EZARIAN

Zentzumenak zorrotz

Zentzumenen bitartez egindako analisiak gero eta interes handiagoa pizten ari dira industrian, bezeroaren gustuak ezagutzeko eta produktuak eskualdera egokitzeko beharraz

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2010eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Garagardoaren burbuilak, tomatearen gorritasuna, perfumearen freskotasuna, eserlekuaren gozotasuna. Zentzumenak erne, asko dira produktu bat edo beste aukeratzeko garaian eragina izan dezaketen ezaugarriak. Enpresak jabetu dira hortaz, eta gero eta gehiago dira euren produktuak merkaturatu aurretik zentzumenen analisiak egiten dituztenak. Produktuak kontsumitzailearen gustuetara egokitu behar dituzte, eta horretarako azterketa aproposa izan daitezke adituek zentzumenen bitartez egindako ebaluazioak.

Kontsumitzailea produktu bat erostera edo baztertzera bultzatzen duen prozesua ulertu, produktu berrien arrakasta bermatu eta merkatuan dauden produktuak hobetzeko helburuarekin egiten dira analisiok. Horien bitartez, kontsumitzaileek gustuko dutena erabakiko dute; kolorea, zaporea, ukimena, diseinua eta produktuaren ontzia azter daitezke, besteren artean. Kontsumitzailearen erantzunean eragiten duten faktore guztiak aztertzen dituzte, izan arrazionalak edo emozionalak.

Zentzumenen analisien eremua zabala da. Hasiera batean elikagaiekin egiten zen, baina gaur egun sektore ugaritara hedatu da metodoa. Kosmetika, ehungintza, autoen industria, farmazi industrian edo telefonian ere egiten dituzte. Enpresen arteko lehia bizia izanik, zorroztasunez diseinatu behar dute produktua merkaturatzeko estrategia.

Produktuak ukitu ahal izatea, esaterako, garrantzitsua da. Eskuekin jaten den bazkaria, oro har, gusturago jaten ei da. Hala, janari lasterrak arrakasta izatearen arrazoietako bat eskuekin jateko aukera dela diote adituek. Produktuen egitura ere garrantzitsua da, eta, horregatik, badira, adibidez, laboreen egitura eta karraska hotsa areagotu dutenak. Enpresariek badakite zentzumenak plazerari lotuta doazela.

Telefonia etxeek, esaterako, ehunka doinuren artean bakar batzuk aukeratzen dituzte sakelako telefonoetarako, kontsumitzaileekin egindako zentzumenen analisien ostean, doinuaren kalitatearekin duten pertzepzioa aztertuta. Kosmetika etxeek, berriz, gizon eta emakumeekin azterketak egiten dituzte euren azaletan kremek eragingo dituzten sentipenak ezagutu, eta hortik abiatuta usainak edo olio kopurua zehazteko. Lurrin eta kosmetika etxeek egindako zentzumenen analisiek azken hogei urteetan bultzada nabarmena izan dute; Richard Axel eta Linda Buck ikertzaile amerikarrek Medikuntzako Nobel saria jaso zuten 10.000 usainetik gora nola hauteman eta gogora ditzakegun azaltzeagatik, eta aurrerapen horrek zentzumenen ikerketa areagotu zuen.

Esperimentu ugari egin izan dira usaimenari lotuta. Behin paperezko mukizapiei pinuaren lurrina gehitu zioten, eta kontsumitzaileek esan zuten mukizapi horiek freskoagoak zirela baina, era berean, zakarragoak. Lurrina pinuaren hostoekin lotu zuten pertsona horiek, eta horregatik esaten zuten zakarragoak zirela. Zentzumenen arteko lotura erakusten du horrek.

Lan mardula

Prozesu luzea da enpresentzat gustuen inguruko ikerlanak osatzea, testuingurua, esperientzia eta historia kontuan hartu behar dituelako. Irizpide asko kontuan izan behar dira. Leku batean usain ona izan daitekeena gerta daiteke beste batean ona ez izatea. Natura eraginak, familiarenak edota gizartearenak baldintzatuko dute. Hala, esaterako, haurrak ez du gustuko izango zapore mingotsa lehenengo aldiz, eta bai, ordea, gozoa dena.

David Howes antropologoak egindako ikerlanen arabera, gizateria kultura taldeetan elkartzen da zentzumenen arabera. Badira ikusmenari garrantzia handiago ematen dioten kulturak, edota zaporeari ematen diotenak. Zentzumenak desberdin hezten dira batetik bestera. Papua Ginea Berrian, esaterako, gauez infusioak jartzen dituzte, burutik gertu, belarren lurrinak ametsetan eragina omen duelako. Zentzumenen arteko lotura ageri da hor.

Baina, analisia egiterakoan pertsona bakoitzaren iritzia kontuan hartzen bada, nola lor daitezke erantzun objektiboak? Patxi Elortondo Gasteizko Zentzumenen Analisiko laborategiko arduradunak aipatu bezala, beharrezkoa da zentzumen ebaluatzaileek entrenamendu zorrotza egitea. Akats psikologikoak ekiditeko, analisiaren diseinua ere garrantzitsua da. Lantokiak egokia izan behar du, bai eta laginak prestatu eta aurkezteko moduak ere. Subjektibotasuna murrizte aldera, azken urteetan metodo estandarizatuak prestatu dira, populazio osora egokitu daitezkeenak eta analista bakoitzaren iritzia albo batera uzten dutenak. Zentzumen ikerketak, bestalde, askotariko arloetako adituak izan behar ditu, direla elikagai teknikariak, kimikarik, gastronomoak edota ekoizleak, eta horiek zehaztuko dute kalitatearen graduazioa edo erabili beharko diren erreferentziak.

Orain gutxi arte kontsumitzaileentzat diseinatutako proba eta galdetegiekin egiten zen azterketa. Adituek «erantzun hedoniko» deritzotena eman zuten kontsumitzaileek: «asko gustatzen zait», «ez zait batere gustatzen». Hori eskasa izan daiteke, ordea, askotan kontsumitzaileek ez baitakite hitzekin deskribatzen sentitutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.