Faroltxoak

Zerura, eta zerutik

Zerura jaurtitzen diren faroltxoen erabilera mugatzen eta debekatzen ari dira, kalteak eta arriskuak agerikoak baitira. Baionan azken aldiz jaurti zituzten larunbatean, eta Iruñean polemika bizia eragin zuten San Saturnino egunean bota zituztenek.

FAROLTXOAK
Larunbatean jaurti zituzten azken aldiz faroltxoak Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
enekoitz telleria sarriegi
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Argia da zerura jaurtitzen dena, eta iluna zerutik jausten dena. Hegan libre doanak eragiten duen lilura, eta kontrolaezinak diren kalteen arrangura. Horixe dute faroltxoek: zerura doazela aske, eta erori ere hala egiten direla, aske. Jaurtia eta jausia. Ez dira parekoak balea eta kalea. Eta horretaz ohartuta ari dira neurriak hartzen aspaldian zenbait herri, hiri eta herrialdetan. Mugatu egin dute horien erabilera batzuek, ohartarazi eta gomendioak eman beste batzuek, eta debekatu ere bai bestetzuek.

Mugak, gomendioak eta ohartarazpenak dira nagusi Hegoaldean. Ez dago, berez, debekurik ezarrita. Udalek dute erantzukizuna, eta azken hitza. Debekua Ipar Euskal Herrian ezarri dute, edo ezarriko dute. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak 2022. urtean emandako dekretu batean jaso zuen faroltxoak jaurtitzeko debekua, baina lege iragankorra zen, sute arriskua boladaka bereizten zuena, eta Gabon jaietan eta neguan sute arriskuaren maila apaltzen zuena. Horregatik, Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan faroltxo horiek bota ahal izan dituzte Gabon jaietan, salbuespen gisa, eta aurretik horretarako baimena eskatuta. Baiona izan da horren adibide eta ikur. Izan ere, faroltxoen jaurtiketa hirira turistak erakartzeko ikuskizun bihurtu du, eta baimen berezi horiei esker egin zuen 2022ko faroltxoen jaia eta egin du 2023koa ere, larunbatean —abenduaren 9an ere egitekoak ziren, baina haizearengatik bertan behera gelditu zen, nahiz eta faroltxoak saldu egin zituzten, eta hainbatek erabili ere bai—.

FAROLTXOAK
Azaroaren 29an, San Saturnino egunean, Iruñean jaurtitako faroltxoak. IÑAKI PORTO / EFE

Baina amaitu dira baimenak. Prefeturako kabineteburu Vincent Bernard-Lafoucrierek azaldu ditu zergatiak: «Sute arriskua bada Baionan, eta urte osokoa da. Ingurumenarentzat kaltegarriak dira faroltxoak, eta suteak eragin ditzakete etxeetako teilatuetan eta egituretan. Joan den urtean, faroltxo horietako bat topatu genuen Baionako katedralean. Gure erantzukizuna onartzen dugu».

Urte gutxiren buruan hartu dute indarra faroltxo hegalarien jaiek. Izatez, Antzinako Ekialdean dute jatorria, eta urte berriari harrera egiteko jaurtitzen dituzte oraindik milaka Txinan. Arroz paperezkoak dira, eta banbu zurezkoa dute egitura —alanbrezkoa ere bai, batzuetan—. Mendebaldean, helioz betetako puxikak ordezkatzeko sustatu izan da horiek erabiltzea, horiek ere milaka jaurti izan baitira, baina debekatu egin baitituzte, itsasoko izakiei eragiten dizkieten kalteengatik. Hitz batean esanda, faroltxoak goratzen eta saltzen dituztenek diote «biodegradagarriak» direla.

Baina ez da horren erraza. Askok itsasoan eta ibaietan amaitzen dute, eta erabat arriskutsuak dira arrainentzat eta hegaztientzat. Beste askok teilatu eta basoetan amaitzen dute, eta bazka erraza dira suteentzat. «Modan jarritako tontakeria bat da», esan du hasi berritan Juan Mari Beldarrainek, Eguzki talde ekologistako kideak: «Biodegradagarriak direla esatea Troiako zaldiaren gisako engainu bat da, sudur puntan jartzen zaiena egiteko. Adjektibo hori jartzen diogu, eta, horren kontura, nahi duguna egin dezakegu? Ez da hala. Biodegradagarriak izan edo ez, arriskutsuak dira».

«Faroltxoena gizarte baten porrotaren irudia da. Erakundeek erantzukizuna izan behar dute, eta pedagogia egin. Eta ezinbestekoak ez diren kontuekin hasi behar dute, gutxienez, pedagogia egiten, eta hau ez da, inolaz ere, ezinbestekoa».

 JUAN MARI BELDARRAINEguzki talde ekologistako kidea

Baionako eta Iruñeko kasuei heldu die Beldarrainek, eta nabarmendu du hiriburu askotarako balio duten adibideak direla: «Faroltxoak toki oso adierazgarrietan botatzen dira. Eta toki adierazgarri horiek gune historikoetatik gertu egoten dira gehienetan, egurrezko etxeak dituzten parte zaharretatik gertu. Toki horietan milaka eta milaka faroltxo botatzeak arazoa modu esponentzialean handitzen du, arriskua ez baitu faroltxo bakarrak sortzen, milaka faroltxok baizik. Arriskua handia da, eta, lehorte garaiarekin edo haize boladekin bat egiten badu, are handiagoa. Ez dauka ez hanka eta ez buru». Eta beste datu oso esanguratsu bat ere eman du: «Egin kontu: piromanoek basoak kiskaltzeko erabiltzen dituzten milaka trepeten artean, faroltxoak ere erabiltzen dituzte, oso eraginkorrak baitira suteak sortzeko».

Irudi «indartsua»

Beldarrainek dio «ulertzen» duela faroltxo horiek jaurtita lortzen diren irudien indarra, baina ekintza hori ez dela «ezinbestekoa», eta ez duela «inolako zentzurik» horiek jaurtitzeak: «Tradizioaren izenean hainbat gehiegikeria egiten dira, baina, kasu honetan, tradiziorik ere ez dago. Ulertzen dut plastikotasun handiko irudia dela, ikusgarria eta indartsua, baina ezin da halakorik egin horretan oinarrituta. Gainera, zenbat eta gehiago bota, orduan eta ikusgarriago. Lehia ere bihurtzen da».

«Erantzukizuna» eskatu du Beldarrainek: «Faroltxoena gizarte baten porrotaren irudia da. Erakundeek erantzukizuna izan behar dute, eta pedagogia egin. Eta ezinbestekoak ez diren kontuekin hasi behar dute, gutxienez, pedagogia egiten, eta hau ez da, inolaz ere, ezinbestekoa».

Iritzi berekoa da Aritz Sardina Txurregi mendi taldeko presidentea. Sardinak berak eta talde horretako beste zenbait kidek egin zuten salaketa: San Saturnino egunean airera jaurtitako faroltxoak jasotzen aritu zirela handik egun gutxira Ezkaba mendiaren inguruetan, dozenaka. Huraxe izan zen gaizki hartutako erabakiaren eta okerrago burututako ekintzaren emaitza: «Ulertu liteke, agian, elkarte txiki batek antolatu izan balu, eta hanka sartu. Baina udal batek antolatzen badu eta hori guztia ez badu kontuan hartzen... negargarria da. Jendeak parte hartu zuen, egia da, eta milaka lagun izan ziren. Baina pentsatu nahi dut parte hartu zutenek uste zutela Iruñeko Udalak bazituela protokoloak, neurriak hartuak zituela... eta ez zen hala izan. Jendeak badu ardura, baina erantzukizuna erakundeena da».

FAROLTXOAK
Ezkaba mendian aurkitutako faroltxoetako bat. TXURREGI MENDI LASTERKETA TALDEA

Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotzia da Iruñean, eta Cristina Ibarrola alkateak afera horretan izan zuen jarrera salatu du: «Hipokrita izan zen hasieratik erabakia hartzeko orduan, aurretik ukatu egin baitzien baimena merkatari elkarteei. Haren politika populista horren barruan hartutako beste erabaki bat izan zen». Geroa Baik hasieratik iragarri zuen ez zuela ekitaldi hartan parte hartuko. Arrazoiak: «Bagenekien suhiltzaileek beste hiriburu batzuetan baimenak ukatu zituztela segurtasun arrazoiengatik, eta hori izan zen gure argudio nagusia. Ibarrolak ez zituen protokoloak bete. Faroltxoak Ezkaba mendian agertu ziren, eta oraindik ere Iruñeko zuhaitzetan ikusten dira».

Sardinak kontatu du Ezkaba mendian entrenatzen ari zirela eta faroltxoak ikusten hasi zirela batean eta bestean. «Zimurtutako sei faroltxo esku artean hartuta iritsi ginen Ezkaba gailurrera. Erabaki genuen Instagramen istorio bat jartzea eta salaketa egitea». Eta idatzi bat egin, eta komunikabideetara bidali zuten. Izan zuen oihartzuna. Batez ere, Sardinak berak asmatutako kontzeptu batek: biodesagradable (biodesatsegin). «Mendian askotan izaten dut inpresio hori, eta eztabaida hori. Platano eta mandarina azalak biodegradagarriak direla esan, eta dinbi-danba botatzen ditugu. Eta bai, hala dira, baina horiek ere behar dute denbora, eta gure animaliak ez dira elikatzen horiek janda. Joaten den tokian aztarnaren bat utzi beharra dauka gizakiak beti. Azal bat ikusita ez da ezer gertatzen, bost ikusita jada zaborra da, eta ehun ikusita zabortegi bat. Non dago muga? Ez dezagun ez azal, ez faroltxo, ez beste ezer bota; eta kito, arazoa konponduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.