Jaiak. Tafalla

Zezenen entzierroa, punta-puntakoen artean

Dolores Aguirre, Cebada Gago eta Victorino Martin ganadutegietako zezenak egongo dira

Entzierroan, sei zezen ateratzen dira. ATXU AYERRA.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Tafallako entzierroak 800 metroko ibilbidea du. Iruñeko entzierro ezagunaren atzetik, Nafarroako eta ia munduko ezagunenetakoa da. Bertan, ganadutegi ezagunetako animaliek parte hartzen dute; aurten, esaterako, Victorino Martinekoek, Dolores Aguirrekoek eta Cebada Gagokoek. 500 kilotik gorako zezenek.

Egunero egiten dute entzierroa; 08:30ean irteten dira zezenak. Baina horren aurretik, aurreko egunean 01:30ean bide bera egiten dute goizean aterako diren sei zezenek, atzetik aurrera, joaldunen laguntzarekin. Entzierriloa deitzen diote horri, baina kasu honetan zezenen aurretik ez da korrikalaririk joaten, joaldunen laguntzarekin egiten dute bidea.

Mundu osoan garrantzitsua

Entzierroak gustatzen zaizkienentzako zita garrantzitsua izaten da Tafallakoa. Eta aurten, are gehiago. Hiru ganadutegi ezagun horietako zezenak egongo direnez jende gehiago espero dutela esan dute udaleko arduradunek. Zezenaren aurrean jartzeko aukera egoten da, eta jende kopurua Iruñekoa baino txikiagoa denez, ibilbideaz gehiago «gozatu» daitekeela diote adituek. Korrika egiteko tartea egoten dela adierazi dute, eta horrek korrikalariak animatzen dituela, Tafallakoa iritsi zain egoten dira hainbat. Euskal Herriko hainbat herritatik —adibidez, Iruñetik— eta Espainiako hainbat probintzitatik joaten da jendea Tafallako entzierroan parte hartzera. Arrazoi horiek egin dute berezi Tafallako entzierroa; azken batean, Iruñeko entzierroetako zezenen antzekoak dira pisuari dagokionez, baina Iruñean baino «gusturago» korrika egiteko aukera izaten dute korrikalariek.

Entzierroan parte hartu nahi ez baina bertatik bertara zezenak ikusi nahi dituztenentzat ere aukera bikaina dela diote, ibilbide ia osoa ikus daitekeelako, eta ikusten ere hainbeste jende egoten ez denez zezenak gertu ikus daitezkeelako. Segurtasuneko muga horretan egon behar bada ere, aurrean ikusle gehiago egoten ez direnez oztopo gutxiago egoten dira. «Polita izaten da», adierazi du Jose Javier Calvo zinegotziak.

Hark ere parte hartu izan du, eta «gozatu» izan duela ziurtatu du, trabarik gabe zezenaren aurrean korrika egiteko aukera paregabea delako. Entzierroaren ostean, zezenketak egingo dituzte sei zezen horiekin. Horrez gain, astelehenean, errekortarien X. Tafallako hiria lehiaketa egingo dute.

Calvo zinegotziak nabarmendu du Nafarroan entzierroak egiteko ohitura handia badago ere, Tafallakoa ezaguna izateaz gain «gogorra» dela. Azken batean, 500 kiloko zezenak ateratzen direlako. «Baina azken urteetan ez da arazo larririk egon, eta dena bere normaltasunaren barnean egin da», esan du Calvok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.