Jasangarritasuna

Zentzumenak pizteko lagungarri

Bioterra azokaren 21. aldia egiten ari dira Ficoban, Irunen (Gipuzkoa). 130 enpresa ari dira parte hartzen, 'konpromiso ekologikoa' lelopean.

Lleidako olioa Bioterra azokan, Irunen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Lleidako olioa Bioterra azokan, Irunen. IDOIA ZABALETA / FOKU
urtzi urkizu
Irun
2024ko ekainaren 8a
18:00
Entzun

Andre bat eta bere semea bizikleta batzuei begira daude. Handik metro gutxira, musika jotzeari ekin diote Donostian The Yellow Deli jatetxea duten taldekoek. Eta, oso gertu, Juan Estevez galiziarrak egindako marmeladak ari dira dastatzen Garazi Hernandez, Elixabet Caballero eta Amagoia Caballero. Irungoak (Gipuzkoa) dira azken hiru horiek, eta askotan joan izan dira Bioterra azokara. «Gustatzen zaigu, eta beti eramaten dugu zerbait berria etxera. Ikasteko ere balio digu», esan dute. Boletus marmelada erosi diote Baroncelli markako ekoizle galiziarrari, eta azokara joatea «gomendagarritzat» jo dute. Bioterra azokaren 21. aldia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban, konpromiso ekologikoa lelopean. Estevez galiziarrarena bezala, beste 130 enpresa erakusketari daude hiru pabiloitan banatuta.

Ikusteko asko dago azokan. Baina hobe da ondo ikustea. Bisitariari betaurrekoak hartu, eta Majeza produktuarekin garbitzen hasi zaizkio Venezuelan jaiotako Ken Oviedo. Azalpenak ematen hasi da: «Aloe vera eta zitrikoak ditu. Ez du amoniakorik, ez alkoholik, ez produktu kimikorik. Harribitxiak garbitzeko oso egokia da». Argitu du baliagarria dela edozein betaurreko, beira eta metal garbitzeko. Argiago ikusten du orain bisitariak, betaurreko garbiagoekin. Azokan makina bat kontu bada zentzumenak pizteko lagungarri.

Bioterra azoka, Irunen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Aloe verarekin egindako produktuak Bioterra azokan, Irunen. IDOIA ZABALETA / FOKU

Bestalde, Basque Bushcraft Society elkartekoek aukera eman dute mendian ibiltzeko eta basoan bolada bat egiteko jakingarriak barneratzeko, hitzaldi praktiko batean. Zer da, bada, bushcraft? Koldo Iturriagagoitiak du erantzuna: «Buschcraft da basoan bizitzea. Mendian bizi nahi dutenek teknika desberdinak ezagutu ditzatela nahi dugu. Baina hau ez da bizirik irautea; mendian eroso bizitzea baizik». Elkarte bereko Egoitz Salsamendik sua nola egin kontatu du. Asier Errastik, berriz, uraren ingurukoak eta babeserako zenbait material erakutsi ditu. Mendian galduz gero norberak bere arrastoak nola ikusi ere kontatu dute. Mendira joaterakoan, motxilan zer sartu laburbildu dute, funtsean.

Ozeanoen Munduko Eguna

Aurten, Bioterrak bat egin du Ozeanoen Munduko Egunarekin. Horregatik, azokan bertan egingo dituzte Ingurumenaren eta Ozeanoen Euskal Astearen jarduera batzuk. Maddalen Gaztañaga Bioterrako zuzendariak azaldu duenez, klima aldaketaren inguruko hitzaldi interesgarriak egin izan dituzte, eta gaurko gonbidatu berezi bat nabarmendu du: Nacho Dean. «Hark belaontzian Iberiar penintsulari itzulia eman zion, eta plastikoen mapa bat egin du; itsasoan dauden plastiko guztiak ikusarazteko, alegia. Interesgarria da oso, baina gogorra aldi berean, ikusten delako zenbat zikinkeria dagoen ozeanoetan». Gaztañagak hamasei urte daramatza Bioterra antolatzen, azken laurak zuzendari moduan. Bigarren eskuko bizikleten eremua aipatu du berritasunen artean. Ohiko moduan, tailerrak ere egin dituzte gazteekin. Eta badira gaztetxoak jolasean ibiltzeko erakusmahai batzuk ere.

Bioterra. Ikasleentzako tailer bat.
Ikasleentzako tailer bat Bioterra azokan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Zentzumenen artean, usaimena eta dastamena elikatzeko aukerak badira Bioterran. Sierra Morenako (Andaluzia, Espainia) Antonia Cabellok urtero eramaten du bere olioa Bioterrara, «poz-pozik». Lehen aldiz eraman dute olio birjina estra El Cogul herriko (Lleida, Katalunia) Vila Moli d'Oli enpresakoek. Mariona Vila familiako laugarren belaunaldikoa da olioa ekoizten eta saltzen. «Nire birraitonak sortu zuen enpresa, eta horretan ari gara anaia eta biok». Euskal Herriko ekoizleak ere badira; tartean, Aiako (Gipuzkoa) Berbelar gazte artisauak. Edo azokan da baita ere Garikoitz Aiesta Ekolurrako lehendakariordea: «Haragi ekoizleak gara, sei baserritarren artean dugu osatua taldea, eta haragi lotea bezeroari zuzenean saltzen diogu, bitartekaririk gabe. Salmenta zuzena egiten dugu, etxez etxe».

Iganderako ere makina bat ekitaldi antolatu dute Bioterran. Garazi Hernandez, Elixabet Caballero eta Amagoia Caballero bisitari eskarmentudunek bat gomendatu dute: Garbiñe Larrearen hitzaldia. Sendabelarrez eta emakumearen osasun hormonalaz ariko da Larrea, 11:00etan, Biobeauty Zero Zabor gunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.