Felix Noblia (Bidarte, Lapurdi, 1985) hirian handitu da. Ikasketetatik iritsi da laborantzara. Esperimentatzea gustukoa du hatsarretik. Orain, Parisen agroekologiaren saria eskuratu du, eta ez da horretan gelditzekotan. Ereintzak parrastaka egiteko xedez dago, beti biologikoan, eta beti ingeniaritza begetala erabiliz. Burgue-Erreiti herrian ditu lurrak, Baxenabarren.
Anitzentzat, lurra iraultzea da laborari baten lana. Zuk horrelakorik ez egitea proposatuz, lanaren ikuspegia duzu aldatzen, iraultzen, justuki.
Bai, hori da konplikatua ulertaraztea, lurra ez irauliz ere lan egiten dudala.
Aldaketa kultural sakona da zuk proposatzen duzuna.
Bai. Baina kontua da aldaketa kultural bat jadanik egin izan zutela laborariek duela 70 urte, baina beste zentzura. 5.000 urtez egiteko manera batzuk ukanda, laborantza berri bat agertu da azken 70 urteetan, dena haizatu duena. Laborantza berri hori modelo biziki produktiboa zela erran da. Erosiz produktuak, eta dena haziko zela ongi eta dirua irabaziko zela. Horrek funtzionatu du 40 bat urtez. Baina, orain, ez du gehiago funtzionatzen. Orain, erronka da nola sistema berria antolatu.
Zein dira sistema berri horren oinarriak?
Kimikarik gabe funtzionatzen duena, zeinentzat lurra ez den euskarri soil bat. Ingeniaritza begetalarekin funtzionatzen duena. Hau da, landareen ereitea nola antolatu, bata bestearen ondotik haz daitezen eta uzta bil, lurra hunki gabe.
Adibide bat?
Garia. Lehenik hazten da hirusta eta argi belarraz osatu «estalia». Eta gero garia. Beste landare batentzat ez dute landare berek osatuko estali hori. Alde onak baizik ez daude. Salbu, sistema horrek egiten du ez dela gehiago erosi beharrik produktu kimikorik, ez eta hazirik.
Eta hori ez daiteke denen gustuko; zuk ukan saria Parisko laborantza azokako handiena da. Baina ez da izan gehien baloratua.
Adibidez, Le Sillon laborarien aldizkariak lau orrialde idatzi ditu azokaz. Sari guztiak aipatu ditu, dela jogurta hoberenarena edo beste. Baina ez da lerro bakar bat ere sari honetaz.
Baina biologikoan zarelarik, «belar txarrak» edo nahi ez diren belarrak ere sortzen dira?
Bai, hori da erronka. Ezin duzu kimika erabili nahi ez dituzun belarren kentzeko. Konkurrentziarik ez izateko, elkarrekin haziko diren landareak zein diren aurkitu behar da. Horretan gabiltza. Saiakerak egiten. Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin ari gara horretan.
Eta hori da berritzailea?
Bai. Orain arte ez da egin bilaketa lan hori.
Lurra iraultzen da biologikoan.
Belar kentze mekanikoa erabiltzen da. Ororen buru beste laborantzan baino gehiago andeatzen da lurra.
Biologikoaren kontraesanetako bat?
Bai, hori da. Eta hori gainditzeko ari gara esperientziak egiten. Iraileko emaitza interesgarriak lortzea pentsatzen dut.
Beti elikadura ekoizteko xedez?
Bai, elikadura sanoa. Kalitatea ekoitzi, baina prezio ahal bezain eskuragarri batean, produkzio kargak ahal bezain txikiak izanez. Horretarako,ez da produktibitatea apaldu behar. Horretarako, naturaren funtzionamendua bideratu behar da. Helburua ez da naturaren aurka borrokatzea, galduko baitugu. Hori uste ukan dute laborariek 40 urtez. Natura borrokatzen ahal genuela.
Zuk zein harreman duzu lurrarekin?
Lurrarekin ahal bezain zentzuzko harreman bat berreskuratzea da helburua.
Nola dago zure lurra?
Ikusi besterik ez da. Badira zizareak... bizi da!
Zizare bat ikusteak pozten zaitu?
Bai, eta bat baino gehiago baldin bada, hobe. Ahal bezainbat zizare izatea da xedea. Gehiago izanda hobeki funtzionatuko duelako lurrak. Materia organiko gehiago birziklatuko baitu, eta horrek hobeki elikatuko ditu landareak. Lurra aireztatuagoa izanen da, ura hobeki sartuko da.
ATZEKOZ AURRERA. Felix Noblia. Laboraria
«Zentzuzko harreman bat nahi dut lurrarekin»
Agroekologiaren saria eman berri dio Frantziako Laborantza Ministerioak; lurra irauli gabe, ereite zuzena erabiliz, lortu duen emaitza saritu diote; iraultza bat suposatzen duen aldaketa, preseski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu