte egongo da bertan, ibiltaria baita erakusketa, eta mugitu egingo dute handik —oraindik ez dute zehaztu nora eramango duten hurrena—. CSIC Zientzia Ikerketen Espainiako Kontseilu Nagusiak, FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak, eta EHUko Materialen Fisika Zentroak antolatu dute erakusketa elkarlanean, besteak beste. 49 irudi nano, mikro eta makroskopiko dira, beren edertasunagatik, inpaktuagatik eta gertakari zientifikoak islatzeko duten gaitasunagatik hautatu dituztenak. Aurten hogei urte bete dituen lehiaketa baten emaitza dira: Fotciencia. Hamar irudi irabazleak erakusketan daude, eta lehiaketan parte hartu duten beste hainbat ere bai. Gazteleraz eta euskaraz dituzte jarrita azalpenak.

Naturak brokoliaren lorean eragin duen koreografia. SAMUEL VALDEBENITO
Naturak brokoliaren lorean eragin duen koreografia. SAMUEL VALDEBENITO

Eta beharrezkoak dira azalpenak gehienetan, ez dagoelako antza ematerik parez pare dagoen irudi horrek barruan duena zer den. Jakiteko geko lehortar malgaxe batena dela eklosioaren irudia, eta brokoli lorearen koreografia harrigarria dela pinporta berde horiek guztiak biltzen dituen sorta ederra. «Ezustekoa dago argazki askoren oinarrian: lehen begi kolpean zer izan daitekeen ez atzematea. ‘Baina hau zer da?’. Eta deskubritzen duzuna da naturari eta ikerketari begiratzeko beste modu bat dela halako irudiak baliatzea; beste modu eder bat. Ideia oso sinplea da, eta, aldi berean, oso polita: batzea herritarren parte hartzea, hezkuntza, artea eta zientzia. Eta artearen eta edertasunaren bidez lortzea herritarrak zientziara gerturatu daitezela, baina beste ikuspuntu batetik», azaldu du Izaskun Lakunzak, FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren zuzendari nagusiak.

Geko lehortar malgatxe (Paroedura picta) baten eklosioa. FERNANDO GARCIA
Geko lehortar malgaxe ('Paroedura picta') baten eklosioa. FERNANDO GARCIA

Lau hari mataza eder eta koloretsu. Ikusgarria irudia. Txo! Baina ile baten irudia da! Xehetasun mikroskopikoa. Lorategietan ohikoa den Tradescantia landarearen ile bat, haren lorearen lorezilak inguratzen dituen koroa txikitik hartutakoa. Eta zer ote da eskularru urdin horietan agertzen dena? Anisakis generoko zizareak, arrainen ohiko bizkarroiak. Arrandegiko legatz, merlenka eta sardinetatik kentzen dituzten horiek berberak. Arrandunari egindako muzin okerra irribarre bihurtzen da, ordea, Tabakalerako erakusketan. «Gure helburua hori baita: jendea ezagutza zientifikora gerturatzea, eta ezagutza horren parte bihurtzea. Horregatik gustatzen zaigu bereziki erakusketa hau: parte hartzea irekia delako», esan du Lakunzak.

Edonork parte hartu baitezake. Bereizmen handiko mikroskopioak erabili dituzte batzuek, argazkilaritza ekipo aurreratuak beste batzuek, baina badira sakelako telefonoarekin ateratako argazki ederrak ere. «Hogeigarren aldia da hau, eta egiten jarraituko dugu. Gaia infinitua delako, eta lortzen diren argazkiak geroz eta ederragoak direlako».

Ohiko bizkarroiak dira Anisakis generoko zizareak. Eskuetan batzuk. J. R. VIVAS
Ohiko bizkarroiak dira 'Anisakis' generoko zizareak. Eskuetan batzuk. J. R. VIVAS

Zientziaren ederra

Hilerri liliaren epidermisaren hiru lagin omen dira aurrez aurre ikusten diren zirkulu hori horiek, hiru ingurune ezberdinetan jarrita. Sagu baten zerebelo sekzioaren immunofluoreszentzia bat da bestea. Lore polinizatu koloretsu bat aldamenekoa. Oilo arrautzaren oskola da hura, zeharka ebakita dagoena, gazta tarta baten itxura erabatekoa duena. Irakurrita horren arrotza eta nahasia izan litekeen hori, irudi eder bihurtzen da erakusketan. «Zientzia ederra izan daitekeelako, eta maitemindu zaitzakeelako. Eta horrela lortzen dugu zientzian konfiantza izatea, eta komunitate zientifikoan konfiantza izatea. Zientzia ez baita garen horretatik aparteko gauza bat», nabarmendu du Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren zuzendari nagusiak.

«Erradikal askeak» elektroi desparekatuak ei dira, eta hala esanda zentzurik ez duenak zentzua hartzen du irudietan. Pailazo arraina da itsas anemona artean olgetan dabilena. Gurutze marmoka batek abixoi txiki bat harrapatu zueneko une krudel bezain ederra da bestea. Tximeleta arrautzak horren horiak eta distiratsuak zirenik ere. Garia jotzeko trailuak zer-nolako indarra duen gertutik hartuta, hori bai dela alea eta lastoa bereiztearen artea. Arkitekturak eta haren islek ere badute tokia naturan. Begi urdin baten irisa da horko ale biribil hori, Iphone batekin ateratakoa. Katamotz iberiarra berez da ikusgarria, baina indartsuagoa begi bakarra denean, eta kamerari horrela begiratzen dionean. Fata Morgana izena du ilusio optiko horrek, ispilatze anizkoitzen fenomeno horrek, eta itsasoan gertatzen da —Eivissako ilunabarretan ere bai, agidanez—. Eta zer-nolako hortzak dituzten itsas trikuek gertutik, jaten ari direnean. Kamera erretinari begira jarrita ageri da beste horretan. Bizitzaren basoa jarri diote izena ondokoari, eta zer izango eta sagu baten giltzurrunaren sare baskular konplexua da. 

Oilo arrautzaren oskola, zeharka ebakita. JESUS REDREJO
Oilo arrautzaren oskola, zeharka ebakita. MARIA JESUS REDREJO

Egongo dira mihise aldrebesagoak museoetan. Zientziak eta naturak emandakoak dira erakusketakoak. Eta haiengan jarritako begiradak. Gainontzean, ez da erraza ulertzen nola izan litekeen ederra gonorrea infekzioaren irudia, edo arratoi baten garuna iktus betean ikustea. Hidroakaro baten azpiko aldeak badu bere xarma, alga gorriak ere bai berea, eta, izei baten zeharkako ebakia urdinez tindatutakoan, ikusgarria da emaitza. Berrugeta baten ezkatek ez sinesteko moduko koloreak eta formak dituzte. Armiarma otsoaren begiaren sekzioak ezustean harrapatzen du ikuslea. Zink oxidoa isolatuz lortzen dena da lore perfektu hori. Hazi baten erreserbako ehunaren irudia, aldiz, artistarik sonatuenak sinatuko luke. 

«Badaude aurreiritzi batzuk zientziaren inguruan: zaila dela, gogorra dela, zurruna dela… Eta ekinbide hau bada modu bat zientziara artearen bidez gerturatzeko. Finean, honen guztiaren atzean dagoena hori baita: herritarren zientzia eta zientziaren demokratizazioa», hausnartu du Lakunzak. Eta kontatu du, adibide gisa, Kubismo plutonikoa izeneko argazkiaren atzean dagoen istorioa: «Ama baten eta haren semearen arteko elkarlanetik sortutakoa da. Geologoa baita ama, eta arte ederretako ikaslea semea. Mikroskopio petrografikoa erabiltzen du amak bere eguneroko lanerako, eta semeari erakutsi dio hura erabiltzen. Artearen eremura eraman du semeak erabilera. Hainbat harkaitzen laminak ikusi dituzte elkarrekin, eta esperimentuak egin. Argazki hori da emaitza».

Arroka igneo plutoniko bateko mineralen kristalak. BRUNO FERNANDEZ
'Kubismo plutonikoa' izeneko argazkia: arroka igneo plutoniko bateko mineralen kristalak. BRUNO FERNANDEZ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.