Artista

Kattalin Usoz: «Zementuarekin hamaika formatako piezak egin daitezke»

Porlanezko potoak, lanparak, mesanotxeak eta totemak egiten ditu Usozek. Dodekaedro forma duten dozenaka pieza egin ditu, eta orain lauza batzuk egiten dabil. 'Banoa' da bere markaren izena.

Kattalin Usoz artista, bere tailerrean, Donostian. JON URBE / FOKU
Kattalin Usoz artista, bere tailerrean, Donostian. JON URBE / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko urriaren 10a
05:00
Entzun

Kattalin Usozek (Donostia, 1985) ustekabean deskubritu zuen zementua, eta saiatuz eta erratuz, formula magikoa aurkitu du. Artistaren tailerra zementuz egindako potoz beteta dago, baina loreak edo lapitzak jartzeko pitxerrez gain, lanparak, aulkiak, mesanotxeak, totemak eta hizkiak ere topatu daitezke. Banoa hormigoi galeria da haren markaren izena.

Nola iritsi zen zementua zure bizitzara? Edo nola iritsi zinen zu zementura?

Bat-batean. Aldizkarietan zeramikazko piezen artean zementuzkoak agertzen hasi ziren. Mikrozementuaren garaia zen. Laberik ez nuenez, zementuarekin saiatzea pentsatu nuen. Pieza geometrikoak egiten hasi nintzen. Sare sozialetan ere erruz ikusten ziren, baina hemen inguruan ez zegoen inor. Hasiera ez zen erraza izan, baina konkistatu egin nau. Jada 9 urte pasatu dira. 

Aitaren ganbaran hasi zen dena.

Bai. Arte Ederrak ikasi nituen, eta eskuekin sortzea behar bat zen niretzat. Beirarekin hasi nintzen, eta gero zementuarekin. Aitak hura ikusi zuenean! Zertan ari nintzen galdetu zidan, baina orain berak ditu pieza gehien. Zementuak emaitza azkarrak ematen ditu. Pieza batean pentsatu, eta biharamunean egina zegoen... 

Saiatuz eta erratuz ikasi duzu.

Hasieran erabiltzen nuen zementua txarra zen, zementu azkarra; pitzatu eta puskatu egiten zen. Zementu hobeagoa aurkitu nuen, eta nahasketa perfekzionatu nuen. Azkenean, osagaien proportzioan dago gakoa.

Coca-colaren formula sekretua bezala?

[Barrez] Zementua urarekin eta hondarrarekin edo harriarekin nahastu behar da, bestela arrakalatu egiten da. Hondarrak edo harriak sendotasuna ematen diote. Berez, bizirik dago, egurra bezala, eta porotsua da. Gogorra dela ematen du, baina leuna da. Bere sinpletasunean ederra iruditzen zait, sotila eta elegantea. 

Zirrikituak, hala ere, ederrak izan daitezke...

Inperfekzioa ederra dela ikasi dut zementuarekin, eta neure buruarekin horren zorrotza ez izaten. Hasieran bota egiten nituen puskatzen ziren piezak, baina teknika japoniar bat deskubritu nuen: Kintsugi. Teknika horren berri izan nuenean, liluratuta geratu nintzen. Urre hautsarekin betetzen dira hausturak. Ederra da. 

Bizitzaren metafora bat ematen du...

Hala da. Zauriak bezalakoak dira zirrikituak. Oso sinbolikoa da. 

KATTALIN USOZ ARTISAUAREN TAILERRA
Kattalin Usozen tailerrean ikus daitezkeen pieza batzuk. JON URBE / FOKU
Autodidakta izan zara.

Bai, baina alboan lagun minak izan ditut, eta asko lagundu naute. Asko ikasi dut beraiekin, eta beraiek ere ikasi dute nirekin. Sinbiosi polit bat sortu da. Beraiek oso trebeak dira egurrarekin, moldeak egiten eta...

Nolakoa da prozesua?

Ni oso analogikoa naiz. Ez dut marrazkirik egiten, buruan dudana segituan moldera eramaten dut. Negatiboan pentsatzen dut, eta, behin moldea eginda, egurrez, eskuz, irabiagailua erabiltzen dut nahasketa egiteko. Egun batez egon behar du zementuak moldean. Ateratzeko unea magikoa da. Gero 28 egun behar dira zementua erabat lehortzeko. Lixatu, txartatu eta, azkenik, argizaria ematen diot.

Zementu guztia ez da grisa.

Pigmentuak daude, hautsetan. Ez dira oso ugariak baina badaude beltzak, urdinak, gorriak, horiak, berdeak... Eta zuria ere badago.

Pieza geometrikoak egiten dituzu bereziki.

Zementuarekin hamaika formatako piezak egin daitezke; amaigabeak. Dodekaedroek arrakasta handia daukate; solido platonikoak dira, aurpegi erregular berdinak dituzten poliedroak, pentagonoak, triangeluak... Txikiak izaten dira, baina behin dodekaedro erraldoi bat ere egin nuen. 150 kilo pisatzen du. Hormigoi makina erabili behar izan nuen nahasketa egiteko.

Zein da zure piezarik kuttunena?

Brazil izeneko loreontzia. Barrugina da. Testurekin jolasten nabil, eta pieza horrek estuarazi ninduen. Erronka bat izan zen. Ni oso sinplea naiz, eta egiten ditudan gauzak ere sinpleak izaten dira. Pieza horrekin konplikatu egin nintzen, baina emaitza gustatu zait.

Izena izanarekin bat dator.

Bai. Banoa. Nire ahizpak egindako zerrenda batean zegoen, eta, ikusi nuenean esan nuen: «Hau da! Nire izaerarekin bat datorren hitza da». Nire erritmora noa. Erritmo azkarrak ez datoz bat nirekin.

Zertan ari zara orain?

Edertasunaren atzetik, beti bezala. Etxe baterako lauzak egiten ari naiz. Miarritzen [Lapurdi] bizi den pertsona batentzat dira. Aurretik lorategi japoniar baterako piezak egin nizkion, berdeak, biribilak, eta orain lauzak eskatu dizkit. Enkarguak ere jasotzen ditut, eta asko gustatzen zait jendea tailerrera etortzea. Webgunean ere saltzen ditut piezak, online, baina ederra da bezeroak hona etortzen direnean. Nire espazioan ikusten naute, eta dena azaltzen diet. Showroom-ak egin izan ditut. Azoketara joateari utzi nion, nire bizkarraren hobe beharrez.

LOTSABAKO

Objektu bat?
Potoak.

Eraikin bat?
Londresko National Theatre. Zementuzko eraikinen ibilbidea egin nuen. Le Corbusierren obrak ere oso gustuko ditut.

Leku bat?
Uliako baleen behatokia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.