Buztingilea

Blanka Gomez de Segura: «Zeramikari esker jaitsi ginen gizakiak arboletatik»

Euskal Buztingintzaren Museoa sortu, eta milaka urte dituen ofizioa berreskuratu du Gomez de Segurak: «Gure arbasoen ondarea babestu behar dugu. Jakinduria hori ezin duzu Googlen aurkitu». Katebegia da.

Blanka Gomez de Segura, eskuan pegar bat duela, Euskal Buztingintzaren Museoan, Elosuan, Araban. IÑIGO URIZ / FOKU
Blanka Gomez de Segura, eskuan pegar bat duela, Euskal Buztingintzaren Museoan, Elosuan, Araban. IÑIGO URIZ / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Elosua
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Gorbeiaren hegoaldeko mazelak lautadarekin bat egiten duen lekuan dago Euskal Buztingintzaren Museoa, Olleriasen, Elosuan (Araba). Blanka Gomez de Segura (Zeanuri, Bizkaia, 1952) atarian dago. Lizarretan hiru habia daude udaberri honetan: «Miru beltzak dira. Fama txarra dute, baina zerbaitetarako egongo dira hemen». Denak zergati bat duela uste du Gomez de Segurak. Ezkaratzean bere maisua izan zenaren argazkiak ditu: «Joxe Ortiz de Zarate da. Bera izan zen azken buztingileetako bat. Nire argazkiak hurrengo batek jarri beharko ditu hemen». Emakume bizia da, irmoa, tematia, errebeldea... Akaso horregatik lortu du lortu duena; galtzear zen mundu bat berreskuratzea: «Ni etorri nintzenean, baserria abandonatuta eta jausteko zorian zegoen, baina erostea erabaki genuen». Zuzendaria izan da sorreratik. Euskara ere hala ikasi zuen, 18 urte zituela: «Aita arabarra zen, eta ama, Nafarroakoa; ez zekiten euskaraz, baina konpromisoaren garrantzia ikasi genuen txikitatik».

Aste honetan 31 urte dira museoa zabaldu zenuela. 1993ko apirilaren 23a zen. 

Bai. Iaz 30. urtemuga ospatu genuen, eta erabaki genuen hortik aurrera egunero zabalik egotea izango zela gure ospakizun txikia. Aurten ez dugu ezer berezirik egin. Lanean ospatu dugu. 

Ollerias auzoan dago museoa. Izenak izana dauka.

Hala da. Ollerias edo Ollerieta auzoa IX. mendean dago dokumentatuta. Latinezko olla izenetik dator. Araban badago beste herri bat izen horrekin: Ullibari de los Olleros  edo Uribarri Nagusia. Eta Bilbon bi kale daude: Ollerietagoiena eta Ollerietabarrena. Garai batean nahi adina buztin zegoen hemen, baina urtegia egin zutenean buztingileak buztinik gabe geratu ziren, nekazariak lur onenik gabe, errotariak errotarik gabe... 

Joxe Ortiz de Zarateren lanbidea zen. Zuk harekin ikasi zenuen, ezta?

Bai. Hemen bost eltzetegi zeuden. Joxe Ollerietako azken buztingilea zen. Ordurako utzia zuen buztingintza; erretiratuta zegoen, baina sasoi onean, eta kostata baina azkenean konturatu zen erakusten ez bazidan galdu egingo zela berak zekiena. Joxek gurasoengandik ikasi zuen. 2008an hil zen, 94 urterekin. Joxeren belaunaldiko lau buztingile ezagutu ditut, eta denak hil dira. Federico Garmendia izan zen azkenekoa; Joxeren lehengusua. Araban Nicolas Agirrebeitia ere bazegoen. Zegaman Gregorio Aramendi. Aramendi 95ean hil zen. Gregorio joan zen, eta gero pixkanaka denak. Enrique Ibabek jaso zituen denak liburu eder batean, eta berak hala esan zidan: «Hildakoen liburu bat egin dut». BKK-k argitaratu zuen, BBK BBK zenean: Nota sobre cerámica popular vasca [Euskal herri zeramikari buruzko oharra]. Ibabe ere hil egin zen. Sekulako lana egin zuen, bihotzez maite zuen zeramika, eta ikerketa lan handia egin zuen. Herrietan galdetzen ibili zen. Berari esker dakigu Euskal Herrian horrelako laurogei buztingintza egon zirela. Berak dokumentatu zuen dena.

BLANKA GOMEZ DE SEGURA - BUZTINGILEA
Blanka Gomez de Segura eskuan tornuan egin berri duen pieza duela. IÑIGO URIZ / FOKU
Katebegi bat zara, beraz... 

Bai. Erantzukizun handia daukat. Milaka urte dituen ofizioaren transmisioa nire eskuetan dago nolabait. Borroka itzela izan da, baina nire bizitzak zentzua izan du hau salbatu dudalako. Administrazioa batzuetan traketsa da ondarea babesteko garaian, baina lortu dugu kartela ipintzea. Izendatuta ez dauden gauzak ez dira babesten, eta, izendapen horri esker, hemen ez dute autobide bat egingo. Aho zabalik geratzen naiz indusketa arkeologiko baten gainean autobide bat egiten dutenean, edo ermita erromaniko bat botatzen dutenean. Hurrengoa zoratzen bada, ezingo du hau bota. Hemengo labea 1711. urtekoa da. Euskal Herrian dagoen labe bakarra da. Monumentu historiko izendatu zuten. Eskoriatzan [Gipuzkoa] badago beste bat, baina baserria bota zuten, eraikuntza berri bat egiteko, eta labea lonja baten barruan dago. Hau bezain zaharra da, baina testuingurutik kanpo dago.

Nolakoa da hemengo labea?

Dorre bat da, lau angelukoa. Bederatzi metro garai da, eta lau bider lau metro zabal. Zortzi mila pieza sartzen ziren labekada bakoitzean. Hamar egunez aritzen ziren labea prestatzen. Hogeita lau orduan mila gradutan jartzea lortzen zuten. Itxi, eta hor irauten zuen, bostehun gradutik gora, hamar egunez. Hamar egunera zabaltzen zuten. Ibabek esaten zuen bi hilabetean behin egiten zirela labekadak. Urtean bost edo sei egingo zituzten. Azken labekada 1958an egin zuten, urtegia eraiki zutenean. Narbaxan [Araba] geratu ziren azken buztingileak; 70eko hamarkadara arte iraun zuten han.

Zer gertatu zen orduan?

Eskaera gutxitu egin zen. Bestelako materiala iristen hasi zen; altzairua, duralexa... Kultura faltagatik ez dugu jakin gure ondarea babesten, pentsatuz kanpokoa modernoa zela. Duralexak eta kristalak gure buztinezko pitxerrak ordezkatu zituzten, eta gero plastikoak. Jatetxeetan, lehen, pitxerretan jartzen zuten ura. Gure diruarekin kendu zuten ohitura on hori, eta gure diruarekin berreskuratu da; kanpaina bat egin behar izan dute jatetxeetan iturriko ura eskatzeko. Leloak garela uste dute batzuetan. 

Labearen erreplika bat egitea izan da zure ametsa.

Ametsa zen labea errespetatzea. Egia da garai bateko labekadak nola egiten ziren ikertzea oso interesgarria izango litzatekeela. Horretarako, beste labe bat egin beharko zen, eskalan, ondoan. Urtean behin, antzina egiten zen eran labekada egiteko proposamenak egin ditugu, baina, tira, dagoeneko konturatua naiz energia larregi jartzen dela amets batean, eta ametsa zurea bakarrik dela. Labeak bi parte ditu, azpian errekuntza kamera dago, eta goian egosketa kamera. Otea jartzen zen azpikoan, hogei gurdikada ote. Pentsa zelako lana zen! Orain, etengabe hazten den landarea da, inbasorea da. Milaka eukalipto hektarea landatu dituzte, eta hori eta otetza lehergailu bat da. Oso erraz erretzen da. Hemen sutea pizten bada, itsasoraino iritsiko da. Lehen, oreka bat zegoen, animaliek otea jaten zuten. Okindegietan erabiltzen zen, karobietan, buztingintzetan... Orain, kolonizatu egin gaitu, irabazten ari da. 

BLANKA GOMEZ DE SEGURA - BUZTINGILEA
Otea erabiltzen zen labean. Hogei gurdikada eramaten zuten menditik. Okindegietan eta karobietan ere erabiltzen zen.
Indusketak ere egin dituzue, ezta?

Josu Santamaria eta Sergio Escribano arkeologoekin elkarlanean ari gara azken urteetan. Unibertsitatea oso urrun egon da, gugandik behintzat, baina duela hamar urte hitzarmen bat sinatu genuen Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Belen Bengoetxea irakaslearekin etortzen dira ikasleak zeramika ikastera, eta iazko udaran, lehen aldiz, indusketa arkeologikoak egin genituen. Aurten ere etorriko dira. Zuloa zabaldu genuen ikusteko ea labearen azpian beste laberen bat ote zegoen. Ez dugu aurkitu, baina, zuloa hor dagoenez, jarraituko dugu. Bidea urratzen ari gara. Gesaltza Añanan [Araba] ere izan gara. Han duela bi mila urteko erak topatu dituzte, erromatarren garaikoak. Badakite aurretik ere han gatza egiten zela, eta ikerlan bat egin dugu ikusteko han aurkitu diren zeramikak nolakoak ziren. Harri bat bihurtzen zen gatza sikatzen zenean eta zeramikarekin apurtzen zuten. Pan de sal [gatz ogia] esaten dena ateratzen zen. Orain ikertzen ari gara ea non ekoizten zituzten hango zeramikak. Bailara gazia da, beraz, buztina beste leku batetik eramaten zuten. Toponimiagatik, Telleria izena topatu dugu ondoko bailara batean, eta litekeena da buztin hori bertakoa izatea. Urrunetik ere ez zuten ekarriko. Indusketaren bat egin beharko da. 

Zenbateraino da inportantea zeramika?

Zeramikaren bitartez gizakiaren historia konta daiteke, milaka urteko historia, munduaren historia... Zeramika historiaurrekoa da. Duela gutxira arte, esaten zen zeramika duela 10.000 urte sortu zela, Mesopotamian. Orain, badakigu duela 20.000 urtekoa dela. Ekialdean sortu zen. Seguru kasualitatez sortu zela. Buztinarekin jolasten ariko ziren, kanikak egiten edo katiluak egiten, eta halako batean suaren ondoan jarri, eta buztin hori lehortuta gogortu egiten zela ohartuko ziren. Gero labeak sortuko zituzten. San Joan su batean bezala, txondor irekietan astiro-astiro egosten zen buztina. Zeramika buztin errea da. Milaka urte kostatuko zen, baina kasualitate batek... Zeramikari esker jaitsi ginen gizakiak arboletatik. Beste modu batez elikatzeko jaitsi ginen. [Juan Luis] Arsuagak oso ondo azaltzen du. Gure inteligentzia horrela garatu da. Anaxagorasek esaten zuen inteligenteak garela eskuak ditugulako, eta horrela da. Eskurik ez bagenu izango, artean zuhaitzetan egongo ginen. 

Orduz geroztik erabilera asko izan ditu buztinak.

Mila gauzatarako erabili da. Betidanik. Gatzik gabe ezin gara bizi. Garai hartan gatza zen urre zuria. Gatz hori lortzeko, ura ontzi batean jaso behar zen. Sua ere egiten zuten ura lurruntzeko. Gatza pegatuta geratzen zen lurruntzean, eta apurtu behar zuten. Añanan arkeologoek topatu dute hiru edo lau metroko ezponda bat, non milaka zati zeramika dagoen, erre hauts artean, eta gero berriz milaka zati, eta erre hautsa... Hor informazio asko dago. Gesal hori, erdi sikatuta, sartzen zuten ontzietan. Ezkila formako ontziak ziren; ez ziren lauak, borobilak baizik. Historiaurreko ontziak dira, eta garai hartan ez zuten mahairik, lurrean ipintzen zituzten ontziak. Mundu osoan aurkitu dituzte ezkila formako ontziak. Trikuharrietan ere bai, tartean dekoratuta daudenak. Galdera da: zergatik utzi zioten ezkila formako ontziak egiteari, eta bat-batean zergatik hasi ziren base laua zuten ontziak egiten? Forma aldaketa horiek astiro egin dira, baina beti zerbaitegatik izan dira. Gauza batek bestera eramaten du. Oso interesgarria da ikertzaileekin lan egitea. Hipotesiak ateratzen dira. Beraiek ikasten dute, eta guk ere ikasten dugu. Zeramika alorrean asko dago ikertzeko, eta bi doktoretza tesi baino ez dira egin; Sergio Escribanorena eta Jose Luis Solaunena. 

BLANKA GOMEZ DE SEGURA - BUZTINGILEA
Labearen barrualdea. Urtean bost edo sei aldiz pizten zuten. Hamar egunez egoten zen piztuta. IÑIGO URIZ / FOKU
Irulegiko indusketetan ere izan zarete, Nafarroan.

Bai. Eskuaz gain, zeramika pila bat topatu dute han, eta hori ere ikertzen ari gara. Zalantza asko daude hor ere. Ixona, Erentxun eta Egileta [Araba] inguruan ere ikerketa egitea nahi genuen. Zeramika asko dago han. Patata biltzen zuten nekazariek deitzen zuten, esanez zeramika piezak aurkitzen zituztela soroan, batzuetan osorik zeuden katiluak. Ibabek bazekien zein sorotan zegoen buztina, baina jada txalet bat dago han. Testar bat omen zegoen; sobran zegoen zeramika botatzen zuten han. Zabortegi moduko bat zen. Testar bat ikertzen bada, nahiz eta zabortegi bat izan, informazio asko aurkitu daiteke.

Zein da euskal zeramikaren ezaugarri nagusia?

Estetikoki, soiltasuna. Gero, kolore zuria. XIII. mendera arte esmalterik gabeko buztina erabiltzen zen. Orduan beiratu gardena lortu zuten. Buztin gorria bistan geratzen zen, baina beiratuta. Euskal Herrian hori izan dugu, gure lurra silizioa delako. XVI. mendean esmalte zuria lortu zuten. Zergatik? Ingalaterratik eztainua ekartzen hasi zirelako. Bilbotik burdin minerala eramaten zuten, baina ontziak ez ziren hutsik itzultzen. Eztainua ekartzen zuten, baina oso garestia zen. Sergio Escribanok esaten du hasieran aberatsek baino ez zituztela esmalte zuria zuten zeramikak. Oligarken kontua zen. XVII. mendean dena aldatu zen. Orduan dena zen zuria. Pandemia garaiak ziren, eta zuria garbitasunarekin eta higienearekin identifikatzen zen. Arabiarrek deskubritu zuten zuria, baina gure zeramikaren ezaugarria ere izan da. Oso garestia zenez, barrutik bakarrik esmaltatzen zen. Hori izan da gure zeramikaren identitatea; kanpotik beheko partea esmaltatu gabeko zeramika zen.

Platerak, katiluak, pitxerrak... Denetik egiten zen.

Bai. Euskal zeramikak berezkoak ditu forma batzuk eta denak dauka arrazoi bat; erabilgarritasuna eta praktikotasuna. Txakolin pitxerrak ertzak ditu, ez da borobila, eta horrelakoa da balio zuelako edateko eta ontzi bezala. Katilua kultura guztietan dago, baina denak dira desberdinak. Katilu bat begiratuta jakin daiteke nongoa den. Euskal Herriko katilua barrutik esmaltatuta dago, eta kanpotik beti bistan izaten du zati bat, eta oina luzatuta dauka, oratu ahal izateko; hau da, garbitzeko garaian ondo eusteko. Oin horrexek desberdintzen gaitu. Pegarra ere ederra da. [Alexander Von] Humboldtek zera esan zuen Euskal Herrira etorri zenean: «Emakume euskaldunak lirainak dira, eta teontzi itzelak eramaten dituzte buruan». Teontzi forma hori zergatik? Kultura guztietan emakumeak izan dira ur bila joan direnak. Pegarrak zabala behar du izan, baina ez oso altua, buru gainean eramateko, burukiaren edo sorkiaren gainean. Emakumeak kapaz ziren buruan 25 litro ur eramateko, esku batean beste pitxer bat eta bestean umea. Eta horrela egiten zituzten bi kilometro, bidezidor batetik, aldats gora eta aldats behera. Pegarrak ezin zuen beste forma bat izan. Gizonek nahikoa zuten txapela eramatearekin.

Ondare materialaren atzean ondare immateriala ere badago, bizimodu oso bat... 

Museo honetan dauden pieza guztiak kultur ondarearen parte dira, baina ondarea dena da, ukitu ezin dena ere bai. Lanbidea ere ondarea da, galtzen bada betiko galduko da, eta berarekin gauza asko galduko dira. Antzinako terminologia berreskuratu dugu, euskal zeramikaren hiztegia egin dugu. Gauza asko egin ditugu, baina gauza asko daude egiteko. Norbaitek hartu behar du lekukoa, baina ez da erraza. Administrazioak ez gaitu ondo tratatzen, denak dira papeleoak. Niri ezin didazu jarri Bidasoari edo Porcelanosari jartzen diozun araudi zorrotz bera. Ni buztingile bat naiz. 72 urte egin behar ditut, eta kotizatzen jarraitzen dut. Konpromisoagatik jarraitzen dut. Ahalegina, maitasuna eta kapitala jarri behar duzu hau mantentzeko. Zergatik nago hemen? Labe bat zegoelako eta beste labe guztiak bota zituztelako. Ofizio hau da objektu bat baino gehiago. Gure arbasoen ondarea babestu behar dugu. Jakinduria hori ezin duzu Googlen aurkitu. Ofizio horiek galtzen badira, izango gara oso pobre, pertsona gisa. Dena ez dago Googleen. Ni harro nago, nire ofizioaz eta izateaz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.