Jolasteko moduak aldatu egin dira, eta duela urte gutxi bideo-jokoak tabernetako makinetan ikusten genuen mundu miragarria baino ez baziren ere, gaur egun gertutik bizi dugun fenomenoa dira. Haurrek bideo-jokoetarako duten zaletasunak kezka sortzen du askotan. Kontuan izan behar da, ordea, jolasteko moduak aldatu egiten direla belaunaldiz belaunaldi, eta belaunaldi honek eduki digitalak oso modu zuzenean bizi dituenez, onartu beharra daukagu bideo-jokoek gure seme-alaben aisialdian duten garrantzia.
Horrenbestez, bideo-jokoak erostean ondo aukeratzea gure ardura da, gure seme-alaben aisialdia egokia izatea nahi badugu. Bideo-jokoak erostea gurasoen esku dagoenez, komeni da erosi aurretik informazio pixka bat izatea; baita, ahal dela, bideo-jokoak ezagutzen saiatzea eta etxean jokoan parte-hartzaile aktibo bihurtzea ere. Dena den, nahikoa da oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutzea, bideo-jokoak hautatzeko garaian lasaitasunez aritu ahal izateko.
Joko-plataformak
Kontuan izan era askotako joko-plataformak daudela, eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Oso modu laburtuan, honela multzokatu daitezke:
Etxeko bideo-kontsolak. Arazorik gabe jolasteko egokiak dira, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu: PS2 eta XBOX ekintza, futbol eta abenturazko jokoetarako dira nagusiki; PS3 maila altuko jokalarientzat da; eta Wii, familian eta lagunekin jolasteko.
Bideo-kontsola eramangarriak: NintendoDS adin guztietarako da, eta era guztietako jokoak dauzka; PSP PlayStation-en bertsio eramangarria dela esan daiteke; eta GameBoy haurrentzako kontsola da.
Ordenagailua eta Internet. Ordenagailuan eta Interneten mota guztietako jokoak erabil daitezke, eta kontsoletan baino aukera zabalagoa dago. Bideo-joko didaktikoak ere badaude ordenagailurako, kontsoletarako ez bezala. Ordenagailuaren abantaila bat da jokatzeaz gain bestelako erabilerak ere badituela, eta, hori dela eta, haurraren gelan jartzeko eragozpen gutxiago egon daitekeela.
Ezaugarri horiek aztertzea komeni da joko-plataforma hautatzerakoan, emango zaion erabileraren araberako aukeraketa egiteko.
Jokoen egokitasuna
Bideo-joko bat erosi aurretik nola jakin haurrentzat egokia den ala ez? Badaude horretarako bideak, eta jokoen kaxan haren egokitasun-maila neurtzeko behar den informazio guztia egoten da. Pelikuletan adinak sailkatzeko sistema bat dagoen bezala, bideo-jokotarako ere PEGI (http://www.pegi.info) izeneko sistema dago. PEGI da bideo-jokoen industriak onartutako estandarra, eta horren bitartez neurtzen da joko baten egokitasuna adin bakoitzerako, bai eta nolako edukiak dituen ere. Ikono batzuen bitartez adierazten da jokoak biolentzia, sexua edo bestelako edukiak dituen, bai eta zer adinetarako den egokia ere. Taulan ageri dira PEGIk erabiltzen dituen ikurrak eta bakoitzaren esanahia .
Dena den, kontuz ibili behar da adinaren azalpenarekin, PEGIk adina edukien arabera sailkatzen baitu, ez jokagarritasunaren arabera. Adibidez, xake-joko bat hiru urtetik aurrerako haurrentzat egokia dela adieraziko du PEGIk, biolentziarik edo sexurik ez duelako; baina horrek ez du esan nahi hiru urteko haurrak xakean joka daitezkeenik.
Euskarazko bideo-jokoak
Jokoak aukeratzeko garaian, hizkuntza ere kontuan hartu beharreko faktore bat da. Merkatuan gehien ikusten diren bideo-jokoak modan dauden edo marketin handiena duten jokoak dira; baina kontuan izan, apalagoak izan arren, euskarazko bideo-jokoak ere badaudela, kalitate handikoak, gainera. Euskaraz bideo-joko ludiko gutxi dago, garestia baita horrelakoak ekoiztea, eta marka komertzial handiek ez baitute aukerarik ematen beren jokoak euskaratzeko; baina pixkanaka hasi dira gutxi batzuk euskaratzen. Bideo-joko didaktikoen kasuan, aukera askoz zabalagoa da, ekoizpena merkeagoa denez, Euskal Herrian bertan garatutako produktu asko eta onak baitaude euskal merkatuan.
Zoritxarrez, ordea, bideo-kontsolen arloan euskarak ez du presentziarik, eta PCan eta Interneten jokatzeko jokoak baino ez ditugu euskaraz. Espero dezagun berandu baino lehen alor guztietan aurkitu ahal izatea euskarazko jokoak gure seme-alabentzat.
ZIBERGELA. Bideo-jokoak ezagut ditzagun
Oinarrizko ideia batzuk ezagutzea nahikoa da bideo-jokoak egoki hautatu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu