Ezarian. Euskal Herria Zuzenean

Zerua gris, giroa bero

Milaka lagun bildu dira Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren lehen egunean; era guzietako emanaldiak ikusi ahal izan diraEsne Beltza, Sepultura, Youssoupha, Lisabo eta 17 Hippies taldeak izanen dira gaur

Cobra taldeak Gibelherri gunean eman zuen atzo arratsean kontzertua. GAIZKA IROZ.
Heleta
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Abian da Euskal Herria Zuzenean jaialdia (EHZ). Atzo hasi zen, Heletan (Behe Nafarroa), hiru eguneko jai eta era guztietako ikuskizunak bilduko dituen festibala. Aurtengoa EHZ ospatzen den 17. aldia da, eta Heletan egiten den laugarren urtea.

Muntaketan laguntzen ibili direnak azken xehetasunak ongi ezartzen ibili ziren atzo, azken unera arte. Ekainaren 20an hasi zen muntaketa, eta bere fruituak eman dituela erran daiteke, dena txukun eta prest baitzegoen ate irekitzeen ordurako. Eguraldiari dagokionez, nahiz eta lainotsu egon, euririk ez zuen bota atzo. Festibalariak, berriz, pixkanaka bertaratzen hasi ziren jada arratsalde hasieran, 14:00etatik aurrera, ateen irekitzeen ondotik; nahiz eta egitaraua 17:30etik aitzina abian eman izan. Pentzean lo egiteko lekua aukeratu, oihal etxea ezarri eta poza eta ongi pasatzeko gogoa nagusi zen jendearen begiradan. Arratserako, kanpalekuan leku gutxi gelditzen zen libre, milaka pertsona bildu zen seinale.

Laguntzaile izateko beren burua proposatu dutenak beren txandak zein izanen diren kuriositate handiarekin informatzen ibili ziren arratsaldean. «Maite dut laguntzaile izatea, elkartasun eta laguntasun giro handia sortzen baita laguntzaileon artean», azaldu du Maia Ruiz de Alda laguntzaileak.

Ohartu orduko, 17:30. Heletako guneetan giroa berotzen joan zen denbora aitzina joan ahala; leku bakoitzean era guzietako publikoak bere lekua aurki zezakeen. Plaza jendez gainezka zegoen 20:00etarako; besta eta dantzarako grina pizten hasiak ziren.

Antxartetako gunea izan zen kontzertuak ematen hasi zen lehena; 17: 30erako abiada hartua zuten. Bertako taldeen sorkuntza sustatu eta musika independentea bultzatzea du xede. Bilau taldeak eman zion hasiera, oholtza gainera igo gabe, publikotik hurbil egotea nahiago izan baitzuten.

Pentzeko gunean, berriz, 18:30etik aitzina hasi ziren taldeak oholtza gainera igotzen, Cobra taldearekin hasiz. Nazioarteko taldeek ere ez zioten hutsik egin atzoko egunari. Public Enemy taldearen kontzertua ikusteko gogoa nagusi zen festibalarien artean.

Sorkuntza eta elkartasuna

EHZk bultzatu Sorgin egitasmotik sortu Behelaino antzezlana antzeztu zuten Kitzikatzan/k eta Battitta4ttitta antzerki taldeetako bost lagunek, giro goxo eta intimoa sortuz antzezlekuan.

Presoak Zuzenean gaualdiaren kari, berriz, presoek entzun irrati uhinetan zabaltzeko mezu andana bildu zituzten antolatzaileek. «Oso polita da, presoek Heletatik gure goxotasuna eta elkartasuna jasotzeko aukera ematen baitu egitasmo honek. Ea laster hemen izanen ditugun», azaldu zuen Amaiur Lujanbio baionarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.