Elikadura. Eko-tik

Zeobia eta kontsumoa. Numeroak eta John Stermanen azalpenak

2011ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Irudika ezazu bainuontzia. Iturria irekita daukazu, baita isurbidea ere. Halere, bainuontziaren ur maila igoz doa. Ez da zaila ulertzea uneren batean iturria itxi edo isurbidea handiagoa egin ezean urak gainezka egingo duela. Hau da John Sterman-ek erabiltzen duen adibidea MITeko ikasleei klima aldaketa azaltzeko. Ur maila gure planetaren atmosferan dagoen karbono dioxidoa (CO2) da. Iturria CO2a atmosferara isurtzen duten jarduera guztiak dira, naturalak zein gizakiak eragiten dituenak. Eta isurbidea CO2a atmosferatik ateratzen dituzten prozesuak, fotosintesia kasu. Sterman jaunak esaten digu ez dugula oraindik bainuontziaren funtzionamendua ulertu, eta hala dirudi. Kyotoko bileraz geroztik politikari ororen agendan dagoen gaia da; eztabaida ugari piztu ditu, eta, orain arte ikusitakoa kontuan hartuta, ez dirudi taxuzko konponbiderik ipintzera goazenik.

Ez da harritzekoa. Deshazkundearen bidea aukeratzen badugu, arazoaren neurria aztertu behar dugu, aurrean aurkituko duguna zer den. Iturritik urtero 9.000 milioi tona CO2isurtzen dira, eta isurbidetik 5.000 besterik ez ateratzen. Beraz, bainuontzian (atmosferan) 4.000 milioi tona gehiago dauzkagu... urtero. Hori asko da. Adibide bat ipintzearren, Espainiako garraio sektoreak 110 milioi tona isurtzen du urtero, eta hortik autoek bakarrik 81. Europako nekazaritzak 60 milioi tona estra harrapatuko lituzke, ekologikoa bihurtuko balitz. Testuinguru honetan, garrantzi handiagoa dauka ezer ez egiteak zerbait egiteak baino.

Eta, halere, sinestuta gaude gure eguneroko jarduera aldatuz arazoa konponduko dugula, hori baita nagusiki politikarien mezua. Alabaina, Europako nekazaritza eremu osoa ekologiko bihurtuko balitz, 57 urte beharko genituzke nekazaritzaren bitartez jarduera guztiek urte bakar batean sortzen duten arazoa deuseztatzeko. Sektore bakar batek, ez nekazaritzak ez energetikoak, ez du berak bakarrik ezer konponduko, gaur egungo gizarte eredua aldatzen ez bada behintzat.

Baina oztopoak dira nagusi. Alde batetik, herrialdeek politikoki hartu dituzten konpromisoekin ez goaz urrutira. Europako herrialdeek bainuontziko iturria ixteko konpromisoa hartu zuten 2008-2012ko epean, CO2ren isurketen 337 milioi tona murrizteko helburua sinatuz. Urteroko 4.000 milioi tona isurtzearen parean hutsala dirudi. Erabaki dute politikariek bizkarra ematea geratzen diren urteroko 3.663 milioi tonako isurketei?

Beste alde batetik, ezintasun pragmatikoa topatzen dugu. Ipuineko jostunak zazpi euli hil zituen kolpe batez, eta guk horrelako zerbait beharko genuke eraginkorrak izateko. Jarrai dezagun bainuontziaren ereduarekin eta marratxoa egin dezagun duela 30 urte zegoen ur mailan eta beste bat gaur egun dagoenean. Aurreko mailara edo antzeko batera bueltatzea desiragarria litzateke, gure sistema ekonomikoan eta bizimoduan ondorioak ez pairatzeko bederen. Beraz, urteroko 4.000 milioi horien igoera geratzeaz gain, atzerako bidea ere hartzeko planak egin beharko genituzke. Arazoa da bi marratxoen artean ia 800.000 milioi tona CO2bildu ditugula! Eta konponbidea muturreraino eramanda, demagun horretarako iturria erabat ixten dugula: ez tximiniarik, ez garraiorik, ez inongo jarduerarik, ez eta inoren arnasarik ere, berdin animali eta landare izan. Fikzioko jokaleku honetan duela 30 urteko mailara itzultzeko... 160 urte beharko genituzke!

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Tel.: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Tel.: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.