Zientzia

Zerri transgeniko baten bihotza txertatu diote gizon bati

Halako lehenengo ebakuntza arrakastatsua da, eta bidea ireki dezake organo baten zain dauden milaka pertsona salbatzeko.

Txertaketa egin duen taldeko buru Muhammad M. Mohiuddin (erdian), taldekide batek zerri transgenikoaren bihotzari eusten diola, joan zen ostiraleko ebakuntzan. UNIVERSITY OF MARYLAND SCHOOL OF MEDICINE / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 11
09:56
Entzun

AEBetako Marylandeko Unibertsitatean egin dute historiarako urratsa. Lehen aldiz, arrakastaz lortu dute gizaki bati genetikoki eraldaturiko zerri baten bihotza txertatzea. Joan zen ostiralean egin zuten ebakuntza, eta oraingoz, pazientea ongi dago.

The New York Times egunkariak eman du ebakuntzaren berri. Horren arabera, gaixoak 57 urte ditu, eta David Bennet du izena. Haren bizia arriskuan zegoen, bihotzeko gaitz baten ondorioz. Bestelako prozedurak agortuta zituen, gaixoegi zegoen gizaki baten bihotza jasotzeko, eta bizitzen jarraitzeko itxaropenik ez zuen. Horregatik onartu zuen ebakuntza esperimentalarekin arriskatzea.

Zortzi ordu iraun zuen prozedurak.

Zerriaren bihotza jaso duen David Bennet, ebakuntzaren aurretik.University of Maryland School of Medicine / EFE

Zirujauen arabera, bihotza ondo funtzionatzen ari da: pultsua sortzen du, eta odol presioa. Bihotz «normala»
ematen duela adierazi dute. Edonola ere, ikusi behar da nola egiten duen aurrera datozen egunetan, halakorik ez delako orain arte inoiz egin.

Saioak arrakasta badu, itxaropena emango die mundu osoan organo baten zain dauden milaka gaixoei. Izan ere, horien falta da halako ebakuntzak egiteko arazo nagusia. Orain arte, bakarrik beste gizaki batetik erauzitako organoekin egin zitezkeen halako txertaketak, eta ez beti arrakastaz, organoa jasotzen duenaren immunitate sistemak askotan organo arrotza arbuiatu egiten baitu Zerrien organo askok gizakien baliokideen antz handia dute, eta, beraz, organo iturri ia mugagabe bihur daitezke. Baina, horretarako, arbuioaren arazoa gainditu behar da.

Azken hamarkadan asko garatu dira geneak editatzeko teknikak. Horien helburuetako bat izan da zerrien bihotzak genetikoki eraldatzea, gizakien immunitate sistemaren arbuioa eragozteko. Hamar mutazio genetiko zituen zerriak. Gizakiengan arbuioa eragiten duen molekula bat kodetzen duen gene bat indargabetu zioten, besteak beste.

Duela hilabete batzuk zerri transgeniko baten giltzurruna arrakastaz txertatu zioten gizaki bati, baina ezin da orain jakinarazi duten operazioarekin parekatu, kasu hartan bestelakoa baitzen organoa jaso zuen gizakiaren egoera: garun heriotza.

Adituek nabarmendu dute ebakuntza mugarria izan arren, oraindik ezingo dela arrunt bihurtu, arbuioaren afera oraindik ez delako erabat gainditu. Terapiak heltzeko denbora asko beharko duela ohartarazi dute.

Izan ere, Bennet bihotz eta birika lanak egiten dizkion makina bati lotuta dago oraindik, halako kasuetan ohikoa den bezala. Baina hori gaur bertan ken diezaioketela adierazi dute. Arbuioren zantzurik ez da agertu lehenengo egunotan. Aurreko 48 orduak erabakigarriak izaten dira halako ebakuntzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.