Bat-batean jabetu zara denbora asko daramazula Egunean Behin-eko galderak erantzun gabe. Atzetik izan ohi dituzu lankideak ere, egiteko esanez, bestela sailkapenean oso behean geratuko zarela gogoratuz. Minutu erdi daukazunez, orain egitea erabaki duzu. Baina sartu, eta jabetu zara hamazazpigarren denboraldia bukatu dela jada, eta ez duzula puntu gehiago lortzeko aukerarik, hurrengo denboraldira arte, behintzat.
Zeure kolkorako pentsatu duzu: «Nori bururatu zitzaion egunero hamar galdera erantzun behar hori? Sagua nora helduko den edo argazkiko txoria zein motatakoa den galdetzea?». Bada, Codesyntax enpresako langileei. Egunean Behin sakelakoetarako jokoa egiteagatik dira ezagunak, baina 25 urte bete berri dituzte zerbitzu digitalak eta aholkularitza eskaintzen. Webguneak, aplikazioak, intranetak, estranetak... «Neurrira egindako garapen teknologikoak eskaintzen dizkiegu bezeroei, edo transformazio digitalean laguntzen diegu; horrek ematen digu jaten», azaldu du Josu Azpillaga Codesyntaxeko industria ingeniariak.
«Etxetik ekarritako ordenagailuekin hasi ginen, ipurdia zuten horietako batzuekin. 'App'-ak ez ziren existitzen, sakelakoak ere ez...»
ENEKO ASTIGARRAGACodesyntaxeko gerentea
Oihana Aranbarri eta Ane Tubia Codesyntaxeko informatikariak dira. Hain zuzen, haien egunerokoan webguneak sortzen dituzte. Erabiltzaileek webguneetara sartzean ikusten dutena baino gehiago, barneko tripak kudeatzen dituztela azaldu du Aranbarrik. Horien adibideak jarri ditu Eneko Astigarraga gerenteak: «Ulma Packagingeko makinen jarraipenerako aplikazio bat egin dugu: pakete bat non dagoen, nora doan, gaizki dagoen pieza zein den...». Azpillagak erantsi du ONCE Espainiako Itsuen Erakundearen langileen intraneta ere haiek kudeatzen dutela, «milaka langile» baitira.
Gaur egun, enpresa guztiak digitalki kudeatzen direla zehaztu dute Codesyntaxekoek, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten milaka enpresa daudela, baina beraiek neurrira eta hizkuntza kontuan hartuta egiten dituztela garapenak. «Enpresa sortu zuten euskaraz gauza horiek ere egiten hasteko, eta horretan jarraitzen dugu».
Inkubagailu batetik
Hain zuzen, enpresaren sorrera ekarri du gogora Astigarragak; hasieratik ari da bera bertan lanean. Luistxo Fernandez eta Gari Araolazarekin batera sortu zuten Codesyntax, 2000. urtean. «Luistxo [Euskaldunon] Egunkarian ari zen, Garik enpresa industrial batean autoetarako txapak egiten zituen eta ni aholkularitza batean nengoen». Euskarari buruzko foro batean jabetu ziren Interneten euskaraz gauza gutxi zegoela. «Gogoan dut webguneetako euskarazko bertsiora sartzen ginen bakoitzean jartzen zuela: 'Lanean ari gara'». Orduan AEBetan eskaintzen ziren zerbitzuak eta arrakasta zuten aplikazioak ingelesetik euskarara ekartzea zen ideia.
Codesyntax Eibarren (Gipuzkoa) dago hastapenetik: orain, industrialde batean; lehen, enpresak sortzeko inkubagailu batean. «Etxetik ekarritako ordenagailuekin hasi ginen, ipurdia zuten horietako batzuekin. Ordenagailu eramangarriak bageneuzkan, gogoan dut hori, baina app-ak ez ziren existitzen, sakelakoak ere ez...», oroitu du gerenteak.
Azpillagaren ustez, hiru sortzaileek «intuizio ona» izan zuten bururatu zitzaienean orduko Internetek —oraingo digitalizazioak— izan zezakeela eragina euskararen biziberritzean, eta ekarpena egin zezakeela. «Garai hartan ez zuen inork ondo egiten webgune elebidun bat», oroitu du Azpillagak. Eta pentsatu zuten hori euskaraz egitea lortuz gero beste hizkuntza batzuetan egin nahi zuen jendeak ere erabiliko zukeela. Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea izan zuten lehenengo bezero.
«Amerikakoek ez daukate eleaniztasunaren ikuspunturik, eta hemen ikasitako apur hori eskaini izan dugu, gure neurrian»
MIKEL LARREATEGICodesyntaxeko informatika ingeniaria
Codesyntaxeko bulegoan batek esan ohi du: «Euskalgintzatik hasita egin ditugu teknologiak; euskaraz ez dugu ikasi, bagenekielako, baina teknologia ikasi dugu, eta orain teknologia saltzen dugu». Bezero nagusiak euskalgintzakoak izan dira, eta oraindik ere badira: elkarteak, Udako Euskal Unibertsitatea, Elhuyar... Tokiko komunikabideetarako sortutako plataforma komuna jarri dute adibidetzat: «Elkarlanean garatutako tresna baten adibidea da; izan ere, bakoitzak bere aldetik ezingo luke halakorik bere gain hartu, baina, modu honetara, bai», zehaztu du Azpillagak.
Eta beste intuizio bat ere izan zuten, industria ingeniariaren ustez: «Software librea erabili behar zen behar horri erantzuteko; bestela, software jabedunek eskuak lotuta edukiko gintuzkete». Software libreak aukera ematen du kodea bera euskarara itzultzeko, eta, aldi berean, beste sortzaile batzuekin kolaboratzeko.
Bide beretik, euskal komunitatean ikasitakoa kanpokoei erakusteko modua ere ematen duela esplikatu du Mikel Larreategi Codesyntaxeko informatika ingeniariak: «Adibidez, Amerikakoek ez daukate eleaniztasunaren ikuspunturik, eta hemen ikasitako apur hori eskaini izan dugu, gure neurrian». Kanpokoengandik ere asko ikasten dute Codesyntaxekoek: «Beste behar batzuk dituzte, eta ikuspegia zabaltzen digute», azaldu du Azpillagak.
Ordutik, milaka aplikazio eskari izan dituzte, zein baino zein bitxiagoak. «Jendeak eskatu izan digu Facebook-en ezaugarriak dituen aplikazio bat, bere auzorako. Edo Stravaren antzeko aplikazio bat». Enpresa teknologikoko langileak saiatu ohi dira bezeroak konbentzitzen halako aplikazio indartsuen aurka ez egiteko. «Badakigu zer den aplikazio bat egitea, mantentzea, horrekin lekua egitea...».
«Egunean Behin-en efektua»
Codesyntaxen ohiko jardunetik harago, haien baliabideekin produktu propioak ateratzen dituzte: «Gure DNAn dago; gure helburuetako bat ere bada horiek ateratzea. Sorreratik daukagu euskararekin eta euskararen digitalizazioarekin lotura bat, asmo bat, batez ere horretarako sortu ginen eta», adierazi du industria ingeniariak. Egunean Behin sakelakoetarako jokoa da ezagunena eta arrakastarik handiena lortu duena. Sei urte daramatza sarean. 17. denboraldia amaitu berri da.
Jokoa abiatu eta erabiltzaile mordoa lortu zituzten. «Sorpresaz» bizi izan zutela gogoratu du Larreategik. Egunean Behin-en lehenengo bertsioak ez zeuzkan orain dauzkan funtzio guztiak; hori bai, funtsa bera izan da beti: egunero hamar galderako partida bat. Baina hasieran ez zeuden denboraldiak, ez taldeak. Joko ezagunak aurretik beste bat izan zuen: Tribual. Antzeko joko bat zen, baina nahi beste partida joka zitezkeen. «Ez zuen izan arrakastarik, eta ikasi genuen horretatik ere», aitortu du Astigarragak. «Aldiz, jendea kateatu egin zen Egunean Behin-era».

Codesyntaxek beste eragile askoren aplikazioak ere sortu ditu: Mihiluze saioaren app-a, Gurot app-a, Appa hi!, Euskarabenturaren app-a, Mendiak app-a... Azken hori ez da hain ezaguna, baina Egunean Behin-ek baino urte gehiago ditu. Norberak igo dituen tontorrak erregistratzeko modu bat da: «Mendietan buzoiak egon ohi dira, jendea igotzen denean testigantza uzteko; bada, Mendiak aplikazioak hori egiten du digitalki; argazkiak eta oharrak utz daitezke», azaldu du Astigarragak.
Tagzania jokoa ere atera zuten: Euskal Herrian zein munduko txokoak mapa batean kokatu behar ziren. Baina orain ez dabil. Bertsio txiki bat atera zuten proba batzuk egiteko, baina kolpera jende mordoa sartu zen: «Ez genuen aurreikusi Egunean Behin-en efektua, eta parametroak doitu behar ditugu», azaldu dute. Gainera, adierazi dute euskarazko produktu propioak atera nahi dituztela, eta ari direla beste bat pentsatzen.
Egunean Behin-eko galdera gehienak automatikoki sortzen dira: «Gaur egun sortu beharko bagenitu, adimen artifizialarekin sortuko genituzke ziur aski, baina orain sei urte, ez», jakinarazi du Azpillagak. Hori bai, aurreko denboraldian saiatu ziren, adimen artifizialak egin zituen galdera batzuk eta Latxa bera Egunean Behin-en aritu zen. Orduko bertsioa batezbestekotik gora gelditzen zen: «Bost segundoan jokatzen zuen partida», aipatu du Larreategik.
Adimen artifiziala haien jardunean mehatxu ala indargune den galdetuta, Astigarragak iritzi dio «lagungarria» dela, «lan errepikakorra aurrezteko edo kodea idazteko gomendioak eskuratzeko». Baina «disrupzio bat» ere badela aitortu du Azpillagak: «Digitalizazioa 25 urteotan ikaragarri aldatu da, baina batzuetan badira salto kualitatiboak, eta adimen artifiziala da horietako bat».
Lastoa eta alea
Internet, webguneak eta aplikazioak azkar zahartzen dira, «oso azkar», Azpillagaren esanetan, eta etengabe aritu behar dute berritzen. Iruditzen zaie horixe dela erronkarik handiena: digitalizazioaren erritmo horri eustea eta horren neurriko erantzunak ematea. Eta, gehienbat, lastoa eta alea bereiztea: «Aukera asko dago, produktu asko, zarata handia, webgune asko, eskaera asko...», adierazi du Larreategik.
Digitalizazioaren munduan dena biltzen ari dela iritzi diote: enpresa gutxiago daude, baina handiagoak. Azaldu dutenez, Euskal Herriko enpresa batzuek ere kanpoko enpresa handietara jotzen dute. «Erronka da, kontzentratuz doan mundu horretan, hasieran egindako hautu horiei eusten asmatzea: hizkuntzari, software libreari...», esan du Azpillagak.
«Sorreratik daukagu euskararekin eta euskararen digitalizazioarekin lotura bat, asmo bat, batez ere horretarako sortu ginen eta»
JOSU AZPILLAGACodesyntaxeko industria ingeniaria
Adierazi dute enpresa gisa hazi egin direla, baina ez dela erraza izan: euskaraz egiten dute lan, mundu teknologikoan. Gaur egun, 25 langile dira, bete dituzten urteak bezainbeste. «Konpetentzia handia dago, eta enpresa asko ari da jende bila», aipatu du Azpillagak. «Gero eta jende gehiagok egiten du lan etxetik Tokioko enpresa batentzat», adierazi du Larreategik.
Azpillagak zera erantsi du: «Zalantza bakarra izan daiteke zer leku hartuko duten gurea bezalako enpresa txikiek, euskarari garrantzia ematen dietenek». Halere, uste dute euskalgintzak berak digitalizazioaren arloan gero eta lan gehiago egin beharko duela: «Euskarak bizi behar badu, mundu digitalean ere bizi beharko du».