Zeruaren zartada

Eguraldiaren alderdi ikusgarrienetakoa dira tximistak. Harridura, miresmena eta zirrara eragiten dute askotan, eta, maiz, baita beldurra ere, txikizio eta kalte ugari eragiten baitituzte sarri. Inoiz edo behin pertsonak ere jo izan dituzte tximistek; Lourdes Urbieta da horietako bat.

Lourdes Urbieta eta haren semea Ekaitz. Tximista batek jo zuen Urbieta 2001ean; haurdun zegoen istripua gertatu zenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Zaparradak ia etengabe botako ditu, eta litro ugari pilatuko dira, batez ere isurialde atlantikoan. Zaparradak, gainera, mardulak izango dira, eta, tarteka, trumoiak joko du eta txingorra botako du». Euskalmet agentziak abenduaren lehen egunerako egin zuen eguraldi iragarpena da. Bete-betean asmatu zuen.

Inor gutxik esperoko zuen, baina, Zestoan (Gipuzkoa) kanpandorrerik gabe geratuko zirenik segundo gutxian. Tximista batek elizako dorrea jo, eta txikituta utzi zuen kanpandorrea. Iluntzeko bederatzi eta erdiak ziren. «Zorionez, ez zuen inor harrapatu. Hildakoak egongo ziren bestela, erraz», onartu du Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak.

Gertatua «mirari bat» dela uste du Mendizabalek: «Eliza erdigunean dago, eta mugimendu handiko kaleak dira, beti bada norbait inguru haietan. Gainera, txikiteo ordua zen. Txingorra ari zuen, ordea, eta jendeak babesa hartu zuen aterpean. Hori gertatu zenean ez zen inor ere, ez plazan, ez inguruko kaleetan», poztu da alkatea. Gainerakoan, «askoz ere larriagoa» izan zitekeen.

Ez zen zauriturik izan, baina tximistak «dezenteko» kalte materialak eragin zituela zehaztu du Mendizabalek: «Tximistak jo zuenean, barruko instalaziotik sakristiaraino pasatu zen karga guztia, eta han ziren koadro denak erre zituen. Kable guztiak kaltetuak daude. Koroan ere bi zulo daude, teilatutik sartutako harriek eraginda. Harriak organo gainera erori ziren, eta hura ere hondatu du. Suhiltzaileen teknikariek esan zuten kupulako nerbio batzuk ere ukituta daudela». Itxura guztien arabera, uste dute konponketa lanek sei edo bederatzi hilabete iraungo dutela.

Ez zen nolanahikoa izan Zestoako kanpandorrea jo zuen tximista. Jose Antonio Aranda Euskalmet agentziako Meteorologia arduradunak eman ditu Zestoako tximistaren ezaugarriak: «Oso-oso tximista potentea izan zen: 248,6 kiloampereko potentzia zuen, eta positiboa zen, gainera».

Joxe Landa eguraldi adituak deskribatu ditu tximistak: «Hodeien katramilatik sortzen diren elektrizitatearen korapiloak dira tximistak. Haize multzoek sortzen dituzten korapilo modukoak dira. Maiz, lurrean aurkitzen dituzte elektrizitatea deskargatzeko elementu erakargarriak».

Arandak azalpen teorikoagoa eman du: «Lainoen artean ur partikulen eta izotz partikulen arteko talka bat ematen delako sortzen dira tximistak. Normalean, hodeiaren beheko partea elektroiez kargatuta egoten da; karga negatiboa izaten dute. Hodeien goiko parteek, berriz, elektroi falta izaten dute, hau da, positiboki kargatuta egoten dira. Potentzia aldetik bien artean alde handia dagoenean, tximista sortzen da, elektroiak alde negatibotik positibora garraiatzeko. Hodeiak elektroi negatiboz beteta daudenean, lurrean elektroi falta izaten da, eta tximistak lurrera jauzi egiten du, eremu elektrikoa berdintzeko».

Hodeiaren oinarritik lurrera joaten diren tximista horiek negatiboak izan ohi dira normalean. Tximista horiez gain, baina, badira positiboak ere. «Zerutik positiboki kargatutako hodeia pasatzen bada, lurra elektroiz kargatzen hasten da, konpentsatzeko. Kasu horretan, elektroiek lurretik lainora egiten dute jauzi», gaineratu du Arandak.

Hain zuzen, hori da Zestoan gertatu zena: «Elektroien defizit bat zegoen lainoaren goiko partean, eta elektroiak lurretik hodeira joan ziren. Kanpandorretik gertu pasatu zen tximista, eta hura lehertu zuen».

Tximistak positiboak edo negatiboak izan, eragiten dituzten kalteak ere oso bestelakoak direla dio Arandak: «Negatiboek arazo elektrikoak sortzen dituzte; positiboek, arazo estrukturalak: erlaitzen, kanpandorreen eta halakoen leherketak».

Orokorrean, sortzen diren ia tximista gehientsuenak negatiboak izaten dira. Eta, Arandak dioenez, normalean, tximista positiboak gehiago gertatzen dira neguan eta itsasoan. Abenduan, baina, Zestoako erdigunean egin zuen jauzi tximista positiboak. «Ez dira oso kasu ohikoak, baina gertatzen dira. Kontua da Zestoakoa bezain deigarriak gutxi izaten direla», onartu du Arandak.

Dena den, Zestoakoa ez da kasu bakarra. Orain dozenaren bat urte, San Pedro Atxarreko baselizan ere (Ibarrangelu, Bizkaia) tankerako zerbait jazo zela oroitu du Arandak. XV. mendeko ermitan kalte ugari eragin zituen tximista batek ere.

Izaten dira laino artean eztanda egiten duten tximistak ere, baina horiek gizakientzako ez dutela inolako arriskurik gogoratu du Landak. «Tximista lurrera jaistean sortzen dira arazoak», gaineratu du.

Tximistak jotako pertsonak

Inoiz izan da lurraren kontra talka egitera joan, eta pertsona harrapatu duen tximistarik ere. Landak gogoan du: «Itziarren [Deba, Gipuzkoa] emakume heldu bat bizi da. Haren gizonaren arreba tximistak jota hil zen, aspaldian. Belarra moztu eta baserrira zihoala ekaitzak harrapatu, eta gurdi azpian sartu zen babestera. Han harrapatu zuen tximistak».

Jesus Ugarte abeltzaina ere mendian harrapatu zuen tximista batek, Garesen (Nafarroa). 1989ko abuztuaren 19a zen. Ganaduarekin mendian zela gertatu zitzaion ezbeharra. Ekaitza etorri zen, eta tximista batek makala jo zuen. Ugartek deskarga elektriko handi bat jaso zuen. Konortea galdu zuen. Istripuaren ondorioz, eskuin belarriko tinpanoa lehertu zitzaion, eta tximistak erredurak eragin zizkion gorputzean. 40 egunez egon zen ospitalean.

Lourdes Urbieta alonsotegiarraren (Bizkaia) kasua larriagoa izan zen. Nekez ahaztuko du 2001eko azaroaren 9a Urbietak. Mañariko (Bizkaia) harrobian ari zen lanean, Hijos de Leon Amantegi lantegian. Kareharria lortzeko eztandak programatzea zuen orduko lana. Egun horretan ere, eztanda bat eragitekoak ziren. Goizeko hamaiketan, harrobiaren goiko aldera joan zen lankideekin, 450 metroko garaierara. Han zirela, elurra hasi zuen. Eta elurrarekin batera, ekaitza etorri zen, tximista eta guzti.

Harrobian jo zuen lehen tximista burutik sartu zitzaion Urbietari, eta eskuineko hankatik irten. Gero, alboko lankidearen oin batean sartu zen tximista bera, eta bestetik irten. Hark ez zuen konorterik galdu, baina Urbietak, bai. «Ez dut ezer oroitzen. Dudan azken oroitzapena da elurra ari zuela. Gero, ospitalean ikusi nuen neure burua. Lankideek esan zidatenez, tximistak hainbat metro mugitu ninduen». Tximistak jo zuen garaian haurdun zegoen, gainera; lau hilabeteko.

«Oso-oso larri nengoen. Oso kasu berezia zen, eta medikuak ez ziren ausartzen ezer esatera. Lehen 48 orduak oso kritikoak izan ziren. Ni bizirik ateratzea zen lehentasuna. Dena ongi zihoala ikustean, ekografia bat egin zidaten, eta bihotz taupadak entzuten zirela ikusi zuten. Haurdunaldiarekin aurrera egitea erabaki genuen, kezka guztiekin». Bost hilabetera, Ekaitz jaio zen; «erabat osasuntsu», dio Urbietak, pozik.

Tximistak kalte ugari eragin zizkion: «Burutik sartu zitzaidan tximista, eta erredura batzuk egin zizkidan, baina kalterik handienak oinean izan nituen. Hankan, gainera, mehaka nerbioari kalte egin zion. Oso-oso luzea eta geldoa izan zen osatzea. Mentu asko egin zizkidaten, eta, zauri guztiak itxi ostean, berriro oinez ikasi behar izan nuen».

Abenduaren 4an eman zioten senda-agiria, berak eskatuta: «Erredura handietako unitateanhiru astez egon nintzen, eta, gero gelara igo ninduten. Osatzea denbora kontua zenez, etxera joatea eskatu nien medikuei».

Hamasei urte igaro dira istripua gertatu zenetik. Ezbeharrak ondorioak utzi dizkio: «Belaunetik behera kalte dezente ditut erredurengatik. Eta mehaka nerbioa ukitu zidanez, neurologia aldetik ez dut behar bezala funtzionatzen, eta, beraz, ez naiz lehen bezala ibiltzen. Bere mugekin, baina bizimodu normala egiteko konpontzen naiz».

Hala ere, pozik dago Urbieta: «Ez nuen sekula halakorik entzun, eta ez nuen uste halakorik gertatuko zitzaidanik inoiz. Azkenean, mirari bat izan zen. Egun, gertatu zena kontatzeko moduan nago, eta gauza handia da hori. Orain, bi urtebetetze egun ospatzen ditut».

Baserrian sarriago

Landak oroitu duenez, pertsonez gain, animalia ugari harrapatu izan dituzte tximistek mendian. «Tximista elementu beldurgarria eta aipamen handikoa izan da beti. Garai batean eta baserrietan, halako kasuak askoz ere gehiago entzuten ziren. Behin, gure baserrian ere argindarretik sartu zen tximista bat. Hiru behiri katea eten zien, eta lurrean etzanda utzi zituen. Ez ziren behiak hil, baina susto ederra hartu genuen».

Eguraldi adituaren hitzetan, «mendi inguruetan eta baserrietan maizago gertatzen dira halakoak. Ez hainbeste kaleguneetan. Horietan tximistorratz potenteak egoten dira, eta horiek xurgatzen dituzte tximistak, baina ez dute beti lortzen».

Arandak ere ezbaian jartzen du tximistorratzen betiereko salbazioa: «Tximistorratz batekin beti egongo zara babestuago, baina ez dago erabateko babesa. Guztiz babestuta egoteko, kaiola metaliko batean egon behar genuke. Horregatik esaten da autoa dela lekurik seguruenetako bat, betiere leihoak itxita badaude, noski. Gauza bera gertatzen da hegazkinean ere».

Arandak dioenez, «normalean, eurentzako errazena den puntura joateko joera izaten dute tximistek. Leku errazenak puntak izan ohi dira; betiere lur estaldura ona duten puntak». Lurra, harkaitzak, mendi gainak, zuhaitz bakanak eta objektu metalikoak ere tximistentzako oso erakargarriak direla azpimarratu du Landak.

Ez da erraza, baina, tximistak ulertzea Landarentzat: «Tximista hain da bitxia, sorginkeria bat ematen du. Zientzialariek ere ez dute oso ongi ulertzen zer demonio den». Ekaitza datorrela ikusiz gero, beraz, babesa hartzea daonena eta seguruena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.