Zezenketak «historiaurreko kontua» direla salatu dute Iruñean

Anima Naturalis eta PETA taldeek protesta egin dute zezenketen kontra. Dinosauroz mozorroturik entzierroaren ibilbidea egin dute

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Dinosauroak agertu ziren atzo Iruñeko Udaletxe plazan. Eguerdian, txupinazoa botatzeko 24 orduren faltan, dinosauro laranja batek hartu zuen lekua. Kartel bat zuen eskutan: Tauromakia historiaurrea da. Anekdota: berehala hurbildu zitzaion gizon bat oihuka, zezenketen aldekoa bera. Ez zuen deus oztopatzerik izan. Jarraian, beste 39 dinosauro agertu ziren Burguen plazatik, baita zuri-gorriz jantzitako zenbait gazte ere. Anima Naturalis eta PETA taldeek antolatu zuten protesta. «Zezenketak abolitu», «sanfermin krudelik ez» eta «tauromakia historiaurrea da» oihuek gogorarazi zuten bihartik aurrera 48 zezen torturatu eta hilko dituztela aurten ehun urte bete dituen zezen plazan.

Zezen plazarainoko bidea egin zuten denek, dinosauroen entzierro bat simulatuz. Bidean zezenketen kontrako aldarriak ozen oihukatu zituzten. Zezenketak «historiaurreko kontua» direla salatu zuten. «Urteetan gizakiak eboluzionatu egin du, baina oraindik animaliak torturatzen diren ikuskizunak egiten dira. Aspaldiko zama bat da, eta ez digu aurrera egiten uzten», esan zuen Yasmina Moreno Anima Naturalis taldeko koordinatzaileak. «Ez dago zertaz harrotu; zezenketak tortura, odola eta heriotza baizik ez dira».

Gainera, zezenketak bestaren kontrakotzat jo zituen ekintzaile animalistak: «Sanferminak bizitza dira, irribarrea, gogoberotasuna; sanferminak bizitzaren ospakizuna dira, ez heriotzarena». Ez, aitzitik, zezen plazan: «Heriotzaren eta sufrimenduaren kultura da zezen plazakoa, han ez dago zer ospatu». Hori dela eta, zezenketak debekatzeko eskatu zuen: «Animalien tratu txarren zama gainetik kentzen dugunean hasiko da gure benetako historia».

Heriotzaren korridorea

Jana Uritz Anima Naturalis taldeko kidea ere mintzatu zen atzo. Entzierroari buruz galdetuta, argi mintzatu zen: «Dena gauza bera da: lotuta daude zezenketak eta entzierroa. Lasterka aritzen diren zezen horiek dira arratsaldean hiltzen dituztenak; heriotzaren korridorea iragan behar izaten dute». Hori bakarrik ez, Iruñean ere zezenketen auzia eztabaidatzeko garaia dela aldarrikatu zuen: «Kalean zezenketen kontrako aldarria aditzen da, eta geroz eta jende gutxiago doa zezenketetara». Bihar da lehenbiziko entzierroa eta zezenketa Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.