Zenbat buru, hainbat Zakilixut

Zakilixut pertsonaiaren 60 marrazki baino gehiago zabaldu dituzte sarean askotariko marrazkilariek Joseba Larratxe komikigileak botatako erronkari jarraikiz. Nork bere erara marraztu du BERRIAko azken orriko pertsonaia. Erronka Antton Olariagari egindako bat-bateko omenaldi bihurtu da.

BERRIA.
Iker Tubia.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun

Bat-batean izan da; ezustean. Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariak erronka bota, eta jarraian erantzun uholdea jaso zuen astelehenean. Zakilixuten irudi bat jarri zuen Twitterren, eta mezu bat: «Marraztu hau zure estiloan». Jarraian, Euskal Herriko marrazkilari eta irudigile anitzek heldu zioten erronkari, pertsonaia mitikoa bere egin, eta haien bertsioa sareratuz. Larratxek ezustean hartu zuen erantzuna: 60 irudi baino gehiago jaso zituen. Antton Olariaga Zakilixuten egileak ere ezustean hartu zuen horren berri, atzo goizean, posta elektroniko bidez. «Niretzat ezustekoa izan da», kontatu du. «Poza ematen dizu pertsonaia bat beste belaunaldi batean ezagutzen dutela ikusteak».

Ikusi gehiago: egindako marrazkien bilduma

Larratxek ez zuen espero halako erantzunik: «Euskal komikiari gorazarre egiteko saioa Antton Olariagaren aldeko omenaldi bat bihurtu da azkenean, jendeak bat-batean egin diona», esan du. Emaitzarekin kontent da erronkaren bultzatzailea, igande gauean lokartu aurretik sortutako «burutazioa» omenaldi zabal bihurtuta: «Nik uste dut aktiboki eskertu behar diogula Anttoni egindako lan guztia, eta balioa eman haren sorkuntzari». Larratxek ez zuen zalantzarik egin: Zakilixutekin abiatu behar zen erronka; haren aburuz, euskal komikigintzako «pertsonaiarik garrantzitsuena».

Ohikoak izaten dira horren antzeko erronkak. Larratxek azaldu duenez, badira haien pertsonaiarik maiteenak bere egin eta bertsioak sareratzen dituzten marrazkilariak. Badira, halaber, «ikusgarritasuna lortzeko» asmoz beren pertsonaien bertsioak egiteko erronka botatzen dietenak gainerakoei. Jendeak beraien pertsonaia errepikatuz, haren irudia zabaltzea lortzen dute horrela. «Bi gauzak batu ditut, eta euskalduntasuna gehitu. Ariketa honekin, euskal komikia jendearen artean gehiago zabaldu, eta merezi duen tokian jarri nahi nuen».

Askotariko jendeak parte hartu du, gainera: profesionalek eta zaleek; izen ezagunek eta ezagunak ez direnek. Erantzuna ikusita, erronka gehiago zabalduko dituela jakinarazi du Larratxek. Seguruenik, heldu den astelehenean botako du bigarrena, astean behineko maiztasuna egokia delakoan, eta euskarazko komikietako beste pertsonaia mitiko bat proposatuko du: «Seguruenik, Gabai».

Zakilixut eskuz esku

Larratxek botatako erronkari heldu zioten, besteak beste, Ainara Azpiazu Axpi-k eta Irati Merino IratINK irudigileek. «Oso era naturalean» atera zitzaion Merinori: «Marrazten nenbilen beste lan batzuk nituelako, eta aitzakia perfektua izan zen eten bat egiteko eta dibertitzeko». Ez zen lan zaila izan berarentzat. «Ez nuen gehiegi moldatu, irudiari nahiko fidela egin nuen, eta gero nire gauzak: arkatzaren askatasuna eta ehundura batzuk. Ez nuen gehiegi pentsatu, jolas bat zen». Ez zaio arrotza besteen irudiak berera eramatea. «Irakurtzen ditudan komiki guztien azalak marrazten ditut koaderno batean, omenalditxo gisa eta haien teknikak probatzeko»

Azpiazu denborarik gabe zebilen, eta pena zuen parte hartzerik ez zuelako izanen. «Azkenean, egunak aurrera egin ahala, ezin izan nion eutsi; ikusi nuen jendeak zer gauza politak egin zituen, eta nik ere nirea egin nahi izan nuen». Ez zuen askorik sakondu, berehala egin zuen irudia. «Askotan, horrela ikasten dugu: gustatzen zaizkigun pertsonaiak imitatuz eta. Garai horiek utzi genituen, eta, berriz ariketa hori egitea polita izan da». Norberak bere ikuspegitik berrikusi behar zuenez, generoa aldatu zion Azpiazuk Zakilixuti. Baita izena ere: Klitorixut.

Interneten Zakilixuten irudi bat bestearen atzetik kargatzen zen bitartean, Antton Olariagak ez zuen gertatzen ari zenaren arrastorik ere. Bera ez dabil sare sozialetan, eta biharamunean jaso zituen irudiak ordenagailuan. «Estimatzen dut denbora galdu dutela edo irabazi hori egiten», esan du Zakilixuten egileak. «Hain gara pasiboak irudien aldetik, hartzen dugula botatzen digutena, baina geroz eta gutxiago ikusten dut kapazitatea guk geuk sortzeko zerbait, nahiz eta kopia izan, eta ez kalkoa. Orduan, poza ematen du. Sormen ariketa bat da».

Irudi guztiak ikusi gaberik erantzun dizkio galderei, eta onartu du denetarik dagoela: batzuk gehiago gustatu zaizkiola, eta beste batzuk gutxiago. Hala ere, egin du balorazio orokor bat: «Iruditu zait grafikoki nahiko kontserbadoreak izan direla; ausartagoak espero nituen, iraultza handiagoa espero nuen». Eta horren atzean egon daitekeen arrazoiari buruz ere pentsatu du: «Uste dut horren itzulpena izan daitekeela errespetua geriatrikoari, edo halako zerbait. Bueno, ados, onartzen da. Irudi hori ematen du ispiluak».

Nolanahi ere, poztu dela aitortu du, eta ez dela inolaz ere deseroso sentitu. «Zuk egindako zerbaiten inguruan besteak lanean jarri dira. Disfrutatzeko balio badu, niretzat zoragarri». Hori bai, berak esandakoak %50 baizik ez direla ere ohartarazi du. Zakilixut aspaldiko pertsonaia duela esatean, zuzenketa egin du: «Zakilixutek pertsonaia nau». Eta, hain zuzen, haren iritzia falta dela: «Ez dakigu, eta nik ere ez, berak nola erreakzionatuko duen hau ikusita. Horren faltan geratzen gara».

Zakilixut 1977. urtean agertu zen lehenbiziko aldiz Egin egunkarian. 1990. urtean Euskaldunon Egunkaria-n argitaratzen hasi ziren haren zintak, eta, 2003az geroztik BERRIA egunkarian kaleratzen dira. Azken orrian marrazten du egunero Olariagak Zakilixuten zinta, eta, esan duenez, kontent da paperean argitaratzeko aukera duelako.

Larratxek balio handia eman dio Olariagak egiten duen lanari: «Euskal komikiaren giltzarria izan da. Olariagarengatik ez balitz, nik segur aski ez nituzke komikiak euskaraz egingo. Ereduak oso garrantzitsuak dira, eta nire belaunaldiarentzat Olariaga, Asisko, Mattin eta Zaldieroa ereduak izan dira guk ere komikiak euskaraz egin genitzakeela ulertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.