Nikolas Segurola. Fraidea, artzaina eta bertsolaria

«Zerua ezin da izan Arantzazu baino hobea»

Gurasoekin Arantzazura joan zen lehen aldian liluratuta geratu zen ikusitakoarekin, eta bihotzez irten zitzaion aitortza: hara joango zen fraide. 12 urterekin bete zuen esana. Ia 60 urte daramatza, denetariko lanak egiten eta giroa bertsoz alaitzen.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Oñati
2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
«Zeruan bezala» dago Nikolas Segurola (Matxinbenta auzoa, Azpeitia, Gipuzkoa, 1939) Arantzazuko santutegian, Oñatin: naturaz inguraturik, lagun artean eta umore onean. Umorea apaldua duela dio; baina, edozein pasarte gogora ekartzearekin batera, ahora etortzen zaio txisteren bat, bertsoren bat edota ateraldiren bat, ahalegin handirik egin gabe. Bokazioz fraidea, ofizioz artzaina eta zaletasunez bertsolaria dela dio. Hirurak gustuko izanik, zaila egiten zaio lanbide bat aukeratzea.

Bizi erditik gora daramazu Arantzazun. Erraz esaten da, ezta?

Ia 60 urte daramatzat hemen, baina bada urte batzuk gehiago daramatzan beste bat: Luis Arraiago Xegama. Ez dela aspaldi halaxe esan zidan batek: «Hainbeste urte elkarrekin, eta ez al zarete oraindik banandu?». Baina, ez, oraindik primeran moldatzen gara. Izan ere, ezinezkoa da Xegamarekin inor haserretzea.

Lekuren bat aukeratu behar bazenu bizitzeko Arantzazu aukeratuko zenukeela esan izan duzu. Zergatik?

Betidanik oso ongi sentitu izan naizen lekua da, eta, berriro leku bat aukeratu behar banu, hauxe aukeratuko nuke, dudarik gabe. Oso ume nintzela gurasoekin etorri nintzen Arantzazura, eta gogoan dut mezetan egon ginela. Sei haur aldarera irten ziren abestera, zuriz jantzita. Erabat liluratuta geratu nintzen Arantzazurekin, eta pentsatu nuen: «Zerua hau baino hobea ezin da izan». Irten orduko, Arantzazura joan behar nuela esan nien gurasoei. Eta, hurrengo urtean, han nintzen.

Umetatik oso argi izan duzu Arantzazura joan nahi zenuela, beraz?

Bai, oso argi; gurasoekin bisita hori egin nuenetik. Lehen aldiz, 12 urte nituela etorri nintzen Arantzazura, 1951n. Ondoren, etxera itzuli behar izan nuen gaixorik jarri nintzelako, sinusitisarekin. Baina laster itzuli nintzen berriro, 19 urte nituela, 1959an. Hiru urtez egon nintzen Zarautzen [Gipuzkoa] nobizio aldia egiten. Nobizio aldia amaitzean, ez nekien nora bidaliko ninduten, baina ni oso gustura nintzen han, fraide kuadrilla polita osatu genuelako. Egun batez, Arantzazun nagusi zegoena [Jon Zubieta] agertu zitzaidan Zarautzera, eta hark ekarri ninduen Arantzazura bueltan.

Eta zergatik sartu zinen fraide: Arantzazun bizitzeko edo fraide izateko?

Egia esan, garai hartan eta hasiera batean, Arantzazu lekuak berak gehiago erakartzen ninduen Asisko San Frantziskok berak baino. Baina San Frantzisko ere maite nuen, gure moldeko santua delako: ingurumen zalea, animalia zalea... Gu ardi artean jaiotakoak gara Matxinbentan. Inguruko ardi kopururik handiena Largarate baserrian zegoen: 120 bat buruko artaldea. Gure apustuak ez ziren izaten «baietz Realak irabazi» edo «baietz Atanok irabazi»; ardien bueltan antolatzen genituen apustu eta jolas guztiak.

Arantzazura joaterakoan ardiak baserrian uztea izan omen zen zure penarik handiena, ezta?

Halaxe da, bai. Azken egunean, ardiak biltzera bidali ninduen aitak. Lehengusua eta biok joan ginen lan horietara. Ardiak zelaian goitik behera ikusi nituenean, izugarrizko samina sentitu nuen, eta negar egin nuen. Lehengusuak zergatik egiten nuen negar galdetzean, ardiak ematen zidatela pena erantzun nion. Arantzazun ere ardiak izango nituela esan zidan hark, baina gureak ez zirela izango erantzun nion nik. Gurasoak agurtzean, berriz, ez nuen negarrik egin. Izan ere, ziur nintzen gurasoak ikusiko nituela; gure ardiak, aldiz, ez. Maiz gogorarazi didate pasarte hori.

Nondik datorkizu fraide izateko bokazioa?

Gure etxean beti izan dira fraideak; berez, giro hori bizi izan dugu etxean. Arreba zaharrena ere moja dago Londresen. Moja joan aurreko egunean, harekin apustua egin nuen. Hark 20 urte eta nik 10 nituen, eta halaxe esan zidan: «Baietz ni lehenago joan moja zu fraide baino». Eta nik ezetz esan nion. Eta halaxe izan: ama gaixotu egin zen, eta etxean geratu behar izan zuen arrebak ama zaintzen; azkenean, hura etxetik joaterako fraide nengoen ni Arantzazun. Apustua irabazi nion, beraz. Fraide izateko erabakian etxeko giroak eragingo zuen, baina Arantzazuko bisita hark ere asko markatu ninduen.

Lehengusuak ardiak izango zirela Arantzazun esan bai, baina ez zenuen halakorik topatu.

Ez, ez zen halakorik. 1951n etorri nintzenean, Arantzazun izan nintzen. Bigarren aldian ere, Arantzazun egon nintzen pixka bat, baina laster bidali ninduten Gomiztegi baserrira. Baina han ez zen ardirik. Jarri zidaten lehen lana: baratzekoa. Baserritarra izanagatik, baina, ideia handirik ez nuen, baratze eta sukalde kontuez ama eta arrebak arduratzen zirelako. Ardien lanak, ukuilukoak eta basokoak izaten ziren guretzat. Ideiarik ez nuen, baina laster hartu nion martxa. Gomiztegin behiak, txerriak eta oiloak baino ez zeuden. Garrantzitsuenak behiak ziren, Arantzazun zeuden ikasleentzako eta fraideentzako esnea behar baitzen. Azken batean, Arantzazun zeuden fraideentzat jatekoa sortzea zen baserriaren zeregina, eta horretarako sortu zen Gomiztegi.

Nolatan egin zenuten aldaketa, eta ardiekin lanean hasi?

Behiekin lan eginagatik, beti buruan nituen ardiak. Arantzazun ziren ikasleak asko joaten ziren baserriko lanetan guri laguntzera. Vatikanoko II. Kontzilioa egin zenean, hemen [Arantzazun] egindako karrerak ez ziela teologoei balio erabaki zen, eta batxilergoa egiteko zegoen eskola ere galarazi egin zuten. Beraz, ikasle gehienek alde egin zuten, eta bakar samar geratu ginen. Orduan, Gomiztegirekin zer egin erabaki behar izan genuen. Kontsulta egin genuen, eta esan ziguten Gomiztegiko larreak ez zirela behientzako egokiak. Orduan, nagusiak proposatu zidan zergatik ez genituen ardiak jartzen. Hark eman zidan poza; bi begiak zabal-zabalik jarri zitzaizkidan, pozaren pozez. Lurgintzan ere onartu ziguten Gomiztegi ardientzako leku egokia zela. 1.200 txerri, 6.000 bat oilo eta jezteko 30 behitik gora izan genituen baserrian. Haiek denak kendu, eta ardiak ekarri genituen.

Baserriko lanez gain, eskean ere ibili zinen. Zer moduz hartzen zintuzten etxeetan?

Pozgarriak izan dira egin ditudan eskeak. Batzuek pentsatzen dute edozein eskale bezalakoak direla fraideak, baina Arantzazuko eskolan ikasten ari ziren ikasleentzako eskolak ordaintzeko dirua biltzea zen gure egitekoa. Eguneko pezeta bat ordaintzen genuen latineko eskolengatik. Nafarroatik dezente etortzen ziren ikastera, eta, beraz, Nafarroa aldera joaten ginen gehienbat eskatzera: Leitza, Ezkurra, Goizueta, Areso... Kasu zoragarriak bizi izan ditut. Oso-oso harrera ona egiten ziguten etxeetan; etxe pare batean, esaterako, festa antolatzen zuten fraideak joaten ginen aldiro.

Garaiak asko aldatu dira. Elizak ez du lehen zuen osperik, ezta?

Etxe askotan ardi bat ematen ziguten, baina orain ez zen halakorik gertatuko. Gaur egun ere giroa bestelakoa da, eta ez nintzateke eskean ibiliko. Gauzak asko aldatu dira, bai. Pentsa, nobizio aldia 42 gaztek egin genuen Zarautzen, eta, gaur egun, mundu osoan ere ez dira egongo 42 lagun horretan. Pixka bat esajeratu egin dut beharbada, baina... [Barreak]. Egun, Elizak ez du lehen zuen itzalik.

Umetan Juan Kruz Mendizabal apaizak sexu abusuak egin zizkiela salatu berri dute hainbat gizonek. Salaketa horiek ere ez diote mesede handirik egingo Elizaren irudiari. Zer iritzi duzu kasu horiei buruz?

Nire inguruan ez da halakorik gertatu, eta ez dut halako kasurik entzun. Baina hau eskandalu bat izan da; oso gogorra. Dena den, beste aldetik gorrotoz ere egindakoa dela uste dut; hau da, beste edozeinek egin izan balu, ez litzateke halako oihartzunik sortuko. Gaizki eginda dagoela ezin da ukatu, baina barkatzea ez litzateke txarra; ez erabat barkatu, baina horregatik ez litzateke gorrotorik gorde behar harekiko. Dena den, haren aurkako neurriak hartu behar dira, ez dago dudarik.

Bokazioz fraide, lanbidez artzain eta zaletasunez bertsolari zarela esan izan duzu. Zein alderdi duzu nahiago?

Omenaldi bat egin zidaten behin Oñatin [Gipuzkoa], eta, aurrez, elkarrizketa bat egitera etorri zitzaidan Joxerra Garzia. Halaxe galdetu zidan: «Hi zer haiz: fraidea, bertsolaria ala artzaina?». Eta horixe erantzun nion: «Bokazioz fraide, lanbidez artzain eta zaletasunez bertsolari». Askotan egin izan didate galdera hori, eta oraindik ez dut sekula erantzun argirik eman. Zail egiten zait bat aukeratzea. Zergatik ezin daiteke izan hiru gauzak batera? Lan batek ez du bestea oztopatzen.

Fraide guztiek oparia izaten omen dute urtebetetze egunean: zure bertso bat.

Behin, bertsoak abestu nizkion bati, eta ohitura bihurtu da. 1.000tik gora bertso izango ditut eginak. Fraide batek jasotzen ditu, eta liburutegira eramaten.

Artzainen edo bertsolarien artean arazorik sortu al dizu fraide izateak?

Inondik ere, beti oso ongi hartu izan naute artzainen zein bertsolarien artean. Fraide izatea bertsoetan zirikatzeko akuilua izan da, baina bertsolariek sekula ez dute baliatu niri min egiteko.

Idiazabalgo gaztaren enbaxadore zarela ere esan liteke, ezta?

Idiazabalgo gaztarekin Espainian lortu genuen lehen saria neronek jaso nuen, 2001ean. Garai hartan, Cañete [Miguel Arias Cañete] zegoen ministro, eta hark eman zidan saria. Inguruan denak trajez jantziak zeuden, baina artzain modura joan nintzen ni, txapela soinean, eta hark nor nintzen galdetu zuen. Euskadiko fraide artzain bat nintzela esan zioten. Alboan zuen beste batek laster esan zidan ministroaren aurrean txapela kendu behar nuela, eta nik halaxe erantzun nion: «Nik txapela jainkoaren aurrean baino ez dut kentzen; gainerako gizaki guztiak berdinak dira niretzat». Cañeteri grazia egin zion ateraldiak, eta arrazoia eman zidan.

Beti ibiltzen zara txapelarekin?

Beti. Askok esaten didate burusoila naizelako janzten dudala, baina gaztetatik jantzi izan dut, baita ilea nuen garaian ere.

Asko bidaiatu al duzu gaztaren eta artzaintzaren kontura?

Beti esan izan dut ardiei dezente zor diedala. Asko bidaiatu dut. Izanda nago: Txilen, Argentinan, Idahon, Nevadan, Hollywooden [Los Angeles], Galesen, Eskozian, Grezian, Portugalen... Espainian ere leku askotan egon naiz.

Zer moduz moldatu izan zara Radio Euskadin esatari lanetan?

Artzaintzari buruz ez zela irratian hitz egiten, eta halaxe hasi nintzen. Ostiral goizetan hitz egiten nuen Radio Euskadin. Dena den, nik uste dut txisteengatik entzuten zuela jendeak nire tertulia.

Ba al dago egin ez duzun lanik?

Egongo da zerbait, ziur; hegazkin pilotu ez naiz izan behintzat eta. Batzuetan jarri izan naiz pentsatzen ea baden egin nahi eta egin ez dudan zerbait, eta ez zait ezer etortzen gogora. Egin dudanarekin konforme eta pozik naiz.

Egiten duzuna egiten duzula ere, beti umorez, ezta?

Bai, dudarik gabe. Umorea ezinbestekoa da bizitzan. Orain dela ez asko hala esan zidan nagusiak: «Nikolas, umorea gutxitzen ari zaizu; baina lehendik ere hainbeste zenuenez, oraindik dezente geratzen zaizu». Baina egia da: antzematen dut txispa galdu dudala.

Hitz onak baino ez dituzte denek zutaz hitz egitean. Zerbait esan nahi du horrek, ezta?

Egongo da gaizki hitz egin duenik ere, baina... Oso pozgarria da jendea zutaz ongi esaka ibiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.