Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III)

Zerutik gertu

Dionisio Cañas poetak dio zerutik gertu ez dela ondo egoten. Hala kantatu zuen Ruperrek 2014ko ‘Lurrean etzanda’ albumean. Hamar urte geroago, Dionisiok kontatu eta Ruperrek kantatu duena egiaztatu edo gezurtatu ahal izan dut. Erantzuna, lerroon bukaeran.

Port de Sotllo (2.874 m) atzean utzi, eta bagoaz Estany d'Estats agurtzera. IBON MURUA AZKUENAGA
Port de Sotllo (2.874 m) atzean utzi, eta bagoaz Estany d'Estats agurtzera. IBON MURUA AZKUENAGA
Ibon Murua Azkuenaga
2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Esperientzia hau bizi izan dutenetako batzuek zeharkaldia La Porta de l’infern bezala birbataiatu izan dute, fisikoki oso exijentea omen delako. Nik esango nuke penitentzia hitzak hobeto definitzen duela; hau da, zerua erdietsi aurretik pasatu beharreko sufrikarioa dela, lau eguneko sufrikarioa, zehatzagoa izateko. Gainditu beharreko ibilbide sorta labur bezain pikoa da, barkamenik gabekoa, Ruperrek eta Dionisiok aipatutako armiarmek tranpak jartzen dituzten estiloan.

Tranpak, bai, errenkadan datoz, bata bestearen atzetik eta coll forman. Pausoa eta arnasa lasaitzen hasten diren une berean, hor dator, ttak!, 500 metroko igoera pikoa duen pareta, hurrengo haranera pasatu ahal izateko. Hor dugu, adibidez, laugarren eta azken etapan, Baborte izugarria. Ezkutatzen duen altxorra deskubritzeko ematen digun aukera bakarra kilometro eta erdi inguru dituen xendra estu, piko eta sigisagatsua gainditzea da; egur ederra, baina... behin desafioa irabazita, hura begientzako oparia!

(ID_14525058) (/EZEZAGUNA) 240806_1_estanysblaus.
Estanys Blaus erdietsi bezain laster, gure arreta bereganatu du Certascan tontorrak (2.853 m). IBON MURUA AZKUENAGA

Xendra estuetan zehar xinaurriek beren bidea egiten duten bezala, hor doa gure zortzikotea, coll-ak kateatuz, orain gora, orain behera; egun batean batera, hurrengoan bestera. Agertzen diren haranek gordetzen dituzten estany-ak (Certescan, Montcalm, Sotllo...) gozamen ikaragarria dira, begietarako alde batetik, gure oin eta gorputz egurtuen atsedenerako bestetik. Ez dugu ahaztu behar gainean daramagula bost egunerako behar duguna, hasi plumas batetik eta haginak garbitzeko pastaraino. Eskerrak, behintzat, afariak, gosariak eta eguneko askariak ostatu hartzen dugun mendi aterpeetan eskatuak ditugula. Zama ederra kendu dugu gainetik!

Bitartean, gure pausoei adi-adi jarraituz, igelek beren burutxoak atera dituzte babesten dituzten estany-en ur azaletik, agian gaur zer bi hankako fauna pasatzen den kuxkuxeatzeko, agian mokadutxoa egiteko, hegalari despistaturen baten zain.

Zerutik gertu ez ei dira entzuten albisteak, zail baitu komunikazio posteak inguru malkartsuotan bere uhinak sartzea. Tontorrak geratzen zaizkio, baina... adi!, hiru estaturen artean kokatutako paraje honetan Andorrako uhinek beste bienak menderatu badituzte, eta sakelako telefono despistaturen batek amua irentsi badu... ederra izango da hilabete amaieran bere jabeak galduko duen txin-txin kopurua!

Aipatu ditut mendi aterpeak, eta, agian, momentu egokia da horien inbentario txiki bat egiteko. Txikitik handira ordenatuz, hemen dugu sortatxoa: Baborte inguru zoragarri batean kokatua dagoen aterpe librea da, sardina kaxa baten tamainarekiko zuzenki proportzionala, eta igartzen da bertan jendea biltzen dela: horrela salatzen du bertako esentziak... Baina hau bisita kulturala izan zen, bertan ez genuen ostatu hartu.

(ID_14525062) (/EZEZAGUNA) 240806_3_gaurkogaua.
Gaurko gaua Certascan aterpe ñimiñoan igaroko dugu, izen bereko estany-aren parean. IBON MURUA AZKUENAGA

Pirinioetako lakurik sakonena den —urtegi bat, zehatzago esateko— Certascanen ondoan dugu, zeharkaldiko 1. etapa luzearen bukaeran, izen bereko mendi aterpe txiki gordea. Hemen, sentsazioen eskaileran maila bat gora egin, eta sardina izatetik oilasko izatera pasatzen da bat, oilasko errea, zehatzago esateko. Sentsazio hori hemen bizi izan dut estreinakoz —egia esatera, arraroa zen, baina aterpeak berrogei leku bazituen, gaur berrogeiak zeuden beteta—. Egun horretan 1.500 metroko igoera jarraitu bati aurre egin izanagatik, ez nuen lortu gau horretan atseden pixka bat ere hartzerik. Literetan estu-estu nengoen, postura egokienaren peskizan soilik nire Z ardatzaren inguruan biratu nezakeelarik, bero izugarria jasanez. Afalorduan, sardexka eta labana ozta-ozta mugitu ahal izan nituen, eta hurrengo goizean, gosariaren buffetaren inguruan zegoen jende dentsitateari ezin aurre eginik, ahora ez nuen galleta pare bat besterik sartu... Baina mendiko aterpetxeetan horrelakoetarako ere prest egon behar da. Gaitz erdi, behintzat, oheek koltxoi berriak zituzten-eta, aurten erosiak!

Hurrengo eguneko etapa gorabeheratsua gainditu ondoren —1.350 metro gora, beste horrenbeste behera, eta tartean hiruzpalau coll; eta hori guztia 13 kilometro eskasean!—, zain genuen, Frantzia aldean, argazkietan ederto geratzen den Pinet aterpetxea. Gidak abisatu zigun, bertan egin zituen azken egonaldien esperientziatik, bertako zaindaria gogaikarri samarra omen zela... Prest geunden, hortaz, baina itxaropen pixka bat piztu zigun aurten esleipena aldatu zela aditzeak... eta zortea izan genuen!

(ID_14525057) (/EZEZAGUNA) 240807_3_pointederecs(2447m)
Pointe de Recos (2.447 m). Hemendik ikusi dugu Pinet lehen aldiz... amildegiaren beste aldean. Frantzia aldean behetik gora datorren laino sortak kezka pixka bat sorrarazi digu. IBON MURUA AZKUENAGA

Bikain portatu zen bertako neska kuadrilla —bide batez, frantziar tentearen estereotipoa lurperatuz—, afari oparoa izan genuen, eta baita hurrengo eguneko piknika ere. Aurreko egunean Certascanen sentitu nuen itolarriak eragotzi zidan dutxa ere Frantzia aldeko aterpe horretan hartu nuen, baina ez dutxan, aterpeak aurrez aurre zuen lakuan baino! Sentsazio bitxia da —eta klima aldaketak erruaren parte handi bat izango du— arratsaldeko seietan, 2.240 metroko altueran, laku batean galtzontzillo hutsean sartu eta hotzik apenas sentitzea. Hura ikusirik, atzerritar talde bat gerturatu zitzaidan sinesgaitz, ea ura bainatzeko moduan zegoen galdetuz. «Of course!» esan, eta, hitz horiekin batera, euretako batzuek nire bide berbera hartu zuten. Gau horretan lo pixka bat gehiago egin ahal izan nuen —ez zen zaila, egia esateko—.

Montcalmera azkenean

3. etapa omen zen etapa nagusia, ez bereziki gogortasunagatik, baizik eta bertan aurkituko genuelako ibilbide osoko protagonista nagusia, orokorrean jendearen gutizia izaten dena: Pica d’Estats (3.142 m). Idazten duen honek, ordea, pertsona berezia izanda, ez zuen mendi hori igo! Horren ordez, taldekideetako batekin batera joan zen bertan dagoen baina tamalez aurrekoa baino pixka bat baxuagoa den Montcalm (3.077 m) erdiestera. Uste dut ez nintzela damutu. Izan ere, ez dirudi ohikoa 3.000 metroko mendien artean tontor gisa zabalgune erosoa duen bat aurkitzea.

(ID_14525061) (/EZEZAGUNA) 240808_1_picdumontcalm(3077m)
Pic du Montcalm (3.077 m). 3.000 metrotik gora kokatzen den lautada txiki honetatik agurtzen ditugu, ezker-eskuin, Pica d'Estats (3.143 m) eta Pic de Verdaguer (3.133 m). IBON MURUA AZKUENAGA

Baina mendi aterpeez ari ginen, eta 3. etapa horren bukaera markatzen zuenak ere, Vallferrerak, badu zer kontatua. Esan dut apurka-apurka loa berreskuratuz joan nintzela, eta Vallferreran ere beste puska bat irabazi nuen. Eskerrak! Izan ere, hurrengo goizean gure gelako sabaian pasean-pasean zebiltzan armiarma edo galantak aurreko iluntzean begiztatu izan bagenitu... Labezomorroen muxu goxoen ordez, horienekin amestuko genukeen, ametsa amesgaizto bihurtuz, eta loa galaraziz. Hortik aparte, ondo zegoen aterpea, eta bazuen berritasun bat: komunak eta dutxak ondoko eraikin txiki batean zituen. Alde horretatik, erosotasun pixka bat irabazi genuen. Bertako zaindarien artean Jan Ballbe izeneko gazte bat ere bazegoen, baina azkenerako utziko dugu hori.

Aterpez aterpe egun ederrak baina fisikoki exijenteak pasatu ditugu. Paisaia ederren artean ibili gara, eta, behin gaua igaro behar genuen lekura heltzean, ohiko tramite astunekin hasten ginen beti. Inbentario txiki bat, ideia barneratzen joateko: botak kendu, makilak baztertu, crocs-ak jantzi, NANa atera, gelak zehaztu, ohea aukeratu, bizkar zorroa desmuntatu eta aukeraketa egin geletara zer eroango genuen eta beheko solairuan zer geratuko zen bereizita, ohea prestatu, dutxarako ilara gorde... Estres pixka bat nabaritzen hasi zara?

(ID_14525052) (/EZEZAGUNA) 240808_3_plansdesotllo.
Plans de Sotllo inguruetan, paisaia begien gozagarri da. IBON MURUA AZKUENAGA

Baina, behin eroso eta txukun paratuta, garagardo eder fresko bat hartu —artisaua bada, askoz hobe—, eta tertulia hasten da bertan elkartu garen mendizaleen artean —Nondik zatoz? Nora zoaz? Hara! Zu ere euskalduna?...—; edo paseoan irteten gara ingurura; edo soilik gorantz begira jartzen gara, lainoak nola pasatzen diren ikusteko, lurrean etzanda...

Ratafla txupito bat

Lauzpabost egunotako penitentzia partekatu dugunok gure taupada, amodio eta miseriak ere partekatu ditugu. Ederto konpondu gara katalan, andaluziar eta euskaldunok. Elkar ezagutu izana Vallferreran ospatu dugu, Ratafia txupito batekin topa eginez. Bide batez, burutazio bat: hurbilduko al dugu Ratafiaren —ekaineko intxaur berdeetatik eratorritako likorea— ideia gurera? Intxaurrondoak, behintzat, hamaika ditugu Euskal Herrian.

(ID_14525059) (/EZEZAGUNA) 240809_2_estanydebaborte.
Estany de Baborte. Txukun-txukun agertu zaigu, 2 km eskasetan igo berri dugun 400 metroko desnibela saritzeko. IBON MURUA AZKUENAGA

Gozatu dugu, bai, paisaiaz, eta, bide batez, egur pixka bat eman diogu gorputzari, barruko tentsioa baretu dugu; birziklatu gara, hein batean. Esaten dute Pirinioetan egin daitezkeen zeharkaldien artean berau izan daitekeela gogorrenetako bat —eta ederrenetakoa, era berean—. Guk lau egunean egin genuen —atariko 0 etapa bat ere izan zen, 4,3 kilometroko distantzia eta 250 metroko desnibela zuena, elkar ezagutzen hasteko—, baina gorago aipatu dugun Jan Ballbe gazteak guk bukatu eta hurrengo egunean... zeharkaldi berbera osorik egiteko hamar ordu, 50 minutu eta 59 segundo soilik behar izan zituen! Hain zuzen ere, errekor berria ezarri zuen! Hala zegoen, baina, gero gaztea, zeharkaldia amaitu eta berehala, lurrean etzanda hura ere, baina ez guk aterpeetan izaten genuen sentsazio berarekin, ziurrenik…

Zerutik gertu ez ei da ondo egoten. Agian, arrazoia dute Dionisiok eta Ruperrek; baina Antonio Machado izeneko beste poeta baten esaldiak hartuta, eta hitzak pixka bat moldatuta, esan nezake zerutik gertu egotea ez dela kontua, zerura gerturatzen gaituen bidea egitea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.