Zesta-punta berria

Euskal Herriko zesta-punta erdiprofesionaleko lehen txapelketa mistoa sortu dute. «Ez da erraza izan txapelketa antolatzea, lan asko egin dugu», adierazi du Jon Zabala txapelketaren bultzatzaileak.

Arai Lejardi, Jon Zabala eta Jokin Arbe zesta berriarekin, Markina-Xemeingo frontoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Arai Lejardi, Jon Zabala eta Jokin Arbe zesta berriarekin, Markina-Xemeingo frontoian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Markina-Xemein
2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Munduko joko bizkorrenetako bat da. Pilotak 125-140 gramo pisatzen du, eta orduko 302 kilometroko abiadura ere har dezake. Orain gutxira arte, gizonezkoak gehiago aritu izan dira zesta-puntan emakumezkoak baino. Gaur egun, ordea, emakume gero eta gehiago  dabiltza kirol horretan. Horren lekuko da antolatu berri duten lehiaketa, zesta-punta erdiprofesionaleko Euskal Herriko lehen txapelketa mistoa: Bullet Team Series. Maiatzaren amaieran hasi zen, Bilbon; ekainaren 16an Miarritzen (Lapurdi) jokatu zuten, sanferminetan Iruñean, aurreko astean Gasteizen, irailaren amaieran Zumaian (Gipuzkoa) jokatuko dute, eta finala urriaren 26an izango da, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Sei talde ari dira lehian, talde bakoitzean sei pilotari —gizonezkoen bi bikote eta emakumezkoen bat—, eta talde bakoitzak pilotari profesional bat du kapitain.

Jon Zabala Bullet Team Series txapelketaren enbaxadoreak adierazi duenez, azaroan hasi ziren txapelketa misto bat egitea pentsatzen, Guuk babeslearekin batera. «Ameriketan jokatzen den estiloari jarraituz antolatu dugu txapelketa, nolabait ideia handik hartuta», gaineratu du Zabalak. «Ez da erraza izan txapelketa antolatzea; lan asko egin dugu», gehitu du. Izan ere, pilotari askorekin hitz egin dute, edo kapitainak lortu behar izan dituzte, besteak beste. Esker ona adierazi nahi izan die Zabalak: «Alde horretatik asko dugu eskertzeko, bai pilotariek eta bai kapitainek bidea erraztu baitigute». Txapelketak orain arte izandako erantzunarekin «gustura» daude antolatzaileak.

Partidetan, taldeak bata bestearen aurka aritzen dira, gizonezkoen bikoteak gizonezkoen aurka eta emakumezkoak emakumezkoen aurka. Ondoren hiru partidetako puntuak batu, eta, hala, jardunaldi bakoitzeko puntuak eskuratzen dituzte. Partida bakoitzean bi set jokatzen dituzte, hamabi tantora, eta, berdinduz gero, beste bat, hamar tantora. Jokin Arbe txapelketako partaidearen hitzetan, «orain arteko txapelketetako taldeak bikoteak izan dira, eta orain, bat-batean, zureaz bestelako partida batek ere axola dizu: polita da talde sentimendu hori nabaritzea». «Askotan, txapelketa honetan nahiago duzu talde osoak set bat irabaztea zuk irabaztea baino: lehia oso desberdin ikusten duzu», gaineratu du Arai Lejardik; 17 urte ditu, eta Bullet Team Serieseko partaide da.

«Orain arteko txapelketetako taldeak bikoteak izan dira, eta orain, bat-batean, zureaz bestelako partida batek ere axola dizu; polita da talde sentimendu hori nabaritzea»

JOKIN ARBEPuntista

Txapelketak orain arte izandako harrerarekin gustura agertu dira Lejardi eta Arbe ere. «Lehen, gure ondorengo partida ikustera etortzen zen jendea, baina, orain, sumatzen dugu gure partidak ikustera ere etortzen direla», adierazi du Lejardik. Arbek aipatu duenez, «zesta-punta ohiko kirola ez den frontoietan» jokatzen ari dira, eta txapelketa «ondo» hartu dute ikusleek. «Gauza ona da zesta-punta beste leku batzuetara eta bestelako jendearengana hurbiltzea», gehitu du.

Zesta berriak probatzen

Nahiz eta Lejardik eta Arbek oraindik ez duten probatu, Zabala eta beste pilotari batzuk zesta berri bat probatzen ari dira. Zesta tradizionalarekin konparatuz, materialean dago aldea. Zesta tradizionalak zurezkoak dira, eta berriak, berriz, karbono eta aluminio zuntzezkoak. Aurrelarien eta atzelarien joko estiloak eta ezaugarriak kontuan hartuta, zesta berri hori hobeto egokitzen zaie atzelariei, aurrelariei baino. Izan ere, aurrelariek «mugimendu azkarragoak» egiten dituzte, eta zesta mota horrek «kalte egiten die mugimendu horiei». «Zesta tradizionaletako egurra gogorra izaten da, eta, ondorioz, pilota jotzen duzunean segidan atera daiteke. Zesta berriak kevlarrezkoa direnez, pilota geratu egiten da nolabait, moteldu», adierazi du Zabalak.

«Polemika handia sortu du» zesta mota horrek. Zesta-punta kirol tradizional bat izanik, «oso zaila» da horrelako aldaketak txertatzea. «Behin produktua kantxara ateratzean, ona izan dadin ahalegindu behar dugu, aurka dagoen jendeak iritzia alda dezan», esan du Zabalak. Adierazi dute «behartuta» egin dela aldaketa, gaur egun «oso zesta egile gutxi» baitago eta eskaera «asko» baitituzte. Prezioa eta gastu handirik ez egin behar izatea dira zesta berriaren abantaila nagusiak. «Zesta tradizionalak baino merkeago jartzeko asmoa dago. Egurrezkoak azkarrago puskatzen dira, eta mantentzeko ere diru dezente gastatzen da», adierazi du Zabalak. «Gure helburua ez da egurrezkoa kentzea, baizik eta egurrezkoa ordaindu ezin dutenei laguntzea», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.