Bilboko Ingeniaritza Eskolako energia irakaslea

Raquel Idoeta: «Zenbat eduki erradioaktibo dagoen jakiteak arriskua zehazten laguntzen digu»

Erradiazioarekin lotu diren mito batuk apurtu nahi ditu Idoetak, ingurumena babesteaz gain: «Gizakiak sortutako erradioaktibitate artifiziala oso presente dago, baina Lurra sortu zenetik egon da erradioaktibitatea».

Raquel Idoeta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Energia irakaslea, Bilbon, astelehenean. Andoni Canellada/FOKU
Raquel Idoeta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Energia irakaslea, Bilbon, astelehenean. Andoni Canellada/FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko apirilaren 11
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Erradioaktibitatea kontrolatzeko zer pauso eman behar diren zehaztu du Raquel Idoeta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoaren saileko irakasle eta EHUko Segurtasun Nuklear eta Erradiologikoko (SEGNUC) taldeko kideak (Bilbo, 1965). Bilboko Bidebarrieta kulturgunean, Bidebarrieta Zientifikoa 2025hitzaldi zikloaren barruan, Idoetak Ingurumen-erradioaktibitatea zaintzen hitzaldia eman zuen asteazkenean. Bertan, erradioaktibitatearekiko esposizioa kontrolatu eta minimizatzeko jarraibide batzuk aipatu zituen, eta erradioaktibitateak naturan duen eragina ere azaldu zuen.

Fisika ikasi zenuen berez. Zergatik erabaki zenuen gero ingeniaritza energetikoa ikastea?

Batez ere arlo nuklearra interesatzen zitzaidalako. Unibertsitatean nengoenean ez nuen gaia asko landu, eta horretan sakondu nahi nuen. Fisikaria naizenez, dena azaldu ahal izatea interesatzen zait, eta horregatik gustatzen zitzaidan mekanika kuantikoa. Batez ere, mekanika kuantikoaren funtzionamenduaren muina ez delako batere klasikoa; baina gauza batzuk ezin dira azaldu fisika kuantikoarekin ez bada. Gustatzen zitzaidan hori ikastea. Gero, energia nuklearrarekin topo egin nuen.

Noiz topo egin zenuen erradioaktibitatearekin?

Hasieratik erradioaktibitatearekin lotutako gaietan murgildu nintzen, baina hori gehiago ikertu nahi nuen; gehiago sakondu. Beti ari naiz gauza berriak ikasten: horregatik maite dut unibertsitateko bizitza; irakaslea naiz, baina, aldi berean ikerlaria naizenez, etengabe ikasten dut.

Erradioaktibitatea aztertu duzu, beraz?

Bai. Zaintza erradiologikoa elementu erradioaktiboen presentzia detektatzean datza; nire kasuan, ingurumenean duten eragina antzematea. Erradiazioa zergatik dagoen jakiten saiatu behar dugu, eta populazioarentzako arrisku erradiologikoa kalkulatzen saiatu. Zenbat eduki erradioaktibo dagoen jakiteak arriskua zehazteko aukera ematen dizu.

Gizakiak artifizialki sortu duen erradiazioa da bereziki ezaguna. Hala ere, jatorri naturala duen erradiazioa ere badago?

Bai. Gizakiak sortutako erradioaktibitate artifiziala oso presente dago, baina Lurra sortu zenetik egon da erradioaktibitatea. Baina jatorri naturaleko erradioaktibitate hori, mendeek aurrera egin ahala, gutxituz joan da. Lurraren energia geotermikoaren zati handi bat gure planetako energia erradioaktibo naturalagatik dator; eduki erradioaktiboa planetaren bilakaeraren parte da. Eguzkitik iristen zaigun berotze horren zati bat izarrak botatzen duen erradiaziotik dator. 

Jatorri naturaleko erradioaktibitatea gutxituz joan dela esan duzu. Gizakiaren eragina?

Bai. Ez da gizakiaren inpaktuaren ondorioz bakarrik gertatu, baina gizakiak ere eragina izan du. Gizakia erradioaktibitate artifiziala sortzen edo erradiazio naturala zegoen eremuak aldatzen hasi zenetik erradiazio naturalaren kantitatea murriztu dela ikusi da.

Zer gertatuko litzateke jatorri naturaleko erradioaktibitatea desagertuko balitz?

Ez dakigu. Erradiazio naturala zenbait isotopo erradioaktibok osatzen dute. Lurra sortu zenean askoz gehiago zeudela uste da, eta gaur egun gutxi geratzen dira. Eguzkitik eta izarretatik iristen zaigun erradiazioak talka egiten du atmosferarekin, eta erreakzio nuklearrek karbono 14 ospetsua sortzen dute, besteak beste. Gero, lurrean dauden isotopo erradioaktiboek bizitza oso luzeak dituzte lurreko besteekin alderatuta, milaka milioi urtekoak. Beraz, oraindik ere milaka eta milioika urtez egongo dira.

Erradioaktibitateaz hitz egiterakoan, artifizialki eratutakoaz aritzen da normalean. Zergatik?

Funtsean ezjakintasuna dela uste dut. Eskolak ematen ditudanean, ikasleak asko harritzen dira jatorri naturaleko erradioaktibitatea dagoela jakitean. Aurreiritzi asko daude, eta erradioaktibitatean pentsatzen denean zentral nuklearrei lotutako fenomenotzat hartzen da soilik; bakarrik negatiboa edo kaltegarria izan daitekeen zerbait gisa hartzen da. Jakina, zentral nuklearretan erradioaktibitatea dago, eta eragin negatiboa izan du ingurunean, baina fenomeno naturala ere bada, eta beste erabilera batzuk ere baditu.

Zeintzuk dira beste erabilera horiek?

Erabilera industrialak ditu, eta tratamendu medikoetan aplikatzen da, adibidez. Denok ezagutzen ditugu erradioaktibitatea erabiltzen duten mamografiak eta erradioterapiak. Kasu horretan, onuragarria da.

Zeintzuk dira erradiazioaren muga seguruak?

Zaintza erradiologikoen barruan, osasun babesak dio urtean milisievert baten balioa dela biztanleriak har dezakeen handiena. Sare batzuek hori betetzen dela zaintzen dute.

Zertan datza zaintza erradiologikoa?

Gure laborategian zaintza erradiologikoa egiten dugu, baina elementu erradioaktibo jakinei lotuta. Hainbat elementutan dagoen eduki erradioaktiboa aztertzen dugu. Elementu bakoitzak gainditu ezin diren muga batzuk ditu, eta alerta sare batzuek dosi tasa hori zaintzen dute ingurunean. Beste batzuek, berriz, sentikortasun handiagoa dute eduki erradiologiko espezifikoa zaintzeko. Metodo horiei esker, nonbait erradiazio tasa hori handituz gero, nondik datorren jakin daiteke, eta elementu erradioaktibo horien kausak identifikatzeko lagungarria ere bada.

Zer tresneria erabiltzen duzue jarraipen hori egiteko?

Prestaketa kimikorako laborategi bat dugu, ura, zoruak, esnea eta arrautzak aztertzeko. Elementu horiek modu egokian prestatzen ditugu haien erradioaktibitatea neurtzeko. Elementu erradioaktiboak identifikatzeko, zenbait detektagailu erabiltzen ditugu.

Arrautzetan erradiazioa egon daiteke?

Ez beti. Gizakia edo ingurumena erradiazioaren eraginpean geratzea eragin dezaketen elementu guztiak zaindu behar dituzu. Ez du esan nahi adierazleak direnik, baina erradioaktibitatea izan dezaketen eta jaten ditugun elementu guztiei begiratzen diegu. Arrautzak erradiazioa badu, belarra kutsatu delako izango da, ziurrenik hodei erradioaktibo batetik erori delako. Erradiazioak egin duen bide guztiari jarraitu behar diogu arrautzara iritsi arte.

Erradiazioa dagoenean, zer egin behar da? 

Segurtasun nuklearreko kontseiluari ohartarazi behar zaio berehala, beharrezko neurriak har ditzan.

Behin kutsatuta, zergatik da hain zaila erradiazioa desagerraraztea?

Txernobylgo (Ukraina) zentral nuklearraren hondamena leherketa bat izan zen, eta eremu handi bati eragin dio. Eremu handi horretan, erradioaktibitateak eurian eta airean jarraitzen du; pixkanaka-pixkanaka, airean dagoena bota egiten da, eta, botatzen denean, lurrera pasatzen da, eta, euriarekin, gehiago sartzen da lurrean. Txernobyl bezalako eremu bat, oso hedadura handiko eremua zena, erabat kutsatuta geratu zen, eta, denborarekin, erradiazio hori gehiago sartu da lurrean. Milioika tona lur eraman beharko genituzke erradiazio hori kentzeko.

Tenperaturak ere eragiten du erradiazioaren bidean?

Bai, baita eguraldiak ere. Lurrak eguzkiarekiko duen posizioaren arabera, eta eguzkiaren jardueraren arabera, eduki erradioaktibo gehiago edo gutxiago dago. Beroa egiten duenean, ohikoagoa da lurreko erradiazioa ateratzea; euriak, berriz, atmosferan dagoen eduki erradioaktiboa beherantz mugitzen du. Dinamika horiek aztertzen saiatzen gara, eredu hobeak lortzeko asmoz, eta istripuren bat egotekotan azkar erreakzionatzeko. 

Erradiazioa edonon dago, beraz?

Bai, erradiazioz inguratuta gaude. Planetako eremu batzuek besteek baino eduki erradioaktibo handiagoa dute. EAEk, adibidez, eduki erradioaktibo oso txikia du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.