Mendia sendabelar bihurtu da geroz eta bizkorrago bizi den gizartearentzat. Duela zenbait hamarkada, aprobetxamendurako ez bazen, ez zeukan zentzurik mendira joateak. Iñaki Aizpuru Enirio-Aralar Mankomunitateko batzarreko kideak gogoan du menditik itzultzean amak zer esaten zien: «'Zer ekarri duzue?', galdetzen zigun. Haren ustez, mendira alferrik joatea zen». Egun, mendiak erabilera anitz ditu.
Erabilpen horien artean, seguruenik, arrakastatsuena mendizaletasuna da. Aralarko mendiak esploratzeko ohiturak baditu hamarkada batzuk, baina aldatuz joan da. Gailurrerantz Mendi Elkarteko batzordean dago Aitor Garmendia zaldibiarra, eta ezagutzen du mendizaletasunak zer aldaketa jasan duen. Mendearen lehen urteetan oinezko martxek «sekulako indarra» zutela azaldu du. Azken urteetan, ordea, mendian lasterka aritzen direnen kopurua asko handitu dela dio.
Haurrentzako txangoak antolatzeaz arduratzen da, batez ere, Garmendia. Guraso gisa, nahiz eta bera ere korrika aritu izan den, mendia patxadaz ezagutzera bultzatu nahi ditu umeak: «Abereak, landareak eta inguruak ezagutuz, egunerokotasun azkarretik atera eta pilak kargatzeko aukera ematen du».
Zerua ukitu nahi duten mendizaleez gain, lurpera sartu nahi duten espeleologoen topaleku ere bada Aralar. Kareharriz osaturiko mendigunea izanik, kobazuloz eta leizez josirik dago. Ion Fontenla Felix Ugarte Espeleologia Elkarteko kideak uste du Aralarko Gipuzkoako zatian mila kobatik gora daudela, nahiz eta ez dagoen «katalogo zehatz bat».
Fontenlaren esanetan, Troskaeta eta Sarastarri kobak dira ezagunenak: «Gertu daude, eta politak dira». Sarastarrikoak, gainera, badu istorio bitxi bat: Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ezagunak igerian zeharkatu omen zuen koba barruko putzua kandela bat ahoan zuela. Leize eta koba gehienak, ordea, ez direla ezagutzen azaldu du: «Ez dira ezagutzen, eta balio handia dute; bisita batzuk jaso dituzte, baina gehienak bere horretan daude».
Zerua eta lurpea, biak eskura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu