Ibilbide luzea du Pedro Miguel Etxenike zientzialariak (Izaba, Nafarroa, 1950). Fisikaria, EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikan katedraduna, Eusko Jaurlaritzako sailburu izana, Jakiundeko ohorezko presidentea eta DIPC zentroko zuzendaria da, besteak beste. Oraindik ezezagunak diren galderei erantzuna eman nahi die Etxenikek. Zientziaren hainbat arlotan izan duen ibilbideagatik Nafarroako Ikastolen Federazioaren NIE saria jaso berri du.
Nola jaso duzu Nafarroako Ikastolen Federazioaren NIE saria?
Hunkituta, ez nuen espero. Niretzat, ikastola hitzak bi esanahi ditu: ama eta euskara. Izaban jaio ginen, eta ez ginen euskararekin hazi. Pena handia izan da hori niretzat. Agian, euskara estimatzeko balio izan dit horrek. Bestalde, ikastolak euskara esan nahi du, herrialdeko berezko hizkuntzarekiko konpromisoa. Sari hunkigarria izan zen, ez nuen espero.
Beti izan duzu zientzia lagun?
Bai. Zientzia, eta, batez ere, fisika xarma handiko arloa da, hasieratik baitakigu ulertu dugun edo ez: matematikako problema bat ulertzen baduzu, ez da lan handirik egin behar. Urteekin ulertu dut zientzia dela gizateriaren lan kolektibo kultural garrantzitsuena: naturak nola funtzionatzen duen jakiteko aukera ematen digu.
DIPC zentroaren oinarriak zientzia, artea eta literatura dira. Zer dute komunean?
Kulturaren parte dira guztiak, eta jarduera horietan sormena ezinbestekoa da. Zientzia giza sormenaren alderdirik sakonenetako bat da.
Zientziak beti aritu behar du gizartearen mesedetan?
Zientzia aplikatua eta oraindik aplikatu ez den zientzia daude. Ezagutza beti izango da erabilgarria; onerako edo txarrerako izango den, hori beste kontu bat da. Gizateriaren itxaropen handia etorkizunerako zientzia da, baina horrek ez du esan nahi dena onartzen zaionik. Zientzialariek ahotsa altxatu behar dute intolerantzia eta irrazionaltasuna nagusitzen diren lekuetan, eta bizitza publikoan parte hartu behar dute.
Ezagutzarekin batera ezjakintasuna ere zabaltzen da?
Bai. Ezagutzaren lorpenik handiena ezjakintasuna areagotzea da. Ezagutzan aurrera egitean konturatzen zara zuretzat ezezagunak ziren galderak daudela. Ezagutzak ezjakintasun inkontzientea kontziente bihurtzen du.
Erantzunik gabeko galdera asko daude, beraz?
Materiaren osagaiak gutxi dira, eta simetria handiko legeen araberakoak dira. Horiek dira lege naturalak: grabitazioa, magnetismoa, interakzio indartsu eta ahula... Ez da batere naturala lege naturalak egotea. Zoragarria da. Zientzia fede batean oinarritzen da: mundua eta unibertsoa ulergarria izan daitekeela eta guk uler dezakegula sinestea da.
Zergatik ez da naturala?
Zergatik murriztuko da dena lau legetara? Munduaren konplexutasunak agertzeko mila modu daude, baina materiak lau lege sinple eta simetriko ditu. Kaosa litzateke naturalena.
Materia kondentsatuaren fisika kaosa ulertzeko erabiltzen duzu?
Bai. Kontua da azaltzea atomoen elkarreraginean eta oso simetrikoak diren legeetatik egitura asimetriko konplexuak ateratzen direla. Harri bati ostiko batek jotzen badiozu, min ematen dizu; hori propietate bat litzateke, zurruntasuna, eskala atomikoan zentzurik ez duena. Tximeleta batek eta lehoi batek oso antzekoak diren atomoak dituzte, baina emaitza oso desberdina da. Zientzia ulertezina da konbinazio aukerak amaigabeak direlako.
1970eko hamarkadan irudiaren egoera elektronikoak ikertu zenuen, baina ez zenuen ikerlana berreskuratu 2018ra arte. Zergatik?
Garai hartan existitzen ez zen teknologia bat iritsi zenean ekin nion berriro lanari. Elektroiak gainazalean nola aurki daitezkeen aztertu nahi nuen; elektroiak azaleraren ingurunea aldatzen du. Zientzia ere zortea da; teknologiak urte asko behar izan zituelako eskuragarri egoteko, baina iritsi zenerako teoria jada egina nuen.
Nanoteknologia ere ikertu duzu. Zein da egunerokoan duen eragina?
Garrantzi handiagoa du. Nanoteknologia da materia eskala oso txikian tratatzea. Partikula nanometriko bat elektroien oszilazioetarako erabil daiteke, energia horrek tumore batean eragin terapeutikoak izaten ditu. Bizitza bitxia da eskala nanometrikoan, eta Cambridgen [Ingalaterra] nengoenean erabaki nuen gehiago ikertu nahi nuela. Horregatik sortu genuen Nanogune.
Cambridge Unibertsitateko korridoreak zeharkatzen dituzunean, zer datorkizu burura?
Oroitzapen bikainak ditut. Nire ikasleei esaten diet fisikaren historia ezagutu behar dutela: zientzia ez da izoztuta dagoen dogma multzo bat, etengabe zabaltzen diren mugak ditu. Cambridge fisikaren historia da. Bertan 1897an aurkitu zuten elektroia, 1932an neutroia, eta DNAren helize bikoitzeko egitura. Urtero itzultzen naiz unibertsitatera.
Zientziaren korridoreak elitistak izan daitezke?
Zientziak prestakuntza handia eskatzen du. Ongi egiten dutenekin batera ikasi behar da, eta eliteko instituzioetan egoten dira. Zientzia elitista da, baina, aldi berean, guztiz demokratikoa da: esperimentu berri batek agintariak hankaz gora jar ditzake. Zientzia autoritatearen kontrako matxinada da, baina elitista da zientzialarien prestakuntzari dagokionez.
Politikan aritu eta gero, zientziara itzultzea erraza izan zen zuretzat?
Ez. Urte zoragarriak izan ziren, baina oso nekagarriak ere bai. Pozik itzuli nintzen Cambridgera, lasaitasunera. Politikan hamar urte eman izan banitu, agian ezingo nintzatekeen zientziara itzuli.
Zer ezaugarri komun dituzte zientziak eta politikak?
Gauza asko. Zientzialari on batek badaki arazo konplexu batetik funtsezkoena ateratzen, eta politikari on batek gauza bera egiten jakin beharko luke.
XX. mendea hiru hitzekin laburtzen duzu zure hitzaldietan: «Bit, gene eta atomo». Zeintzuk dira XXI. mendeko hitzak?
Zaila da baliokidea aurreratzen saiatzea. Garrantzitsuena ikertzaileak heztea da, etorkizuneko aurkikuntzak egin ditzaten. Oraingoz, nanoteknologia, konputazio kuantikoa eta adimen artifiziala izango lirateke.
Zientzialari berriei aholku bat?
Utz diezaiegun etorkizuneko artistei partitura idazten. Zientzia egitera animatzen ditut; nahiz eta egiten duten ekarpena txikia izan, garrantzitsua izango da zientziaren katean. Aurreko zientzialarien lanak ere aztertu behar dituzte, iraganak etorkizuna argitzen duelako. Joxan Artzek esaten duen bezala: «Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik».
Inoiz esan duzu fisikariak unibertsoko profetak zaretela. Zer aurreikusten duzu?
Tenperatura altuko supereroankortasunaren jatorria ezagutzea nahi nuke. Batzuetan galdera handiek oso erantzun mugatuak ematen dituzte, eta galdera txikiek, berriz, oso erantzun zabalak. Baina ez dut astirik interesatzen zaidan guztia ikertzeko. Pena ematen dit, interesatzen zaizkidan gauza asko ulertu gabe hilko naizelako.