Zerkausi hitza zerka eta hautsi hitzak batuz sortu zen, baina, berez, azoka esan nahi du. Tolosan (Gipuzkoa) zerka zaharraren arrastoak ikus daitezke oraindik kristalezko zorutik. Larunbatero-larunbatero dozenaka lagun elkartzen dira bertan. Azokak erakartzen ditu. Feli Alzagak postu txiki-txiki bat dauka ibaira ematen duen kalean. Letxugak, lekak, tipulak, patatak... «garaian garaikoa». Ibarrako Txulone baserriko alaba 13-14 urterekin hasi zen azokara etortzen: «Izaskun auzokoa naiz. Aitona-amonak hasi ziren etortzen, gero gurasoak, eta gero ni. Seme-alabek ez dute honetan jarraituko. Ez dago hemendik bizitzerik».
Pilar Imazek otsailean utzi zion postua jartzeari. Adiskideari laguntzen ari da tarte batez. «Jaiotako tokian bizi naiz: Hernialdeko Maletxe baserrian», esan du, irribarrez, izenari erreparatuta. Azaroan egin zuten ikuskapenaren ostean erabaki zuen saltzeari uztea. Feli bezala, bera ere 13-14 urterekin hasi zen azokan. Abasto plazara joaten ziren garaiaz akordatu dira, eta biek ala biek uste dute dena aldatu dela, «erabat», eta, baserritar txikientzat behintzat, ez dagoela bizimodurik: «Nola egoten zen hau! Pena ematen du orain hala ikusteak... Polita zen oso, baina asko galdu da».
Uda sasoiko giroa dago azokan, eta eguerdi partean, turisten artean, bada oraindik ere erosketaren bat egitera etorri denik. Jon Begiristainek haur koskorra zenetik ezagutu du azoka. Gazta, sagar zukua, madalenak eta eztia erosi ditu: «Barazkiak ere erosten ditut, eta baita loreak ere». Azokaren giroa apaldu egin dela dio: «Lehen Leitzatik autobusak etortzen ziren. Donostiatik ere bai: atoi bat jartzen zuten». Baserritarrek gero eta oztopo gehiago dituztela ere salatu du: «Sektorea kili-kolo dago, eta trabak baino ez dituzte. Ezin da hori egin. Erretiratuta daude etortzen direnetako asko, eta zailtasunak baino ez dituzte».
Azokaren koloreak
Uzturre, Hernio, Txindoki, Erroizpe, Otsabio edota Ipuliñoren magalean ekoiztutakoak dira azokan saltzen diren produktu gehienak. Urtaroak bezala, koloreak aldatuz doa. Eneko Imaz Amianoren hitzetan, «aurten ez dago baratzik»: «Tipulak eskasak dira, lekarik ez dago, piperrik oraindik ere ez. Letxugak baino ez daude». Elduaingo Allanegi baserrian bizi da, sortzez tolosarra den arren, eta, adierazi duenez, ez dira betiko garai onenak: «Ez gara baserritarrak, militanteak gara. Pandemiak min handia egin zuen. Lehen, postuek lau kale osatzen zituzten, nekez pasa zitekeen postuen artean, eta, orain, berriz, bi kale baino ez daude». Ticket Bai sistemaren ezarpenak eta azaroko ikuskapenak ere zerikusia izan dute apalaldian. Imaz kezkatuta agertu da ia zortzi mendeko historia duen azokaren etorkizunarekin: «Ez dago erreleborik, eta erosteko ohiturak ere asko aldatu dira. Hemen gauden gehienak ez gara honetatik bizi».
Arantxa Garaibururen amonak arkumeak eramaten zituen azokara. Garaiburuk gazta saltzen du. Etorkizuna hizpide hartuta, galderak baino ez ditu: «Globalizazioaren kontua ere bada. Interneten dena dago eskura, asteko zazpi egunetan. Zerbait egin beharko da, baina ez dakit zer».