Galileo Galilei astronomo italiarrak erabili zuen aurora hitza lehendabiziko aldiz, 1619an, egunsentiko jainkosa erromatarraren omenez. Gau batzuetan zeruak apaintzen zituzten koloreak ikertu zituen astronomoak, eta ondorioztatu zuen eguzki argiaren isla zirela atmosferan, baina oker zebilen. Aurora polarra gauez zeruan agertzen den distira edo lumineszentzia itxurako fenomenoa da. Eremu polarretan agertzea da ohikoena; hala ere, denbora laburrez munduko beste eremu batzuetan ere agertzen dira. Aurten, maiatzaren 10ean eta 11n, Euskal Herriko zeruan zertzelada moreak eta arrosak agertu ziren, aurora polarren bisitaren ondorioz.
Hego hemisferioan dauden aurorak austral izenez dira ezagunak, eta ipar hemisferioan daudenak, berriz, boreal gisa —boreas hitz grekoa da, eta iparraldea esan nahi du—. Euskal Herriko zeruak margotu dituzten koloreak ez dira eguzki argiaren islaren emaitza, Galileo Galileik uste zuen bezala; bai aurora boreala bai australa Lurreko atmosferako gasek eguzki haizearekin duten elkarreraginaren ondorioz sortzen dira. Virginia Garcia Aranzadiko astronomia saileko kideak azaltzen duen bezala, eguzkiaren barruan sortzen diren ekaitzekin hasten da prozesua: «Eguzkian leherketak egoten direnean, partikulak kanpora ateratzen dira, protoiak batez ere. Partikula horiek Lurreraino iristen dira».
Lurrera iristean, haren eremu magnetikoa jotzen dute, eta eremu magnetikoak partikulak bideratzen ditu, magnetismo horrek indar gutxiago duen lekuetara: poloetara. Poloetatik, atmosferan sartzen dira, eta gas atomoekin egiten dute topo: oxigenoarekin eta nitrogenoarekin, batez ere. «Partikula horiek energia daukatenez, airea ionizatzen dute, baita askotariko gasak ere, eta bien arteko talkatik argia sortzen da: aurorak», azaldu du Garciak. Arnaitz Fernandez fisikari eta eguraldi aurkezleak horrela laburbiltzen du aurora polarren sorrera: «Eguzki haizeak sortutako partikula kargatuak Lurreko atmosferan sartu eta bertako molekulekin erreakzioa sortzean gertatzen den fenomeno elektromagnetikoa, hainbat koloretakoa».
Auroren koloreek erakusten dute atmosferaren zein eremutan dauden, baita zer gasekin topo egin duten ere. Adibidez, oxigeno atomo batek ia bi minutu behar ditu fotoi gorri bat igortzeko, eta denbora horretan atomo batek beste bat jotzen badu, prozesua eten edo amaitu daiteke. Horregatik, aurora gorriak ikusten direnean, litekeena da ionosferaren eremurik gorenetan egotea, gutxi gorabehera 240 kilometroko altueran: oxigeno atomo gutxiago daude han, eta zailagoa da talka egitea. Koloreak prozesu elektromagnetikoa non gertatu den adierazten du, beraz. Arrosa koloreko aurorak dira goren sortzen direnak, 300 eta 400 kilometroko tartean, eta oxigenoarekin talka egiten dutenean eratzen dira, batez ere. Berdeak, berriz, atmosferaren eremu apalago batean daude, 100 eta 300 kilometroko tartean. Gero, moreak daude, gertuen daudenak: 100 kilometroko distantziara daude, eta nitrogenoa eta hidrogenoa ukitzen dutenean sortzen dira.
Ehun urtean behin
Euskal Herriko zeruetan arrosa kolorea agertu zen batez ere; beraz, eguzki haizea atmosferaren geruza oso garaietan sartu zen, 400 kilometroko distantziara. «Esan beharra dago hemen ikusi genuen aurora ez zela honaino iritsi, Eskoziaren latitudean gelditu baitzen», azaldu du Garciak. Beraz, Euskal Herrian ikusitako arrosa koloreko aurorak Eskoziatik sartutako partikulen oihartzuna dira, atmosferako goi geruzen barruan harrapatuta geratuak.
Eguzkiak partikula kargatu horiek bidali egiten ditu, baina ez aldi berean, ezta beti intentsitate berarekin ere. «Eguzkiak hamar eta hamabost urte bitarteko zikloak ditu, eta orain maximotik gertu daude», esan du Fernandezek. Eguzkia maximo horretan dagoenez, ekaitz gehiago sortzen ari dira haren barnean, eta partikula kargatuen emisio handiagoa dago. Aurrekoan ikusitako aurorak horien ondorio dira, Fernandezek azaldu duen bezala: «Ekaitz oso gogorra sortu zen Eguzkian, eta, gainera, ekaitz hori Lurrera bideratuta zegoen, eta, horren ondorioz, askoz errazagoa da latitude batean baino gehiagotan ikustea aurorak».
Hainbat faktore bete behar dira Euskal Herrian aurorak ikusi ahal izateko, eta maiatzaren 10ean eta 11n faktore horiek guztiak elkartu ziren: horrelako ekaitz indartsu bat izatea Eguzkian; Lurrera bideratuta egotea; ilargi beterik ez egotea, zerua ilunago egoteko eta errezagoa izateko aurorak ikustea, eta hodei gutxi izatea. «Horrelako fenomenoak aurreko mendetik ez dira ikusi Euskal Herrian, 1934tik. Fenomeno hori ehun urtean behin gertatzen denez, uste dut itxaron beharko dugula berriz ikusteko», esan du Fernandezek.
Ozeanoen eta Atmosferaren AEBetako Administrazioak ohartarazi duenez, azken hogei urteetako ekaitz geomagnetikorik gogorrenak jo du Lurra, eta, horren ondorioz, ohi baino latitude askoz apalagoan ikusi dira aurorak. «Eguzkian hiru leherketa gertatu dira. Lehenengo biak normalak izan ziren, baina hirugarrena bortitzagoa izan zen, eta horrek aurreko biak bultzatu zituen», azaldu du Garciak. Eguzkiak 11 urteko zikloak ditu, eta, urte horietan, minimo batetik maximo batera pasatzen da, modu ziklikoan. Orain, ekaitz garai maximora iristen ari da, eta ekaitz horretatik partikulak atera eta haizearen bitartez Lurrera iristen dira. «Esango nuke ez dugula berriz aurorarik ikusiko latitude honetan, ez baita oso normala. Behin Eguzkiko leherketa ikusita, kalkulatu daiteke noiz iritsiko den Lurrera. Baina ezin da jakin leherketa horiek noiz gertatuko diren eta nolakoak izango diren», argitu du Garciak. Beraz, litekeena da ehun urte barru zerua arrosaz margotuta ikustea berriz.