Mikel Garaizabal (Elorrio, Bizkaia, 1972) enologoa da —upategientzat lan egiten duen aditua— eta ardozaina —upategiekin loturarik izan gabe, jatetxe bateko bezeroei ardoa aukeratzen laguntzen diena—. Hordago ardoa saioa sortu eta zuzendu du; Peru Magdalena eta Sonia Villamor aktoreekin, Gotzon Garaizabal margolariarekin eta Ander Garaizabal musikariarekin batera, ardo dastaketaren saio bat hainbat arte motarekin laguntzen du. Gaur arituko dira Elorrioko Arriola antzokian, 18:00etan (euskaraz), eta 20:00etan (ele biz). Urtarrilaren 4an eta 5ean, Bilboko6. Pabilioian egingo dute saioa.
Ardoa edateko halako ekitaldia antolatzea ez al zaie gehiegizkoa irudituko basoerdizaleei?
Herri Urratsen aldeko jaian estreinatu genuen, Durangoko Plateruenan, baina ekitaldi hau beti da ezberdina. Orain, antzoki batera moldatu dugu. Egitasmo berria, berritzailea eta dibertigarria da. Hainbat artista elkartu ginen mahai baten inguruan, eta batzen gintuena jarri genuen gainean: bizitza maite dugu, gozatzea, eta, hainbat gauzaren artean, ardoa. Aktoreek, musikariak, margolariak eta enologoak, ardo bat dastatzean, bakoitzak nola ikusten duen adierazten dute jendaurrean, kolorez, hitzez, umorez eta jendearen parte hartzearekin. Ardo ezberdinak aukeratzen ditudanez, beti ezberdina da saioa.
Filmetan, mespretxuz tratatzen zaituen harroputza da beti ardozaina. Irudi hori aldatu nahi duzu?
Zoritxarrez, ardoaren mundua oso teknikoa da. Zientzia-fikziozko dastaketak egiten dira, inork ulertzen ez dituenak. Nik era pedagogiko eta arin batean azaltzen dut, erakusteko ardoaren inguruko komunikazioa beste modu batekoa izan zitekeela. Lauzpabost minututan ardoa azaltzen dut, eta gero lekua uzten diot poetari, musikariari edo aktoreari. Azken batean, ardoa gozatzea da, neurriarekin eta buruarekin edanda.
Badirudi Elizak husten hasi zirela mezak ardorik gabe ematen hasi zirenean. Ikuskizuna ardoarekin eginez gero, arrakasta ziurra da, besteak beste denak pozik ateratzen direlako.
Bost ardo dastatuko ditugu, txakolin bi tartean. Ibilaldi enologiko bat egingo dugu, beste arteekin lagunduta. Ikusle bakoitzak bost kopa izango ditu. Antolaketa handia behar du saioak, mahaiak eta bestelakoak jarri behar direlako. Ikasiko dugu ardoa dastatzen, ardoarekin gozatzen, baina baita beste zentzumenekin ere.
Egiten al dira halako saioak munduan beste nonbait?
Ibili gara hor zehar, eta halakorik ez da egiten, ez da egin. Topikoa apurtu nahi dugu. Jende gaztea ez da joaten ardo dastaketetara, uste duelako nagusientzako kontua dela. Euskal Herrian kultura jana eta edana dira; horregatik, ardoaren mundua artearekin zabaldu nahi dugu, biak aberasten ditugulako horren bidez.
Ardo batzuk ezagutarazteko erabiliko duzu saioa?
Ardo dastaketetan beti guk ordaintzen ditugu ardoak. Saio bakoitzerako egokiak iruditzen zaizkidan ardoak aukeratzen ditut. Horrek askatasuna ematen digu. Dagoeneko 600 ardo dastaketa egin ditut Euskal Herrian eta atzerrian. Ikuskizun hau ez dakit noraino eramango dugun; oraingoz gozatzen ari gara. Atzerrian egiteko proposamen bat ere badugu. Ardoaren titiriteroa naiz, azken batean, eta beste lau tirititerorekin elkartu naiz, edo, hobeto esanda, ardoak elkartu gaitu.
Mikel Garaizabal. Enologoa
«Zientzia-fikziozko ardo dastaketa tekniko horien topikoa hautsi nahi dugu»
'Hordago ardoa' ekitaldian, dastaketa bat poesia, musika, margo eta antzerki ikuskizun bihurtu du adituak. Munduan halakorik ez dela inoiz egin dio. Elorrion arituko da gaur, eta, datorren astean, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu