ATZEKOZ AURRERA. Aitzol Lasa. Matematikaria eta idazlea

«Zientzia hobeki iristen da kulturaren bidez»

Matematika ildotzat duen bigarren eleberria idatzi du Lasak: 'Usategiaren printzipioa'. Euskal Idazleen Elkarteko kidea da, baina baita matematikaria eta NUPeko irakaslea ere.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Bere bigarren etxean erantzun die galderei Aitzol Lasak (Iruñea, 1978): Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Nekatoeneko egonaldian idatzitako liburua esku artean du: Usategiaren printzipioa (Denonartean, 2015). Gaztetxoei zuzendutako eleberri horretan, Dirichleten printzipioa azaldu nahi izan du. Zientzia dibulgazioaren garrantzia azpimarratu du, eta, bide horretan, zinema, arteak edo literatura erabiltzearen alde egin du.

Errazago da matematika istorio baten bitartez azaltzea?

Matematikak eta zientziak transmititzerakoan, gehiegi bultzatu dira bide akademikoak eta formalak. Gizartera filtratzen den kultura —artea, zinema...— orain gutxira arte ez da zientziarekin filtratu. Dibulgazio zientifikoarekin bilatzen da oso eremu txikietan erabiltzen diren nozioak eta edukiak filtratzea. Hala, Usategiaren printzipioa edo Hodeietan liburuetan, hari narratibo gisa erabili ditut eduki matematikoak edo jakintza zientifikoak.

Errazago ulertzen da horrela?

Bai, noski. Jakintza horren transmisioa erraztea da helburu nagusia. Baina errazteak ez du esan nahi edukiz hustea, baizik eta bilatzea testuinguru egoki bat eta ikusaraztea nozio matematikoak presente daudela eguneroko arloetan edo beste kultur adierazpideetan.

Gaztetxoengana ailegatzeko ez al da eraginkorrago bideo joko bat?

Zenbait bideo jokotan, proba bat gainditu behar duzu pantailak pasatzeko. Nobela batzuk ere gisa horretara planteatu dira: irakurleari problema ebaztea eskatzen zaio hurrengo kapitulura pasatu ahal izateko. Kasu honetan, problema batzuk agertzen dira, baina irakurleari ez zaio eskatzen horiek ebaztea.

Usategiaren printzipioa ez da eskolan erakusten. Zergatik hori?

Ez delako ohiko irakaskuntza arautuan irakasten den edukia; ordea, nahiko eduki erraza da, edonork ulertzeko modukoa, eta nahiz eta oso eduki oinarrizkoa eta ulerterraza izan, aldi berean oso teorema eta emaitza matematiko konplexuetan erabiltzen da goi mailako matematiketan.

Imajinario kolektiboan, letra eta zientzien artean talka edo gatazka dago. Zu zer zaude, linboan?

Hain zuzen ere, esperientzia hauekin erakutsi nahi da urteetan elikatu den haustura hori berriz josi behar dela. Nik ez dakit zergatik ikasle bakoitza ez den libre aukeratzeko nahi dituen ikasgaiak. Badirudi ibilbide bana dagoela; aldiz, zientziako nozioak hobeki iristen dira jendearengana zinema, literatura eta abarren bidez. Orduan, pertsona batek zergatik ez du jakin behar zinemari buruz eta zientziari buruz? Horrek kultura zientifikoaren transmisioa erraztuko luke.

Elkarrekin behar dute; batak besteari ematen dio?

Noski. Zientziaren irakaskuntzan eta transmisioan egin den akats larriena da sobera formalista dela. Ikuspuntu horrek 1960ko hamarkadako estrukturalismoan du jatorria. Baina, gaur egun, horrek ez du zentzurik. Modu intuitibo batean errealitateari lotuak irakatsi beharko lirateke lehenbizi nozio zientifiko eta matematikoak, eta, ondoren, norberak erabaki beharko luke zenbat sakondu. Puntako ikerlari izan nahi baduzu, iritsi beharko duzu formalismo horiek guziak ikastera.

Horrelako eleberriak ez dira ohikoak euskaraz.

Mundu anglosaxoian egiten dira horrelako lanak, eta gurera itzulpenak iristen zaizkigu. Oso liburu onak dira, baina agertzen diren erreferentzia kultural guziak kanpokoak dira, eta, ongi edo gaizki, liburu honek duen indargunerik handiena da erabiltzen den hizkera eta agertzen diren erreferentzia kulturalak bertakoak direla, Euskal Herrikoak. Gaur egungo hizkeran erabiltzen diren joerak sartzen ahalegindu naiz.

Hizkuntzari dagozkion erabakiak hartzeak —aditz trinkoak, hiztegian ez dauden hitzak...— gehitu dio zailtasunik?

Lehenengoa Elhuyar fundazioarekin kaleratu zenez, zuzenketa gogorragoak egin zituzten estiloaren inguruan. Oraingo hau Denonartean argitaletxearekin kaleratu da, eta askoz libreago sentitu naiz idazterako orduan. Beste argitaletxe batzuetan onartuko ez zizkidaten lizentziak onartu dizkidate.

Zein egoeratan dago zientziaren euskarazko dibulgazioa?

Pentsa zenbat egin duen hobera: duela hamar urte, Elhuyar fundazioak bakarrik egiten zuen zientziaren dibulgazioa Euskal Herrian. Horren ongi egin du bere lana, ezen une honetan krisian baitago, orain protagonista bakoitza hasi delako bere kabuz egiten lehen haiek egiten zituzten gauzak.

Ingelesak atzera eginarazi diezaioke norbaiti?

Ingelesa hizkuntza erreferentea da zientziaren dibulgazioan, eta izango da. Guk ongi egin dugu, azkenean ulertu dugulako euskarazko dibulgazioak ez duela behar gaztelania edo frantsesa bere bidea egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.