Zerua ere txuri-urdina da

Aitor Zabaleta hil zutenean, Aingeru Gorrotxategik haren omenezko abesti bat egin zuen. 25 urte geroago egin du publiko: ‘Zerutik’. «Hilketa politikoa» izan zela nabarmendu du.

Aingeru Gorrotxategi, Donostiako Anoeta estadioan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

«Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta. Aitor, Aitor, Aitor Zabaleta». Donostiako Anoeta estadioan izan den inork abestu du lelo hori. Izan ere, Realaren zaleek ez dute ahaztu duela 25 urte gertatutakoa. 1998ko abenduaren 8an, Atletico Madrilen zale faxista batek labankadaz hil zuen Aitor Zabaleta realzalea, Madrilera futbol partida bat ikustera joan zenean. Gaur Betisen aurka jokatuko du Realak, eta duela 25 urteko sarraskia gogoratu, eta Zabaleta omenduko dute Anoetan.

Zabaleta ahaztu ez dutenetako bat da Aingeru Gorrotxategi musikaria. Hil zuten garaian, haren omenezko abesti bat egin zuen: Zerutik du izena. Hala ere, gorde egin zuen abestia. «Tristura oso handia zen, eta ez nintzen ondo sentitzen abestean», aitortu du, Anoeta estadioan. 25 urte geroago aurkeztu du. Honela dio errepikak: «Agur, ene guraso maiteak,/ bikote, familia, lagun ta herria./ Ez nitaz ardura, ni ondo egongo naiz,/ goiko zerua txuri-urdina da eta».

Gorrotxategik kontatu du ez zuela Zabaleta ezagutzen, eta hil zutenean izan zuela haren berri. Harekin «lotura sakona» sentitu zuen une horretan. «Nire lagunak Madrilera joan ziren. Ni ere joatekoa nintzen. Gogoratzen dut Parte Zaharrean nengoela, eta irratitik entzun genuen Realaren zale gazte bat zaurituta zegoela. Ordu horiek ezinegon handiarekin gogoratzen ditut», aitortu du. 

Zabaletaren hilketak markatu egin zuela esan du Gorrotxategik; handik gutxira idatzi zuen abestia: «Barruan neukana adierazi nahi nuen. Inpotentzia hori eta amorru hori adierazteko beharra neukan, eta Zerutik idatzi nuen». Lehen pertsonan dago idatzita: «Pentsatu nuen ni ere izan nintekeela hil zuten hori. Aitor eta ni gazteak ginen, realzaleak ginen, kanpoko zelaietara joaten ginen batzuetan Reala ikustera. Baldintzak betetzen nituen gertatu zitzaiona niri gertatzeko».

«Pena»

25 urte geroago egin du publiko Zabaletaren omenezko abestia. Orain, «distantzia handiagorekin» ikusten du gertatutakoa, eta horrek bultzatu du abestia kantatzeari ekitera. Hala ere, «pena» daukala aitortu du: «Pena daukat abestia lehenago argitaratu ez izana. Pena ematen dit haren aitak abestia entzun ez izanak». 

Gorrotxategik nabarmendu du garrantzitsua dela Zabaleta gogoratzea eta omentzea: «Tragedia bat izan zen familiarentzat, realzaleentzat eta Euskal Herriarentzat. Hilketa politiko bat izan zen: nik horrela interpretatzen dut». 

Anoeta estadioari Aitor Zabaleta izena jartzearen alde egongo litzatekeela esan du Gorrotxategik: «Reala ez dira soilik jokalariak. Elkarte osoa da, jendea eta gizartea. Talde baten oinarria beti da jende xumea, eta realzale baten izena izatea ondo ikusten dut». 

Betisen aurkako partida baino bi egun lehenago zapaldu du zelaia Gorrotxategik. Zabaletaren omenez Anoetan abesteak «hunkitu» egin duela aitortu du. Zabaletaren izena duen harmailari begira, honela kantatu du, haren larruan jartzen saiatuta: «Nire arimak/ Anoetan dirau,/ gol bakoitzean/ badago ene arrastoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.