«Zerbait berezia nahi nuen, alternatiboa»

Nicolas Armendarizek Züzülü arte leku eta kafea ireki zuen duela urte bat eta erdi inguru. Aurtengoak izanen ditu lehen Baionako bestak irekiz geroztik, eta, horren harira, Üx ekitaldia eginen du bost egunez.

LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

Joan-etorriak alde guztietara, eta soinu eta ostatu materialak barreiatuak, horixe aurkitzen da Züzülün, Cordeliers kalean, Baionako besten denboran. Beste orduz, berriz, artista eta artisauentzako lan eremu partekatua da. Proiektu hori Nicolas Armendarizena da (Gotaine, 1983): sortzez zuberotarra da, baina Baionan bizi da orain, eta Züzülü besten karietara ireki du.

 

Züzülü nondik abiatu zen?

Züzülü lehengo Txiriboga ostatuaren segida da; ostatu famatu bat zen abertzaleentzat. Duela bi urte, xantza ukan dut gunea erosteko, dena berritzeko. Urte batez obretan egon, eta, orain, hamar artista eta artisau gara, gunea partekatzen eta egun osoz hemen lanean. Elkarte bat ere sortu dugu, kontzertuak eta artista egonaldiak antolatzeko.

Beraz, Baionako lehen bestak dituzu Züzülü irekiz geroztik. Nola pentsatuak dituzu?

Baionako bestetarako, nik dut irekitzen, lekuaren jabe gisa, eta erabaki dut zerbait pixka bat berezia egitea, alternatiboa. Egun osoz kulturgune bat da Züzülü, eta ez nuen asmatzen bakarrik ostatua irekitzea. Kontzertuen ideia atxiki nahi nuen. Xantza dut leku baten ukaitea Baionan; orduan, zergatik ez nik zerbait egin, nire ideia atxikiz.

Ez nuen bortxaz nahi Baionako besta bezala definitzea, orduan egin dut festibal bat balitz bezala. Üx deitzen da. Lehen urterako jendeek ez dute anitz jakinen, baina, heldu den urtean, Üx Üx deituko dut, eta, ondokoan, Üx Üx Üx [irriz hasi da]. Xutik eta Old School Funky Family baditut aurten, hemengo bi talde potolo dira, eta nahi nuke urte oroz ukan horrelako talde eder bat. Berez, gunea ttipiegia da Xutik ukaiteko. Baina hori dut maite, eta jendea harritzen da. Horretarako, programa ateratzean, egiten duzu: «Üx!».

Ez zarete zuri eta gorriz...

Ez. Ez dakit noiz agertu zen zuri eta gorria, amiñi bat Iruñea bezala egiteko, baina guk atxikitzen dugu zuri eta urdina, lehen zen bezala. Nik ditut gure gainak sortu, nire lana baita, eta horrek ere, bide batez, erakusten ahal du egunerokoan zer egiten den Züzülün.

Baionako bestez harago, xede berezi bat bada bost egun horien gibelean?

Bai, arrunt. Alde batetik, musikariak eta taldeak etorraraziz, musika biziaraziko dugu. Cordeliers karrika aski berezia da batzuetan: gazteak edatera jiten dira, mozkortzera. Bada edaria, bai, baina ez hori bakarrik. Kontzertuak, justuki, aski goiz antolatuko ditugu, aperitifa denboran; horrela, gero, jendeak besta egin nahi badu, libro da joateko. Eta bada kanpoko musika, DJ batekin. Orain, denek ber musika ezarri behar dugu; lehen bakoitzak berea ezartzen zuen, eta kakofonia zen.

Horrek beste puntu batera eramaten gaitu. Nik ez dut batere maite pasatzen duten musika: usu ez da hemengo DJ bat, eta ez du euskal musikarik pasatzen. Guk, Züzülün, espiritu bat defenditzen dugu: euskara, kultura... Eta bakarrik naiz hemen, zerbaiten egiten amiñi bat desberdina. Baina atxiki behar dut, zeren eta ez badut nik ere egiten, nehork ez du eginen, eta zerbait galduko da. Aspaldi, Txiribogak jadanik indar hori abiatu zuen, hemen, eta indar horri segida ematen diot.

Beraz, egiazko ideologia baten defenditzea espero duzu?

Bai, argiki. Kontzertuen antolatzea, euskal kontzertuak bereziki, Euskal Herriko jendeak etorraraztea da enetzat. Usaian giro on batean dira besta egiteko, beste espiritu batean. Pentsatzen dudana da ene gunea euskaldunez beterik baldin bada, orduan, gero besteek ez dutela lekurik izanen sartzeko, turistek adibidez [irriz hasi da]. Dena euskaraz ezartzen dugu, frantsesik gabe. Ez da baztertzeko, baina bai erakusteko leku berezi bat dela eta hori sustatu nahi dela.

Amiñi bat lotsarazten nau zonbaitek besta nola egiten duten. Ez dut problemarik nahi, ez da nire lana, ez naiz hor gauzain bat ezartzeko. Ez bada ontsa iragaten, hesten dut. Ez naiz hor borrokatzeko.

Antolaketa izugarria da Baionako bestetarako prestatzea?

Pasatzen zarelarik lan gune batetik ostatu batera, alimaleko lana da. Hozkailuak, garagardoa zerbitzatzekoak... Ez da gauza erraza jende anitz jinaraztea holako leku ttipi batera: behar da pentsatu nola ateak zerratu, nola guziak fite zerbitzatu. Horrelako asteak estresagarriak dira. Ez naiz lasai, baina bai kontent, zerbait proposatzen baitu.

Bestetako bost egunetarako antolatua da programa...

Bai, asteazkenean abiatu zen, Nat eta Watsonekin, 21:00etan. Atzo, Rakatapunk izan zen; gaur gauean, metal gaualdi berezi bat eginen da, Ztsh eta Torheit taldeekin lehenik, eta Bal Du Samedi Soir Kolekin gero. Neskenegunean, bazkari bat eginen dugu, dena eskuz, dena etxeko, eta, gero, Xutik izanen da, beste DJ batekin gibeletik. Igandean, Old School Funky Familyk joko du.

Besterik?

Jin zaitezte Züzülüra besta egitera!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.