ATZEKOZ AURRERA

Zeruari begira eta euskaraz

Derion (Bizkaia) ospatu dute aurten Mintza Eguna, euskara erabiltzeko asmoz mintzalagun, berbalagun eta antzeko proiektuetan elkartzen direnen urteroko festa.

Lainomendi dantza taldekoek ongietorria egin diete festan parte hartu dutenei. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Derio
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Mintza Eguna, mintzalagun egitasmoetan aritzen direnen festa ospatu dute Derion (Bizkaia). 6.000 bat lagunek parte hartzen dute Euskal Herriko 120 herritan mintzatalde, berbalagun eta antzeko proiektuetan: horietatik gehienak euskara ikasi edo hobetu guran dabiltza, baina badaude haiei laguntzeko asmoz egitasmoan parte hartzen duten euskaldun ugari ere.

Aurten, Deriori egokitu zaio Mintza Eguna antolatzeko ardura. Itsasne Zubiri Txorierriko berbalagun egitasmoko koordinatzailea da. 130 bat lagun inguru ari dira eskualdean proiektu horretan buru-belarri: «Horietatik %80 inguru euskara ikasten dabiltza, edo euskara ikasi dute, eta ez dute ohitura edo aukera handirik erabiltzeko». Talde bakoitza astean behin elkartzen da, gutxienez euskaraz ondo dakien pertsona bat tartean dagoela: «Helburua da lotsa galtzea eta erabilera sustatzea; gero, talde bakoitzak ezartzen du bere dinamika, jendearen gustuen arabera».

Euskal Herriko toki askotatik Deriora iritsitakoei harrera egin diete plazan. Igotz Lopez Txorierriko Mankomunitateko presidenteak ongietorria egin die txorierritarrei eta kanpotik iritsitakoei, «baten batzuk bazabiltzate eta; ezagun duzue kanpokoak zaretela abioiak pasatzen direnean gorantz begira lotzen zaretelako», esan die, umoretsu. Gertu dago Loiuko aireportua, eta abioiak noizean behin igarotzen dira, teilatuetatik oso hurbil.

Eskualdeko bertsolari gazteek, Hardcore.exe rap taldekoek eta Lainomendi dantza taldeak ere parte hartu dute harrera ekitaldian. Hamaiketakoa hartu ondoren, bi aukera izan dituzte festan bildutakoek: Derioko hilerrian zehar ibilbide historikoa egitea, edo poteoa egitea trikitilariekin eta Oihane Bartra eta Ibon Ajuriagogeaskoa bertsolariekin. Eguerdian, 175 lagunentzako bazkaria prest zuten Derioko Baserri Antzokian, eta herrian zehar kalejira egiten jo dute hara festan parte hartu dutenek.

Euskaraz egiteko aukerak

Pili Onton Iruñekoa da, eta AEKn ikasi zuen euskara. Bozpasei urte eman ditu hango mintzataldean: «Astean behin biltzen gara taberna batean, eta euskaraz mintzatzen gara beti, edozein gairi buruz». Ahal duen guztietan, euskaraz mintzatzeko aukerak bilatzen ditu: «Alabekin euskaraz egiten dut, eta erosketak egitean ere saiatzen naiz jende euskalduna topatzen».

Koro Lopez de Sabando ere Iruñeko taldeko kidea da, baina euskaldun zaharra da, eta euskaraz aritu nahi dutenei laguntzen ibiltzen da: «Mintzalagun proiektua hasi zenean konturatu nintzen jende euskalduna behar zela. Hasieratik sartu nintzen, euskarari laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.