Uda osoan pertseiden izar jarioa ikusteko aukera dago, baina abuztuan, 12 eta 13aren artean, goia jotzen du fenomeno meteorologiko horrek. Urtero legez, Iruñeko Planetarioak irteera bat antolatu du izar iheskorrak ikusteko. Abuztuaren 12an izango da, eta Erronkariko bailara izango dute behaketa gune. Urtez urte behaketa tokia aldatzen dute, eta aurten Nafarroako Pirinioetako mendietara joango dira astronomiazaleak.Eremu hori Starlight gunea izendatu dute: gaueko zerua bereziki babestuta dagoen gunea. Jarduera Astronavarra sarearekin, Erronkariko Soy Planetario zerbitzu astronomikoen enpresarekin eta Larra Belagua eski gunearekin batera antolatu dute.
Irteeraz gain, Iruñeko Planetarioak beste ekitaldi batzuk antolatu ditu hilaren 12rako:11:00etan, Pirineos la Nuit pelikula emango dute, euskaraz. Pirinioetako mendietan, gauez, bidaia egiten du film laburrak, gaueko iluntasun horren babesa aldarrikatuz. Arratsaldean, pertseiden inguruko ikuskizuna egongo da Planetarioaren kupulan; fenomeno astronomikoaren nondik norakoak azalduko dituzte, irteeran ahalik eta gehien disfrutatzeko. Bi saio antolatu dituzte: 17:00etan eta 18:00etan.
19:30ean irtengo da autobusa Iruñetik Erronkarira bidean. Autobusez joateko, aurretik erreserba egin behar da, 12 euro ordainduta. Hala ere, jarduera librea da: bailara inguruan dagoen edonor edo bere kabuz joan nahi duena bertara hurbildu daiteke. Haiek dena azalduko dute: zer ikusten den, nola ikusten den, nolakoak diren kometen orbitak...
Klima aldakorra
Eguraldiari dagokionez, badirudi baldintza onak egongo direla, eta ez dela lainorik egongo. Hala ere, Erronkariko klima oso aldakorra denez, planetarioaren sare sozialei adi egotea aholkatu dute, azken orduan behaketa puntua aldatu behar bada jakinaren gainean egoteko. Tamalez, ilargi betea egongo da, eta ez dira horrenbeste izar ikusiko. Haatik, izar distiratsuenak ikusiko dira, bereziki ederrak direnak.
Pertseidak 109P/Swift-Tuttle kometak utzitako hauts partikulak dira, hain zuzen. Hauts partikula horiek atzean uzten ditu, Eguzkira bere orbitan dabilela. Kometak 26 kilometroko diametroa du, eta 133 urte behar ditu bira bat osatzeko. Udan, Lur planetarekin gurutzatzen du ibilbidea, eta, Lurreko atmosferaren kontra jotzean duenean, material hori planetara erortzen da, eta distira egin.
Urtero 40 izar euri baino gehiago izaten dira. Udakoek sona handia dute, nahiko ikusgarriak direlako, eta jendea lasaiago ibiltzen denez aukera gehiago dagoelako ikusteko.
Iruñeko Planetarioak, berriki, La noche es necesaria filma estreinatu du. Argi kutsadurak dakartzan kalteen ingurukoa da pelikula. Planetarioetan emateko ikus-entzunezko bat da: hainbat hiritako gaueko sekuentziak agertzen dira, baita kosmoseko urruneko lekuak birsortzen dituzten animazioak ere. Hirietan, gauean, gehiegizko argia dagoela ohartarazi nahi dute lanean.
Pertseidak ikusteko irteera
Abuztuaren 12an, Erronkarin (Nafarroa).
Zeruko ikuskizunik ederrena
Iruñeko Planetarioak irteera bat antolatu du abuztuaren 12an izar iheskorrak ikusteko; aurten Erronkariko bailaran izanen dira. Film berri bat aurkeztu dute, argi kutsaduraren ingurukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu