Zer izen jarri?

Musika talde baten izenak garrantzi handia du musikari batzuentzat, baina askotan, originaltasunaren lehian, deitura bitxiak sortzen dira. Beste askok, berriz, nahiago izaten dute izen sinpleagoa jarri, norberaren izen propioa, adibidez.

The Iiingles taldea, Añorgako (Donostia) zineman, urtarrilean. THE IIINGLES
The Iiingles taldea, Añorgako (Donostia) zineman, urtarrilean. THE IIINGLES
urko iridoy alzelai
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Lagunak elkartu, musika tresnak banatu eta soinu ekipoa prestatu. Taldea prest dago, baina zer izen jarri? Edozerk balio duela diote batzuek, izena gutxienekoa dela, baina badira izenaren garrantzia nabarmentzen dutenak ere. Musika doinuak belarritik sartzen dira, baina gaur egun, Interneteko klikek indarra hartu duten mundu honetan, musika taldeen izen asko lehen begiratuan iristen dira, zirrara, jakin-mina edo harridura sortuz. Beste deitura asko, berriz, sinpleak, zehatzak eta askoren ustez «aspergarriak» dira. Euskara, ingelesa, gaztelera, frantsesa... denetariko hizkuntzak aurki daitezke euskal musika taldeen izenetan. Askotan, hori bai, izena ingelesez edo gazteleraz jarri arren, euskaraz eginiko musika izaten da hainbat talderen oinarria.

Musikari askok aitortu izan dute azkar aukeratu zutela izena; beste hainbatek, berriz, onartu izan dute konposizio prozesua baino are luzeagoa izan zela izenaren aukeraketa. Prozesua asko luza daiteke musikariek izena esanahiz bete nahi badute. Artista askok beren musikaren islatzat jotzen dute taldearen izena, eta beste hainbatek, bete beharreko tramite huts deritzote. Edozein izen jartzeak damua ekar dezake geroago, lagun artean sortutako musika taldea gauza garrantzitsuago bilakatzen denean.

Bitxitasuna aldarri

Izen originalena nork sortuko, izen oso bitxiak sortzen dira sarritan. Askotarikoak daude izen bitxien barruan. Janariarekin zerikusia dutenak, esaterako, hala nola Tafallan (Nafarroa) 2014an sortutako Odolkiak Ordainetan rock taldea, eta Oliba Gorriak, mende hasieran Markina-Xemeinen (Bizkaia) punk rock doinuak jotzen hasi zen boskotea. Barazkietan oinarritutakoak ere badira: Piperrak, Rukula, DJ Tipula eta Nafarroan sortutako Baratxuri Records zigilua. Arrai Zopa taldeak behin baino gehiagotan girotu ditu Zarauzko (Gipuzkoa) kaleak; Esne Beltzak ibilbide luze eta oparoa izan du euskal musikaren barruan, eta Hondarribian (Gipuzkoa) sorturiko Elektropatxarangak basaranak erabiliz egindako edaria omendu zuen.

Jakien izenez gain, badaude edozein karteletan ikusi eta jakin-mina sortzen duten beste hainbat talde. Ezezez taldea, adibidez, 2022an sortu zuten, Bilbon. Bi disko atera ditu Bizkaiko talde horrek azken bi urteotan, eta Euskal Herriko hainbat oholtzatara igotakoa da jada. «Izen bitxia da gurea, bai, eta jende askok ez du ulertzen esanahia», esan du Unai Madariaga taldeko kideak. Zerbaiten ukoa dela pentsa lezake taldearen izena lehen aldiz irakurtzen duen edonork, baina Madariagak argi utzi du esanahirik gabeko kontzeptua dela. «Brainstorming batetik sortu zen Ezezez. Hainbat izen bota genituen, eta justu hori gustatu zitzaigun. Momentuan erabaki genuen igandea baino lehen beste izenik agertzen ez bazen huraxe aukeratuko genuela, eta horrelaxe izan zen». Anekdota ugari izan ditu Ezezez laukoteak. «Behin, Londresko irrati kate batean gure kanta bat jarri zuten, eta Ezezez ahoskatu beharrean «i zet, i zet, i zet» esan zuten. Gustatu egin zitzaigun! Bestalde, ez dago ia herririk iritsi eta baibaibai-ren bromarik egiten ez digutenik». Izena «tontakeria batetik» sortu arren, Madariagak argi du gaur egun «oso gogoko» dutela.

«Ez dago ia herririk iritsi eta 'baibaibai'-ren bromarik egiten ez digutenik»

UNAI MADARIAGAEzezez taldeko kidea

Duela urte batzuk, punk taldeetan ohiko bilakatu zen arrasto sexualak zituzten izenak jartzea. Zakillers Beran (Nafarroa) sortu zuten, SextySexers taldeko kideen eskutik, eta Zakill Lekarozen (Nafarroa). Zarautzen (Gipuzkoa), berriz, emakumez osaturiko talde batek Pottors ta Klito aukeratu zuen. Aipatzekoa da Gorpuzkingz trap taldeko abeslariak Zakil O'Neal izenarekin aurkezten zuela bere burua.

PAM taldeko partaideak. BERRIA
PAM taldeko partaideak. BERRIA

PAM Puto Amoak Matematiketan Ermuan (Bizkaia) sortu zuten, 1999. urtean. Julio Kageta taldeko hainbat kide Dantzut taldera mugitu, eta azken hartatik musika grinarekin jarraitzen zutenek PAM sortu zuten. «Zoritxar batetik sortu zen Puto Amoak Matematiketan izena. Gure taldekide zen Markosek buruko gaixotasun bat zeukan, eta agerraldi gogor bat izan zuenean, oihuka hasi zen «soy el puto amo de las matematicas! [matematiketan kristorena naiz]». Zoritxar horri garrantzia kendu nahian, izen hori bera hartu genuen taldearentzat», azaldu du Juanmi Bravo PAMeko bateria jotzaileak. Aitortu du taldearen izenak, PAMek, hasieratik harridura sortu zuela herri guztietan, baina taldekideak inoiz ez dira damutu izen hori aukeratu izanaz. «Akronimoak erabiltzen hasi ginen, eta haiekin bromak egiten; hau da, PAM Pintxo Atun Mayonesa eta beste hainbat».

«Zoritxar batetik sortu zen 'Puto Amoak Matematiketan' izena. Horri garrantzia kendu nahian hartu genuen deitura»

JUANMI BRAVOPAM taldeko bateria jotzailea

Influentzia anglosaxoia

Berri Txarrak taldeko kideei milaka aldiz esan zieten ingelesez kantatuz gero arrakasta handiagoa lortuko zutela, baina Lekunberriko (Nafarroa) taldeak beti jarraitu zuen euskarazko musika sortzen eta zabaltzen. Euskal Herrian badaude doinuei euskarazko hitzak jartzen dizkieten talde asko baina, era berean, taldearen izena ingelesez dutenak. Rock eta punk munduan murgildutako taldeak dira gehienak. Estilo horietako erreferente handienak Ingalaterratik eta Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi izan dira Euskal Herrira, eta horrek berekin ekarri du ingelesa euskal rockean eta punkean errotzea.

AEBen eraginetik sortu zuten, adibidez, Live In the Attic taldea; LIF geroago. Aerosmith AEBetako taldearen Toys in the Attic diskoa oinarri hartuta sortu zuen taldeak izena, hasieran ganbara batean entseatzen baitzuten. Hala ere, kantak euskara hutsean egin zituzten, 2003. urtean desegin ziren arte. Hari berari helduta, The Bobbys, Sexty Sexers, The Clayton eta Wood Strings ez dira Birmingham hiriko (Ingalaterra) musikariz beteriko taldeak: Euskal Herrikoak dira, euskal rocka egiten dute, eta batzuek hard rocka ere lantzen dute. Serious Bussines laukoteak, berriz, bluesa jorratzen du —Zarauzkoak dira—, eta Streetwise taldeak, oi punka —Irungoak (Gipuzkoa) dira—.

Hondarribiko Psilocybe musika elkartean ehunka talde aritu dira bertako entsegu lokaletan 30 urteotan. Haien artean, The Iiingles, herriko sei emakumek osaturiko taldea. «2019. urtean, elkarteko bertsio gauean eman genuen izena, eta hainbat buelta eman genizkion izenari. The Bangles taldearen bertsioak jo behar genituenez, izen berdintsu bat jartzea erabaki genuen», azaldu du Oihane Bengoetxea taldeko baxulariak. Bertsioak egiten hasi, eta gaur egun kanta propioak sortzen dihardu taldeak. Bertsioak, hala ere, berezitasun batekin aukeratzen ditu taldeak: emakumez osaturiko taldeen kantak baino ez dituzte jotzen.

Pilar Blanco taldeko ahots eta gitarristak adierazi du The Banglesen lehen hitza hartu eta «Iiingles» gehitu ziotela. «Beraz, ingelesaren eta gazteleraren arteko nahasketa bat bilakatu zen. Iztai bat irudikatu nahi genuen, iztai iletsu bat. Gizarteak emakumeei iztai garbiak edukitzeko egiten digun presioaren aurkako mezu bat da, eta gure izenean eta logoan ere horrela irudikatu dugu». Lehen kontzertu haren ondoren, taldearekin jarraitzea erabaki zuen seikoteak, eta izenaz eztabaida sortu zen taldean. «Izena aldatzeko eztabaida hasi genuen, euskarazko izen bat jartzeko helburuarekin, baina denbora aurrera joan da, eta, inertziak berak bultzatuta, izen berberarekin jarraitu dugu. Orain, berandu da izena aldatzeko», adierazi du Bengoetxeak. «Hala ere, euskararen aldeko borrokan ere jarduten dugu», gehitu du Blancok.

«Iztai bat irudikatu nahi genuen [taldearen izenean], iztai iletsu bat. Gizarteak emakumeei iztai garbiak edukitzeko egiten digun presioaren aurkako mezu bat da, eta gure izenean eta logoan ere horrela irudikatu dugu»

PILAR BLANCOThe Iiingles taldeko musikaria

Izen propioa izen

Izena aukeratzeko prozesua laburtzeko irtenbide errazena bakoitzak bere izena erabiltzea izan daiteke. Hainbat dira aukera hori erabiltzen dutenak, gehienbat kantautoreak. Taldeekin baino gehiago, musikari bakanekin lotu ohi dira izen propioak. Euskal kantagintza berria hasi zenetik, ehunka izen propio nabarmendu dira, euskal musikan izandako garrantziagatik. Mixel Labeguerieren garaitik Olaia Inziarteren gaurko garaira, ehunka, milaka euskal musikarik erabili dute beren izena musikan ibilbide bat hasteko eta garatzeko. Labeguerie izan zen lehena, euskal kantagintza berriaren sortzaileetako bat, euskal kanta tradizionalak atzean utzi eta gai eta ideia berriez kantak sortuta. Gaur egun, musikari askok beren izena erabili arren, zuzenekoetarako musikari talde baten laguntza behar izaten dute.

Olaia Inziarte, iaz, Donostiako Aste Nagusiko kontzertuetan. GORKA RUBIO / FOKU
Olaia Inziarte, iaz, Donostiako Aste Nagusiko kontzertuetan. GORKA RUBIO / FOKU

Duela urte batzuk, gizon kantautoreak nagusitu ziren euskal musikaren panoraman, hala nola Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Txuma Murugarren eta Ruper Ordorika. Baina, urteen poderioz, aldatu egin da errealitatea, eta gaur egun oholtzaz oholtza dabiltza Olatz Salvador, Izaro, Idoia Asurmendi, Olaia Inziarte, Anari, Sara Zozaya eta beste hainbat emakume.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.