Hasieran parkea baino ez zen arren, 2010. urtetik Lorenea proiektua batu zitzaion, lorezaintza eta baratzezaintza ekologikoaren interpretazio udal zentroa. Varazdin fundazioak kudeatzen du egitasmo hori, eta proiektuak gizarte eta ingurumenaren iraunkortasuna uztartzea du helburu. Egitasmoaren beste helburuetako bat da herriko bizilagunekin elkarlanean aritzea, heziketa eskainiz eta haiek ere proiektuaren parte bilakatuz. Herritarrek beren hondakin organikoak ekartzen dituzte, eta ongarria egiten dute. Astero, herriko familia bat arduratzen da. Halaber, baztertze sozialaren aurka lan egiten du Varazdin fundazioak, herritarrak lanean txertatzeko eta gizarteratzea errazteko. Heziketaren aldeko apustua ere egin dute; herritarrak ingumena zaindu eta babestearen beharraz jabetzeko.
Baratzea.
Produktu ekologikoak, denen eskuraEgitasmoaren hasiera-hasieratik sortu ez zen arren, urteotan oso harrera ona izan duela adierazi du Lanpreabek. Edonor joan daiteke barazkiak erostera, bildu ere nork berak bil ditzake. Nabarmentzekoa da landatzen den guztia pestizidak eta ongarri kimikoak erabili gabe hazten dela; ekologikoa da dena.
«Ekoizpen ekologikoak landareen eta intsektuen arteko oreka lortzen lagundu digu», esan du Lanpreabek. Barazkiak eta loreak tartekatzen dituzte, eta, hartara, baratzea apaintzeaz gainera, landare zorrien izurriteak uxatzea lortzen dute. Baratzerako konposta ere hantxe ekoizten dute, herriko familiek ekarritako hondakinekin.
Ikusmena.
Kolore eztanda arrosa arteanLorategi ingelesak osatzen du ikusmenaren gunea. Begi hutsez goza daiteke lorategiko lore eta zuhaixken milaka kolore biziz. Formekin jolas egiten dute lorezainek, zuhaixkak kiribil edo kurbatuta kimatzen baitituzte. Iturri dotoreak ere ikus daitezke pasealekuan barrena. Belardiak beste guneetan baino protagonismo handiagoa du hor; berdea nagusi da edonon, eta loreen kolore atsegin eta alaiek apaintzen dute. Hainbat denboralditan loratzen diren landareak tartekatzen dituzte, lorategia urte osoan koloretsu egon dadin. Arrosek ere badute beren txokoa. Kolore guztietako arrosak aurki daitezke —laurogei arrosa mota inguru, Lanpreaberen arabera—, eta haien ondotik ibil daiteke bisitaria, horiek gertutik miretsi ahal izateko. Haurrekin landareen koloreak aztertzen dituzte bisita gidatuetan, eta zeinek gehiago ikusi jolasten. Landare motak ikasten dituzte hala, izendegiari erreparatuz.
Usaimena.
Mediterraneo aldeko lurrinakBarneratu bezain pronto, izpilikuz jositako lorategiek inguratuko dute bisitaria. Udan, haizea dabilenean, izpilikuaren lurrin goxoa gailentzen da hasieran, bai eta haren loreen kolore more bizia ere. Halere, sendabelarrak dira han nagusi, bai eta sukaldean erabiltzen diren belarrak ere: erromeroa, ereinotza, albaka, perrexila, stevia eta ezkaia, besteak beste. «Olio aromatikoak dituzten landareak dira, eta sukaldean jakiak zaporez aberasteko erabiltzen dira. Lurrinak egiteko ere aparteko aukera dira», dio Lanpreabek. Lurrinez gainera, kolorez blai dago lorategi mediterraneoa; tonu berdexkak tartekatzen dira, izpilikuen eta kamamila loreen artean. Zuhaitzak ere ikus daitezke, bisitaria lorategiko bidetik gidatzen duten dorre garaiak dira altzifreak, ezkiak eta eukaliptoak. Bisitariak sudur hobien bitartez antzeman eta gozatuko du gune horrek eskaintzen duen lurrin sorta aberatsa. Eta begiak zabalduz gero, Mediterraneoko kolore gama beroak zirrara sorraraziko dio.
Dastamena.
Iruñeko jatetxeekin batBaratzeaz gain, dastamena presente dago duela hilabete gutxi abian jarri zuten Biochef proiektuan. Gastronomia eta lorezaintza uztartzen ditu egitasmo berritzaile horrek. Varazdin fundazioak kudeaturiko gunea da. Horren bidez, Iruñeko hamar jatetxe eta tabernak beren lorategi jangarria muntatu dute parkean. Hartara, jatetxeek euren burua ezagutarazteko aukera dute, horien inguruko informazioa eskuragarri jarriz. Halaber, konpromisoa hartzen dute baratzezaintza ekologikoarekin. Energia gastua murriztea eta herritarrak lan munduan txertatzea ere helburu ditu proiektu horrek. Baratzeon diseinuak ere berebiziko garrantzia du. Izan ere, lehiaketa bat egiten dute denetan ederrenak diren hirurak hautatzeko. Dena den, Europako Batasuneko kalitate ziurtagiriak betetzen dituztela bermatzen da, CEPAren bidez. Gisa horretako egitasmoei esker, herritarrak eta tokian tokiko establezimenduek bat egiten dute, produktuen kalitateari eta ingurumenari mesede eginez.
Ukimena.
Leuntasuna eta laztasuna kideLorategi frantsesa gailentzen da ukimenaren gunean. Versaillesko lorategietan egon den edonork antza hartuko die hango zuhaitz eta zuhaixken itxurari, bai eta lorategia egituratzeko estiloari ere; dena dago primeran kimatuta, zuhaitzak eta zuhaixkak gailentzen dira, eta egitura sinple eta laukituak dira nagusi. Urkia eta eukaliptoaren azalak papera bezain leunak dira, ukitzeko atseginak oso. Udan, azala berritzen dute, gainera. Antolatzen dituzten bisita gidatuetan, urkiaren eta eukaliptoaren azal leunak arantzadun zuhaixken laztasunarekin alderatzeko eskatzen diete bisitariei. Haurrek sarritan egiten dute oihu, zuhaixketako arantzek zizt egiten dietenean. Oro har, lorategiaren zati hau da denetan serioena, laukituena eta lauena, lorezainek ez baitute formekin horrenbeste jolasten. Dena da zuzena eta simetrikoa; halere, dotoretasuna ez zaio falta. Denetan apalena da, kolore leunak eta forma arruntak baititu. Halere, eskuekin sentitu behar da, eta ez begiekin.
Entzumena.
Begiak itxi, hiritik iheseanParkeko azken geltokia. Begiak itxi, eta belarriak zabaltzeko tartea heldu da, errekatxoaren eta txorien doinuak aditu ahal izateko. Urarekin jolas egiten dute lorategi japoniarrean; ur-jauziaren eztanda ozenak errekatxoen doinuarekin tupust egiten du eta. Hiritik urrun, basoan barrena dagoela senti dezake bisitariak. Helburu bikoitza du azken gune honek: kontzentratu eta ahal adina soinu antzemanez, naturarekin bat egitea eta erlaxatzea. Lorezaintza japoniarreko landareak dira nagusi: banbua, nartzisoak eta irisak neguan, eta kalak eta agapanthusak udan. Astigar nano japoniarrak ere badaude, tonu eta tamaina ezberdinetakoak. Forma eta bolumenekin egiten dute jolas. Belardirik gabeko gunea da, lantaldearen filosofiaren adierazgarri: aurrekontu txikiarekin ere lorategi polit eta anitza lor daitekeela erakutsi nahi dute. Izan ere, belardia hamaika bider moztu behar dute urtean; zuhaixkak, berriz, behin baino ez dituzte kimatzen. Denetan lasaiena da azkeneko txokoa.