AEBetako Zientzia Akademiak 2.214 kide ditu, eta lautik bat da Nobel sariduna. Hor sartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta lortutakoaz harro dagoela antzematen zaio Angel Rubio fisikariari (Oviedo, Espainia, 1965). Izan ere, atzerriko beste 21 kide onartu dituzte oraintsu akademian, barne proposamen bidez, eta Rubio da horietako bat. Euskal Herriak duen ordezkari bakarra da.
Hamarkada bete baino gehiago darama Rubiok EHUn: Materialen Fisikako katedraduna da, eta NanoBio Espektroskopia taldeko zuzendaria. Doktoretza ondokoan ekin zion nanozientziari, eta horri lotuta dihardu. Materialek argiaren eta antzeko estimuluen aurrean nola jokatzen duten aztertzen du. Nanoegituren eta biomolekulen portaera ezagutzeko garatu dituen zenbait simulazio teknikek ospe handia dute.
Zer dela-eta du hainbesteko prestigioa AEBetako Zientzia Akademiak?
Europan badaude antzinagokoak diren akademiak, baina AEBetakoa nagusitzen bada, hangoo partaide diren pertsonengatik da. Ia Nobel saridun guztiak daude akademian, bai eta dagokion zientzia alorrean eragin handia duen edonor ere. Mundu guztiak sartu nahi du hor, onenak han daudelako. Futbolean denek Real Madrilen edo Bartzelonan jokatu nahi duten bezala. Pertsona bikainak dituen ingurune batean zaude, eta hor egoteak bikaintasun horretan sartzen zaitu. Sartu baino lehen ere halakoa izango zinen, baina sartzean hitzek esaten dute. Prestigioaren definizioa da. Beste akademia batzuek ez dute meritokraziaren arabera funtzionatzen hainbeste, politizatuago daude agian. Niretzat, AEBetakoaren abantaila da zientzia bikaintasunaren irizpideari eutsi diola.
Zeregin zehatz batzuk izango al dituzu akademian?
Bai, baina oraindik ez dizkidate jakinarazi. Hala ere, ez dira derrigor egitekoak, boluntarioak baizik. Kide izateagatik ez duzu ordaintzen, eta ez dizute ordaintzen. Hala ere, botere politikoa ematen du ikerketa estrategiak diseinatzeko, etorkizuneko bideez eztabaidatzen da, lobby bat ere badute Nobel sarietarako norbait proposatu nahi izanez gero... Talde boteretsua dago atzean, proposatzeko eta aktiboak izateko. Horrek asko bereizten du beste akademietatik.
Zure iritziz, ikerketa zehatzen bati esker zabaldu al dizkizute akademiako ateak?
Nik uste 15-18 urteotan egindako lanen multzoarengatik izan dela, eta, batez ere, metodo teorikoekin nanoegituren diseinuaz egindakoengatik. Nagusiki, gero alor esperimentalean berretsi egin dituztelako. Hau da, guk teorikoki iragarritako gauzak aurkitu egin dituzte, eta ikerketa eremu berriak zabaldu dituzte. Horrek oso giro positiboa sortu du simulazio teorikoaren gainean. Dena dela, doktoretza ondokoa Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia, AEB) egiten nengoen garaitik datorkit ikerketa mota horretan dudan tradizioa. Aldaketa kualitatiboa zera izan zen, sistema makroskopikoetan lan egin beharrean nanoegituretara pasatu nintzela. Berkeleyko kideek izendatu naute akademiarako, hori da lotura.
Eta zergatik jo zenuen nano mundu horretatik?
AEBetan modan dago tenperatura handiko supereroankortasungaia. Niri hor lan egitea proposatu zidaten hasieran, Nobel sariren bat bide horretatik etorriko dela uste da... Baina aste batzuetan begiratzen ibili eta gero, Berkeleyn nuen irakasleari esan nion nahiago nuela beste gairen bat jorratu. Eta horrela hasi nintzen nanohodiekin. 1992an izan zen hori. Azkenean, oso arrakastatsua izan zen. Uste dut askoz ere aukera hobea izan dela, nahiz eta orduan bazirudien nire bizitzako akatsik handiena egin nuela.
EHUko zure taldeak NanoBio Espektroskopia du izena...
Espektroskopia hitza grezieratik dator [scopeo hitzak ikusi edo behatu esan nahi du]. Espektroskopia da nanopartikulen eta biomolekulen propietateak ikusteaz arduratzen den zientzia.
Espektroskopia nahiko maiz entzuten da gaur egun, baina jendeak ba al daki zer den?
Estimulu elektromagnetikoei egiten zaien erreakzioa da, besterik gabe. Espektroskopia arrunta da, adibidez, gaur egun erresonantzia magnetiko nuklearreko eskanerrak egiteko erabiltzen dena. Horiek frekuentzia txikietan egindakoak dira, baina neurri asko daude, nahi dugun aplikazioaren arabera. Infragorriak, mikrouhinak, irrati uhinak...
Zure taldeak maila teorikoan egiten al du lan erabat?
Bai, baina kontua da kontaktu esperimental asko ditugula. Lanetako asko ikertzaile esperimentalekin egiten ditugu. Adibidez, Science aldizkarian elkarlan horretan egindako artikulu bat onartu digute eta hurrengo asteko ostiralean aterako da. Lan hori esperimentala da berez, baina zati teorikoa garrantzitsua da, azaltzen duelako zergatik funtzionatzen duen materialak funtzionatzen duen bezala.
Gaur egun egiten ari zareten lanen artean, baten bat azpimarratuko al zenuke?
Fotosintesi artifizialaren kontuan gabiltza, hori da Nature eta Science aldizkarietan atera dugun gauza bat. Eta gero, oso gauza polita daukagu esku artean, fotoien arteko sistema konplexuei buruz. Teoriaz harago garrantzirik edo interesik baduten? Ikusi beharko. Baina erakargarria da.
Zuen ikerketa lanek argiarekin eta,oro har, energiarekin izaten dute lotura maiz. Iturri alternatiboak bilatzeko bideez ari al gara?
Hori ez da gure azken helburua, baina gerta daiteke. Argiak materiarekin zer interakzio duen ulertzeak eman ditzake ideia batzuk. Jende asko dabil horretan: nola biltegiratu xurgatu den energia elementu kimikoetan, adibidez, landareek egiten duten bezala. Energia elementu kimiko bihurtzeko prozesua zabalik dagoen ikerketa eremu bat da. Ekarpena egin badezakegu ongi etor dadila, baina gure helburua aurreko urratsa da: argiak materialekin duen interakzioaren alorra ulertzea eta hobetzea. Eta materialak, zentzurik zabalenean: orain ez-organikoekin ari gara, baina izan daitezke organikoak, zelulak... edozer.
Nanozientzia al da gaur egun zientzia aplikatura bidean potentzial handiena duen ikerketa alorra?
Nanozientzia, bioteknologia... bien arteko konbinazioa da, nire ustez. Baina batez ere, ez dugu ahaztu behar eskala makroskopikora ere jo behar dugula. Hau da, bi alor horien arteko nahasketa da, joera klasikoak [eskala makroa] batuta. Material berriak giza eskalan sortzeari buruz ari gara, eta hori multieskala arazo bat da, eta oso konplexua. Txikienetik handienera egin behar da, denbora eskala oso laburretatik denboraren giza eskaletara, eta zubi horiei ezaugarri egokiak ematea oso zaila da. Esaterako, gure taldean beti denbora laburren eskalan gabiltza, eta tamaina txikian, eta dirudien baino garrantzitsuagoa da. Orduan, pixkanaka joan beharra dago aplikagarritasun neurria handituz. Sistema konplexuei aurre egiten jakitea ere bada gakoa.
Nanoa fisika kuantikoa da; makroa, fisika klasikoa. Bi fisiken arteko lotura egiteaz ari gara hemen, ezta?
Hortan aritzen gara egunero, konbinatzearen arazoaz. Horretarako, sinplifikatu egin behar da: zati batzuk tratatzeari utzi behar diogu, besterik gabe. Adibidez, atmosfera azaltzeko, ez du axola gela honetako aulkiak nola ditugun antolatuta. Ez dugu behar, sinplifikatu egiten dugu. Orduan, gero eta eskala handiagoko ereduak egin behar dira, baina xehetasunez arduratu gabe, sistema gero eta konplexuagoak jorratu ahal izateko.
Theoretical Spectroscopy Facility (espektroskopia teorikoen instalazioa) egitasmoan ere bazabiltzate buru-belarri zure taldean. Zertan datza hori?
Azpiegitura bat da, aukera ematen diguna zerbitzuak emateko laguntza behar duten talde edo ikertzaileei; laguntza teorikoa, espektroei eta materialen erantzunari dagokionez. Industrian ere izan ditzakegu bezeroak, aplikazio oso zehatzak bilatzen ari diren enpresetan. Galdera da ea guk egin dezakegun material hautaketa bat, ea zehaztu dezakegun haiei interesatzen zaien funtziorako material onenak zeintzuk diren. Theoretical Spectroscopy Facility Europako askotariko taldeen batura da. Alemanian, Italian, Frantzian... tokiko jarduera horiek guztiak batzea da asmoa. Egoitza Bruselan izan zuen hasieran, eta hemen dago orain, baina esan dezakegu egoitza birtuala duela benetan.
Horri lotuta, tokiko enpresa txiki bat osatzen ere bazabiltzate.
Hau ez da Europako kontu bat: spin-off bat sortzen ari gara hemen. EHUrekin eta Materialen Fisika Zentroarekin (CFM) egingo dugu, materialen eboluzioari buruz. Industriaren alorreko gertuko inguruneari zerbitzua ematea da helburua. Inpaktua izango duen ala ez, ikusi beharko.
Ezarian. Zientzia. Angel Rubio. EHUko fisikaria
«Zientzia Akademian sartzea prestigioaren definizioa da»
National Academy of Sciences AEBetako erakundeak atzerriko beste 21 kide izendatu ditu, eta Angel Rubio EHUko Materialen Fisikako katedraduna da horietako bat; fisikariak dio zientzialari guztiek hor egon nahi dutela dio, «onenak han daudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu