Zezenak ziztuan

Ventorrillo ganadutegiko zezenek bi minutu eta hogei segundo behar izan zuten bidea egiteko

Alberto Barandiaran.
Iruñea
2009ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bi minutu eta hamar segundo, hor nonbait da sanferminetako entzierroaren errekorra. Ez zezen bakar batena, hori minutu bat eta 45 segundokoa baita, 1997ko uztailaren 11koa, Jandilla ganadutegiko Huraño zezenak egin zuena. Baina sei zezeneko tropel lasterketarik azkarrena bi minututik ez oso goiti da. Atzo, bi minutu eta hogei segundo besterik ez. Ez dago askoz azkarrago egiterik. Kontuan hartuta, gainera, Estafeta erdian-edo hainbat animalia erori egin zirela.

Azkarra izan zen, beraz, atzokoa, oso azkarra. Adardunek bezperakoen marka gainditu nahi balute bezala. Santo Domingoko aldapatik azkar atera ziren, eta, joaldunak buruan zihoazela, azkar eta bazterrera egin gabe burutu zuten aldapako ibilbidea. Zezen beltz handi bat aldaparen erdian irrist egin eta atzera samar geratu zen, baina berehala harrapatu zuen tropela.

Estafetako korrikalaria

Bezperan baino korrikalari gutxiago antzeman zen, eta Santo Domingokoek hainbeste maite dituzten lasterketak egin ahal izan zituzten, tokia aukeran, bizkor-bizkor. Estafetako bihurgunera iritsi baino lehen, korrikalari batek okerreko bidea hartu eta bidea ixten duen oholaren kontra egin zuen zuzenean. Adardunak oso bizkor heldu ziren, baina gizasemeak gainditu egin zuen bihurgunea, gainditu bidean topatu zuen oztopo oro eta ia zezenen abiadura eta indarrarekin gainditu zuen berez oso egoera latza izan zitekeena. Entzierroaren unerik ikusgarriena izan zen.

Estafeta erdian edo, zezen bat erori eta atzeko bi anaiek ere irrist egin eta lurrera egin zuten. Ondorioz, zenbait korrikalarik estropezu egin zuten. Zezenak eta korrikalariak denak batera altxatzen ahalegindu ziren, eta adardun batek bete-betean harrapatu zuen, orduan, gazte bat. Hala ere, ez zen adarkadarik izan. Hiru joaldun eta zezen gorrizta bat geratu ziren aurretik, ondoren beste hiru zezenak, eta, atzerago, eroritako bi.

Estafetaren amaieran, korrikalarien arteko pilaketa gertatu zen, baina animaliek korrikalarien gainetik egin zuten, zapaldu gabe. Sei lagun eraman zituzten erietxeetara, kolpe arinekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.