Zerua apaintzen duten malkoak

‘Done Laurendiren malkoak’ izena hartzen duten hauts partikulek janzten dute zerua udan. Lurrak 109 P/Swift-Tuttle kometaren orbita zeharkatzen duenean sortzen dira pertseidak.

Pertseidak Hollokon (Hungaria). PETER KOMKA / EFE
Pertseidak Hollokon (Hungaria). PETER KOMKA / EFE
itsaso jauregi 2
2024ko irailaren 13a
05:00
Entzun

Hiriko argietatik urrundu eta ilunpetan murgiltzerakoan, zerua apaintzen duten elementuak argiago ikus daitezke. Udan, batez ere, zerua garbiago egoten da, laino gutxiagorekin, eta izarrek zerua nola apaintzen duten ikus daiteke. Uztail eta abuztu bitartean, izarrak ikusteaz gain, zerua zeharkatzen duten osagai batzuk ere agertzen dira, urrezko euria balitz bezala. Pertseidak dira horiek, Done Laurendiren malkoak izenez ere ezagunak. Izar iheskorrek edo meteoro zaparradek zerua hornitzen dute urtero uztailean eta abuztuan. 

Konstelazioen izen bakoitzak mito bati egiten dio erreferentzia, eta pertseidak greziar mitologiarekin lotuta daude. Izan ere, zerua zeharkatzen duen fenomeno hori Pertseo konstelazioarekin lotzen da; izar iheskorra zeruan ikusterakoan, Pertseo konstelaziotik ateratzen dela dirudi. Greziar mitologian, Pertseo Zeus jainkoaren semea da, eta, Danae ninfaz maitemindurik, itxura aldatu zuen bere maitearen gelan sartzeko. Danae ninfaren gelan ezkutuan sartzeko, urrezko euriaren forma hartzea erabaki zuen Pertseok; pertseiden forma hartu zuen, alegia.

Pertseidek Done Laurendiren malkoak izena ere hartzen dute; hain justu, kristautasunarekin lotuta dago izen hori. Valeriano erromatar enperadoreak jazarpen ediktu bat egin zuen, eta, horren ondorioz, Laurendi martirioa sutan bizirik erre zuten. Sufrimendu horren ondorioz, urre koloreko malkoak isuri zitzaizkion begietatik. Abuztuaren 10ean santu horren eguna ospatzen da, eta hori bat dator fenomeno astronomiko hura ikusi ahal izateko datarekin. «Zeruak suzko malkoak isurtzen ditu Lorenzo santuak pairatutakoaren ondorioz», esaten zuten kristauek. Adolphe Quetelet astronomo belgikarrak 1835ean erakutsi zuen zeruko malko horiena abuztuan modu ziklikoan gertatzen den meteoro zaparrada bat zela.

Pertseidak eta, oro har, ozar izarrak kometekin lotuta daude, eta Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko astrofisikaria arduratzen da kometek zeruan utzitako urrezko arrasto horiek azaltzeaz: «Kometen nukleoak elur bolak direla esan ohi da; uste baino hauts eta molekula organiko gehiago dituzte barnean». Kometak gorputz izoztuak dira, eta barruan hauts aleak eta partikula solidoak dituzte. Eguzkira hurbiltzen direnean, izotza lurrundu egiten da eguzki erradiazioaren bidez, eta harrapatuta dauden partikulak askatu egiten dira. Partikula horiek kometaren orbitatik gertu geratzen dira, eta, Lurrak eremu hori zeharkatzen badu, harrapatu egiten ditu. Orduan, izar iheskorrak eta kasu honetan pertseidak hauts planetarioaren partikulak dira, Lurrak bere ibilbidean harrapatzen dituenak.

Swift-Tuttle

Pertseidak ozar izarrak dira; hau da, kometek utzitako partikulek Lurraren atmosfera ukitzean sortzen diren fenomenoak. Uztailean eta abuztuaren hasieran, Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du, eta kometa horrek sortutako hauts partikulak askatzen dira. «Udan ikusten dira pertseidak urtero, orduan egiten baitu topo Lurrak kometaren orbitarekin», azaldu du astrofisikariak. Beraz, urtero, planetak 109P/Swift-Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du, 133 urteko aldia duen kometa baten ibilbidea. Pertseidak sortzen dituen kometa 1992an igaro zen azken aldiz Eguzkitik gertu.

Pertseidak ikustea oso ohikoa den arren, astrofisikariak argi du kutsaduratik aldentzea «funtsezkoa» dela: «Behaketa lekua edonon izan daiteke, baina bakarrik zeru iluna dagoenean, hirietatik urrun». Hobe da ikusteko oztopo gutxi dituen leku batetik begiratzea, eraikinetatik, zuhaitzetatik edo mendietatik urrun. Erosoena lurrean etzatea da, eta begiak ilunpetara ohitu arte itxarotea.

Mirentxu Araiz Astronavarrako kide eta argazkilariaren begiak iluntasunera egokituta daude jada. Reflex kamerarekin eta tripode batekin fenomeno horren argazkiak ateratzeko saiakera egiten du urtero, objektiboa Pertseo konstelaziorantz bideratuz: «Kamerarekin Kasiopea bilatzen dugu. Esne Bidetik gertu dagoenez, badakigu Pertseo ezkerraldean dagoela». Pertseidek azkar zeharkatzen dute zerua, eta bi segundoko distira izan dezakete erabat desegin aurretik; beraz, argazkilariak angelu handiak erabiltzen ditu ahal duen guztia harrapatzeko; askotan, kamera tripode batean utzi eta argazkiak ateratzen ditu segundoero, hauts molekula horiek ikusteko itxaropenarekin.

Zeruari begira

Pazientzia behar da ikusteko, minutuero ez baita meteoro kopuru bera igarotzen. Gerta daiteke denbora batez ez igarotzea, eta gero oso denbora gutxian izar jario handia egotea. Horregatik, pazientzia edukitzea gomendatzen dute adituek. Pazientzia dute osagarri Iruñeko Planetarioan. Izan ere, urtero antolatzen dute txango bat hiritik urrun pertseidak ikusteko. Aurten, Xabierko gaztelutik gertu elkartu ziren, eta lau autobus eta hainbat auto joan ziren Iruñetik; iluntasuna nagusi zen, herriko argiak itzali baitzituzten. Hala ere, pertseidak hodei grisen atzean ezkutatu ziren. «Aurten udako ekaitzez gozatzeko aukera izan dugu», esan du Jauregik.

Iruñeko Planetarioa zabaldu zutenetik, horrelako jarduerak antolatzen dituzte, baina, astrofisikariak azaldu duenez, gero eta jende gehiagok egiten du bat planarekin: «Oso une polita da jende askorekin egotea zeruko istorioak partekatzeko, izarrak iluntasunean ikustea eta izar iheskorrak ikustea. Zirrara sortzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.