Telebista

Zein marrazki bizidun dituzu gogoan?

Akira Toriyama 'Dragoi bola'-ren sortzailearen heriotzak telebista aurrean igarotako orduak oroitzeko balio izango zion bati baino gehiagori. Zein marrazki bizidun dituzte gogoan euskaldunek?

Son Goku, 'Dragoi Bola'-n.
Son Goku, 'Dragoi Bola'-n.
Julen Otaegi Leonet.
2024ko martxoaren 11
12:30
Entzun

Zegokion egunean, zegokion orduan, telebistaren aurrean: «Goazen lagunok amets betean/ dragoiaren bola bila batera/ Orain badakit nongo zuloan/ dagoen altxorrik ederrena». Makina bat ordu igaroko zuen batek baino gehiagok Dragoi bola ikusten, eta atsekabetuta izan, joan den astean, Akira Toriyama telesail horren sortzailearen heriotzaren berri. Urruti samar geratzen diren oroitzapenak astindu ditu horrek.

Hori dela eta, BERRIAk jakin asmo du bere irakurleek zein marrazki bizidun gogoratzen dituzten, eta sare sozialetan bota du galdera —BERRIAlagunek albiste honen iruzkinetan ere erantzun dezakete—. 1980ko hamarkadan ETB1 ikusten zuena oroituko da Aralez, Harlock kapitainaz... «Ez dakizula nor den Dotakon?», esango dio Martin Mistery ikusten hazi zen gazteari, eta azken horrek galdetu: «Eta zuk ezagutzen al duzu, ba, andereño Kizkurne?». Belaunaldiak belaunaldi, euskarazko telesailek iruditeria oso bat eraiki dute horiek ikusi zituztenengan —edo, hobe esanda, horiek telebistan ikusteko aukera izan zutenengan—.

Izan Ane, Elene eta Tereseren bihurrikeriak, Sin Chanek jasotzen zituen kaskarrekoak, Doremiren Magia-n zapo bihurtu zen Majorika sorgina, Lazkao Txikiren bertsoak, Luffyren One Piece altxorra aurkitzeko grina, Hartz Txikiren kuadrilla, Berebiziko Espioiak eta hirukotearen tramankuluak, edo Sakura, kartak zakura-ko abenturak —ederra da hitz jokoa—, atzera begira jarri besterik ez da egin behar bat-batean esateko: «Nola deitzen zen komikiarekin bainugelan agertzen zen neskatoa? A, bai, Nonochan! Eta mailuarekin zebilen dinosauroa?». Beste batek: «Muka Muka!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.