Elektrizitate deskargak dira tximistak; eguraldiaren fenomeno bitxia eta ikusgarria. Harridura eragiten dute askotan, baita beldurra ere sarri, kalteak eragiten abilak baitira tximistak. Hilabete hasieran, Zestoako (Gipuzkoa) elizako kanpandorrearen zati handi bat suntsitu zuen tximista batek. Abenduaren 1a nekez ahaztuko dute zestoarrek. Iluntzeko bederatzi eta erdiak bueltan, tximista batek elizako dorrean jo eta txikitu egin zuen Andra Mariaren Jasokundea parrokiako kanpandorrea. Plaza eta inguruko kaleak jende asko ibiltzen diren lekuak izanagatik, elizatik jauzitako harriek ez zuten inor azpian harrapatu.
BERRIAk biharko erreportajean Jose Antonio Aranda Euskalmeteko Metereologia arduradunarekin, Joxe Landa eguraldi adituarekin eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatearekin hitz egin da tximistei buruz. 2001ean tximista batek jo zuen Lourdes Urbieta, Mañarian (Bizkaia). Tximista burutik sartu eta eskuineko hankatik irten zitzaion. Ezbeharra gertatu zenean, haurdun zegoen Urbieta. Bere testigantza ere jaso da erreportajean. Harekin batera, Euskal Herrian tximistak harrapatu dituen beste hainbat lagunen kasua aipatzen da.
Zeruak ez ezik, itsasoak ere badaki askotan aurpegi makurra erakusten. Itsaso aldi zakarrarengatik edo beste hainbat arrazoirengatik itsasontzi askok behea jo dute Euskal Herriko kostaldean, azken 40 urtetan. 43 itsasontziren naufragioak bildu dituzte Ana Maria Benitok eta Javier Mazpulek Naufragios en la costa vasca 1976-2016 liburuan.
Itsasoak zein tximistek emandako sustoak ahaztu, eta alaitasun pixka batekin amaituko dute askok hilabetea, Gabonak gainean dira eta. Euskal Herriko hiriburuetan eta herrietan igarriko da egun berezien atarian gaude. Bihar, adibidez, Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Baionara eta Bilbora; etzi, berriz, Donostiara, Gasteiza eta Iruñera. Hiriburuetan egingo dutenaren berri jaso da Bizigiro-n.
Etxe ugaritan ere hasiko ziren egun berezi hauetarako otorduak prestatzen. Arantzako (Nafarroa) Burlada jatetxeak Eguberrietarako menu bat proposatu die BERRIAko irakurleei: ahate entsalada, azpizuna foiearekin eta Porto saltsarekin, eta, amaitzeko, Samingoxoa.